Oso toki baketsua denez lasaitasuna ziurtatuta
daukagu. Hurbilketa apur bat astuna da.
Hartxingadia igotzerakoan, harrietatik igotzen
bagara, nahiko igoera neketsua da, hobeto da basotik igotzea.
Iristeko: Lannemezanetik D929 errepideari jarraituz Aure bailara igo Sant-Lary
aldera. Sarrancolin herria zeharkatu eta bere irteeran, justu herritik irten
baino lehen, eskuinera hartu Route de Soule deritzon asfaltatutako bidea (etxe
baten horman karteltxo dago bidea adierazten). Errepidetik, nahiko malda
gogorretatik, 2,8 km igo asfaltoa amaitzen den zelaigune batetaraino. Bertan
kotxea utzi behar da.
Hurbiltzeko:
Hormara eramango gaituen bidea aurkitzeko aukera desberdinak
daude (ikus marrazkia).
Lehena eta erosoena zelaigunearen eskuinetik
jaiotzen den pista hartzea da. Pista hori 50 metro inguru jarraitu ondoren, ezkerrean bidezidor bat
irteten da. Hasieran pista txiki bat dirudi, baina berehala bidezidor batean
bihurtzen da. Bidea hasi eta berehala zuhaitz pare bat erorita daude eta oztopo
egiten dute. Lehenengo 100 metroak landarediak hartuta daude, baina lasai, gero
bidea garbitu eta oso erosoa da.
Bigarren
aukera ezkerreko pista hartu eta gure eskuinean pista bat aurkitu arte
jarraitzea da. Pista honek “Les Chourettes” izeneko borda batera darama.
Bordaren atzean bidetxo bat dago eta bide honek aurreko paragrafoan
deskribaturiko bidezidorrera eramaten gaitu.
Hirugarren eta azken aukera ezkerreko pista
baserri batzuetaraino jarraitzea da. Bertan, igoera motz batean, bidezidor
nagusian utziko gaituen bidetxo bat aurkituko dugu.
Edozein aukera hartuta ere, bidezidor nagusian
gaudelarik, eta behin baserriak gainditu ditugunean, iturri bat aurkituko dugu
bide ertzean (urez hornitzeko aukera ederra). Apur bat aurrerago, gure
ezkerrean, borda baten hondakinak ikusiko ditugu. Bideari jarraituz aurrerago,
hau ere ezkerrean, egoera hobeago batean dagoen beste borda bat aurkituko dugu.
Justu borda horren aurrean harrizko mugarri bat aurkituko dugu. Hormara
igotzeko bidea azaltzen du. Hartxindegira iristerakoan bi aukera ditugu. Bata
bertatik jarraitzea (oso neketsua) eta bestea ezkerreko basora irtetea da.
Bigarren aukera honetan ez dago bidezidorrik, baina basoa garbia da eta modu oso
eroso batean igo daiteke.
Hormara
ailegatzerakoan bere erdian kanal nabari bat duen anfiteatro moduko
batetara iritsiko gara.
Bidearen hasiera nabaria da. Ezkerreko aldean,
plaka akanalatu batean, lehenengo spita ikusten da.
Nahiz eta landaredia ia une oro lagun izan,
eskalada eder bati lekua uzten dio. Azken luzeko irteeran dagoen plaka,
zoragarria. Zati hori egiteagatik soilik merezi du hona igotzea. Bidea
landarez jantzia egonik altuera edo “patio”
sentsazioa ez oso handia. Hori dela eta, agian, bidea hau egokia izan daiteke
semiekipatutako bide bat lehen aldiz egiteko.
L1 (35 m, 2 aseguru, 5c): Lehenengo spita lurretik 4 metro ingurura.
Akanalatutako plaka bertikala. Pasagune gogorra (5c), baina bere ezkerrean
dauden grada batzuetatik igota pasagune hori ekidin daiteke. Plaka gainditu eta
gero ezkerrera pasa eta diedrotxo baten ezkerrean dagoen plaka batetatik igo
behar da. Ondoren, bilguneraino, euste-leku ugari dituzten plaketatik igo behar
da. Lehen luze honek euste-leku eta “buzoi” ugari ditu. Beraz, friend eta
fisureroekin edota arroka-zubiren batekin autobabesteko aukerak ugariak dira.
Bilgune erosoa katez elkartutako bi spit eta mailoi batez osatua. Rapelatzeko
prestatua
L2 (25 m, 2 aseguru, 4b): Bilgunetik ezkerrera dagoen eta belarra duen
kanal batetik 10 metro inguru igo (erraza) plaka trinko baten oinarrira iritsi
arte. Bertan aseguruak ikusiko ditugu. Plaka trinko motza euste-leku onekin.
L3 (30 m, 4 aseguru, 5c): Bilgunearen gainean ikusten den parabolt lerroa
ez jarraitu (6a+ mailako luzea da). Bilgunetik horizontalean ezkerrera 5 metro
inguru egin behar dira, harri handi batean gainean ipini arte. Hemendik zuzen horma bertikal bat
igo behar da. Luzeko pasagune gogorra hemen dago. Guk bustia aurkitu genuen
aurreko egunetan eginiko euriagatik. Zati hau gainditu ondoren, bideak
ezkerrera jotzen du plaka etzan batetik zehar. Azken aseguruan norabidez aldatu
eta eskuinera egin behar da, gure eskuinean geratzen den erlaitz batera
igotzeko (atzean diedro nabari bat du). Bilgunea kate gabeko 2 spitez osatua dago,
baina erraz sendotu daiteke arroka-zubi batekin.
L4 (40 m, 5 aseguru, 4c): Ezkerretik irten, ur-tantez osatutako plaka
batetik. Eskuinean, justu bilgunearen gainean, soilik ukitzearekin erori egingo
dela dirudien bloke handi bat dago. Kontuz, ez tira bloke horretatik. Luzeak
plakatik jarraitzen du diedro batean sartu arte. Bertatik metro batzuk egin eta
gero, diedroa utzi eta ezkerrera egin behar da. Azken metroak arrokaren
kalitatea ezin hobea den plaka trinko batetik egiten dira. Plaka “buzoi” moduko
euste-lekuz beteta dago.
Jaitsiera: Azken bilgunetik, oinez, espoloitik igo atzeko basora jaisteko leku
eroso bat aurkitu arte. Basotik eta ondoren, belardi malkartsu batetik,
zirkoaren oinarrira jaitsi. Bertan bi
kanal aurkituko ditugu. Eskuinekoa hartu eta zuhaitz batetaraino jaitsi.
Jaitsieraren zati hau ez da zaila, baina arreta apur bat jarri behar da.
Zuhaitzaren eskuinean, metro batzuetara, erraz iritsi daitekeen erlaitz batean,
rapelatzeko lehenengo bilera aurkituko dugu (katez elkartutako 2 spit eta
mailoi bat). 30 metroko rapel motz batean (kontuz, metro 1 bakarrik soberan
geratzen da) bideko R1-ra iritsiko gara. Rapelak 60 metroko soka batekin egin
daitezke, baina lasaiago ibiliko gara 70 metroko batekin.
Materiala: 7 edo 8 zinta + bilgunerako materiala. Ekipamendua osatzeko friend eta
fisurero batzuk eta zinta batzuk, gehien bat lehenengo luzea osatzeko.
Arroka:
Kalitatezko kareharri trinkoa. Landarez nahiko jantzia, baina eskalatzen uzten
duena.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h30min.
Nork irekia: E.
Springinsfeld eta P. Ravier, 1988.
0 comentarios:
Publicar un comentario