© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/09/22

CHAMONIX 
Chamonixek ez du aurkezpenik behar. Helburu desberdinak dituzten mendizalez josia dago. Gehiengo batena ordea Mont Blanc da helburu nagusia. Gurea ez.
Suitzako bidean geldiunetxo bat egiten dugu Les Praz herrian Aiguilles Rougesera eskalatzera igotzeko asmoarekin. Mendizerra txiki hau osatzen duten gailurrak Mont Blanc, Mont Maudit eta Mont Blanc de Tacul mendi famatuen aurrean daude. Beraz, eskalatzeko garaian bistak ikusgarriak dira. Bistengatik soilik merezi du hona igotzea eta inguru hauetan dauden hainbat bide horietako bat egitea.
Bidera oinez igo daiteke, baina, nahiz eta garestiago izan, hobeto da teleferikoan igotzea. Igoera eta jaitsierak 24 euro balio du pertsona bakoitzeko, baina oinez igo ezkero egun osorako irteera bat izango litzatekeena, horrela egun erdiko eskalada saio eroso eta atsegin batean bihurtzen da.
Aiguille de la Gliére orratza.

Paisai Mont Blanc aldera.

Iristeko: Chamonix igaro eta, Suitzako norabidean kilometro pare bat jarraitu Les Praz herrira iritsi arte. Berehala antzematen da non dagoen teleferikoa. Parkingean aparkatu.

Hurbiltzeko: Gare de la Flégéreraino telekabina batean igotzen da. Bertan telesilla batean Gare de I´Indexera igotzen da. Aiguille de la Gliére orratza justu telesillak uzten gaituen lekuaren aurrean dago. Oinez 10 minututan bidearen hasieran gara.

Mani Puliti (5c, 350 m, derrigorrez 5b)
Paisai zoragarria. Mont Blanc beti atzean dugula eskalatzen da. Arroka ona. Zati batzuetan aseguruak urruti, ongi dator friends eta fisurero joko bana. Lehenengo teleferikoa hartuz eta arin ibilita beste bide batekin konbina daiteke.

L1 Nahi gabe saltatu egiten dugu. Orratzaren oinean elurrak oraindik irauten duenez ez dugu bidearen hasiera ongi aurkitzen eta grada batzuetatik goian ikusten den bilgune batera igotzea erabakitzen dugu. Lehenengo bilgunea suertatzen da. Bilgune erosoa 2 paraboltez hornitua.
L2 (35 m, 6 aseguru, 4c). Bide onena bilatzen joan behar den bloke eta gradez osatutako luzea. Aseguruak beraien artean apur bat urruti.
L3 (30 m, 4 aseguru, 4c). Arroka oso oneko luzea, baina lehenengo 2 aseguruak nahiko urruti. Hala, lehenengo zati honetan, auto-babeserako aukera ugari dago pitzadura pare baten laguntzari esker. Bigarren asegurutik zailtasuna jaitsi egiten da.

L3bis oinez 15 m hurrengo bilgunera hurbiltzeko. Bilgunea inklinatuta dagoen erlaitz belartsu handi batean kokatuta dago.
L4 (30 m, 6 aseguru, 5b). Zuzen igo (2 aseguru), gero ezkerrera 5 metro inguruko zeharkaldia egin, asegururik gabe baina zerbait sartzeko aukerarekin. Ondoren plaka tente bat pasagune fin pare batekin.
R3bis bilgunera ez bada igotzen, laugarren luzeko plaka zuzen ekin daiteke. Lehenengo asegurua lurretik gertu dago. Lehenengo eta bigarren aseguruen artean distantzia handia. Erortzen bazara, lurra jotzen duzu, baina pitzadura batzuk friendsak sartzeko aukera onak ematen dituzte. Hala ere, nire ustez, seguruagoa da guk egin genuen moduan.
L5 (25 m, aseguru, 3b). Kresta zatia, zabala eta erraza.
L5bis. Kresta horizontaletik 10 metro inguru igo hurrengo bilgunea aurkitu arte. Kresta bigarren zati hau aurreko luzekoa baino estuagoa da. Bilgunea iritsi baino lehenago destrepada erraz baino delikatu txiki bat dago. Luze hau aurrekoarekin elkar zitekeen, baina bikotea ikusteaz utziko genuke eta sokak asko marruskatuko luke.
L6 (35 m, 6 aseguru, 5c). Hasieran euste-leku onak dituen plaka bat. Ondoren krestaren beste aldera pasa behar da. Patio polit baten gainean dagoen plakara irteteko ezkerrera zeharkaldi bat egin behar da (lehenengoarentzat bigarrenarentzat baino hobeto babestua). Plaka-horma bertikala euste-leku oso onekin.
L6bis Azkeneko bilgunetik malda lurtsu batetik igo behar da ia eskuak erabili gabe (II, 0 aseguru). Bilgunea orratzaren puntan bloke batean (ezkerrean) edo 2 paraboltez osatutako bilgune batean (oso eskuinera).


Jaitsiera: Bidezidor batetik oinez jaitsi destrepada bateraino iritsi arte. Bertan rapelatzeko bilgune bat dago (bloke 1 + parabolt 1). 30 metroko rapel etzan batek berriro ere bidean uzten gaitu. Bost minututan telesillan gara eta beste hamarretan Gare de la Flégéreko tabernan garagardotxo bat hartzen egongo gara.
.

Materiala: 9-10 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kalitatezko gneisa. Kalitatezko arroka trinkoa.
Orientazioa: Hego-eki aldea. Eguzkiak jotzen du goiz-goizetik.
Iraupena: 2h15min.
Nork irekia: Michel Piola, 1999


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario