© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/09/19

QUEYRAS
Queyras Ecrins mendizerraren eki aldean kokatuta dago. Bertako gailur batzuk Frantzian daude eta beste batzuk, aldiz, Italian. Ecrins gertu duenez (Durance ibaiak sortzen duen bailarak bereizten ditu; ezkerrean Ecrins, eskuinean Queyras) jende askok hara jotzen du Queyrasek dituen aukera ugariak arbuiatuz.
Niri ordea atsegin handia sortu dit, benetan leku oso polita da. Gailur gehienak 3.000 metro ingurukoak dira eta Mediterraneoaren eragin klimatikoaren ondorioz udaran ez da glaziarrik ez eta elurtegirik. Queyrasen modu alpinoan eskalatu beharreko gailur eta kresta ugari dago, baina badira ere era deportiboan, oso ongi ekipatuta dauden eta maila nahiko eskuragarria  duten bide luze ugari (Sylvain Punsel eta Guillaume Vallot-en liburuan "Escalade pour tous en Queyras" informazio erabilgarri ugari dago).
Azken bilgune horietako batetik bailara aldera dauden bistak.
Iristeko: Briançon hego aldean, Lac de Serre-Ponçon goialdean, Embrun herria dago. Kilometro batzuk aurrerago, Briançon norabidean, Guillestre herria eramaten duen bidegurutzea dago. Bertan Château de Queyras herrira doan D902 errepidea hartu behar da. Herrixka hori haitzarte eder bat zeharkatu ondoren dago eta gaztelu ikusgarri bat du gailurtxo batean. Kilometro batzuk aurrerago eskuinera egin eta St-Véran aldera jo behar da. Herrira iritsi, eta zeharkatu ondoren, Clausis baselizara (Chapelle de Clausis) doan pista hartu behar da. Pistak 8 kilometro inguru ditu eta egoera onean dago.
Gauza da udaran (uztailak 1etik abuztuak 31era) pista goizeko 7tatik arratsaldeko 7tara itxita dagoela. Autobus zerbitzu bat dago, Ordesa edo Benasquen dagoen modukoa, baina gu horretaz libratu egin ginen. Guk jakin gabe, uztailak 16ean egiten den erromeria batekin topo egin genuen. Egun horretan bailarako jendea baselizara igotzen da. Meza ospatzen dute eta gero jendeak eguna inguruko soroetan pasatzen du. Hori dela eta pista kotxeentzako ireki egiten dute egun horretan. Jendetza ugari (kotxe pilo bat), baina, beno, parkinga ordaintzeaz eta autobusa hartzeaz libratu ginen.
Parkinga ordaintzea tokatzen bada, 2 euro dira egun osoa. Autobusa ez genuen erabili eta beraz, ezin dizuet ziurtatu bere prezioa, baina guri esan ziguten 8 euro inguru zebilela.

Hurbiltzeko: Baseliza atzean jaiotzen den bidea hartu eta 40 minutu irauten dituen igoera xume batek bidearen oinean uzten gaitu. Hamar minutu lehenago, lakutxo baten alboan kokaturik, Blancheko aterpea dago (leku polita jarduera egin eta gero garagardotxo bat hartzeko).

 Check mama (4c, 350 m, derrigorrez 4c)
Kalitatezko bidea. Neurrizko zailtasuna. Graduazio merkea. Giro lasaia eta bista ederrak bailara aldera. Euste-leku eta zimurdura ugari dituen arroka.
Bide hau atzerago dagoen beste batekin elkartuz (One Again, 5b, derrigorrez 4c) eskalada egun luze eta polit bat egitea lor daiteke. Bide bakarra egiten bada, ez da beharrezkoa goiz esnatzea hormaren orientazioarengatik eguzkiak ia eguerdira arte ez baitio jotzen. Aldiz, bero askorekin edo sargoriarekin, aukera egokia goiz ibiltzea eta itzalean eskalatzea izango litzateke.

 L1 (25 m, 5 aseguru, 4c). Oso ongi ekipatutako itsasgarritasun plaka oso. Bidean zuzen sartuz parabolt baten bidez aseguratutako 5c-ko pasagunea dago (lurretik hasita  lehenengo 2 metroak), baina eskuinetik saihestu daiteke. Ez du pena merezi bidean sartzeko pasagune hori ematea. Horrela hasten bada 6 aseguru. A0 moduan egiteko aukera badago.
L2 (40 m, 9 aseguru, 3c). Zelaitxo batez banatutako bi plaka. Bigarrenak euste-leku pilo bat dituen arroka zimur bat du.
L2bis oinez 80 m inguru.
L3 (40 m, 9 aseguru, 4b). Plaka bat hasieran. Ondoren lehenik ezkerrera joz eta gero eskuinera itzuliz (Z moduko bat eginez) saihestu daitekeen horma bat. Pasagune fineko, baina ongi igarotzen direnak, plaka bat bilgunera iristeko.
L4 (50 m, 10 aseguru, 4c). Sabaira iritsi baino lehenago plakatxo batzuk. Sabaia bere eskuinetik ongi igarotzen da. Justu gainean duen aseguru batek ongi babesten du pasagunea. Ondoren arroka zimurrez osatutako plaka handi bat bilgunera iritsi arte. Azken asegurutik, ia horizontalean, ezkerrera nahiko jo behar da (5-8 metro) bilgunea aurkitzeko.
L5 (40 m, 4 aseguru, 3a). Beheranzko zeharkaldi bat ezker aldera (20 m inguru) lehenengo metroetan aurkituko dugun parabolt bakarti batez babestua. Zeharkaldia gezi gorriz margotuta dago, baina pintura ia ezabatu egin da eta zaila da markak bereiztea. Azkenean eskuinetik ezker aldera igotzen den plaka etzan bat.
L6 (45 m, 7 aseguru, 4b). Ia horizontalean gure ezkerrean nabaritzen den kanalerantz jo. Bertan gaudenean aseguruak ikusten dira. Ongi babestutako plaka desberdinak jarraian.
L7 (40 m, 6 aseguru, 3c). Plaka etzana. Euste-lekuz josia.
L8 (30m, 3 aseguru, 3b). Aurrekoaren berdina, plaka etzana. Bilgune erosoa platamorfa belartsu batean.
L9 (35 m, 5 aseguru, 3c). Bilgunetik irteteko parabolt batekin oso ongi babestutako hormatxo bat. Ondoren, aurreko luzeetan bezala, plaka etzanak jarraian.

Jaitsiera: Oinez. Rocca Bianca-lo beheko laku aldera jaitsi, eskuinetik inguratu eta Col Blanchetik jaisten den bide bilatzera jo. Bidea amaitzen den gailurretik lepo hori erraz bereizten da, atzean, apur bat eskuinean, nabari baita.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan.
Arroka: Euste-leku eta zimurduraz betetako gabroa. Arroka oso itsasgarria.
Orientazioa: Hego-mendebaldea
Iraupena: 2h30min.
Nork irekia: Cherbonnier, Punsel eta Clermont.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario