© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/10/01

SUITZA - GRIMSEL 
Valais (alemanez Wallis) kantoitik sartzen gara Suitzan. Martignyko bailara zabal eta ikusgarri guztia zeharkatzen dugu eta, Brig igaro ondoren, bailararen goi ibilguan sartzen gara.Bidean "kanpamentu base" on bat izango dena aurkitzen dugu Mörel izeneko herri txiki batean. Herriaren irteeran, ibaiaren alboan, kanpina duen hotel bat dago. Hotelaren izena Tunetsch da. Kanpina txikia da, baina oso lasaia da. Guk eskalatu nahi genituen lekuetatik nahiko gertu (kotxez) dago Mörel. Leku horiek Fieschertal (20 min.) eta Grimsel (50 min.) ziren.

Horrez gain, kanpinean aurkitu genuen beste sorpresa ona afaria berandu arte ematen zutela izan zen. Kontuan izan behar da Suitzan oso goiz afaltzen dela (arratsaldeko 6:30-7:00 bitartean), baina guri 8:30etan, eta 9:00tan ere, afaltzen eman ziguten. Detaile bat beraien aldetik.
Iristeko: Grimselera joateko kanpinetik eskuin aldera egiten duen errepidea (19. zenbakia) jarraitu besterik ez da egin behar. Räterichbodensee-ko presara 50 minututan iristen da.

Hurbiltzeko: Presatik eskuinera Azalée Beach (10 min.), Donal Duck (15 min.) eta Foxie (15 min.) sektoreak daude. Foxie sektorera jaisteko, presa gurutzatu ondoren, bidezidorretik 80-100 metro egin eta poste adierazle batera iritsiko gara. Bertan behera egiten duen harriztatutako bidea jarraitu behar da. Beste bi sektoreetara joateko bidea jarraitu behar da. Ezkerrera eginez Seeplatten sektorera joaten da.
Grimseleko eskuineko sektoreak.
Roadrunner (5b, 220 m, derrigorrez 4c)
Grimsel osoko harkaitza plaka etzanez osatuta dago. Hasiera batean eskuak erabili gabe igoko dituzula dirudi, baina eskalatzen hasten zarenean gauza ez dela hain erraza ohartzen zara. Zati batzuk oso leunak dira eta itsasgarritasun eskaladara ohituta egon behar da. Nire aholkua, "pedrizeroa" ez bazara, arrokari trukutxoa hartzeko zure maila baino baxuagoa den bide batekin hastea da.

Roadrunner bidea plaka etzanetatik doa, baina sabaitxoren bat eta hormatxoren bat dituenez bere alboko bideak baino dibertigarriagoa da. Bosgarren eta seigarren luzeetan arrokak zimurdura nahiko ditu eta hirugarren eta laugarrenarekin alderatuta gehiago disfrutatzen da. Azken bi hauetan arroka leunagoa da.
Bidea egin genuenean gu bakarrik ginen, baina, ematen du nahiko jende ibiltzen dela bertan bilgune gehienak beste bat dutelako alboan. Beraz kordada bat baino gehiagok egin dezakete batera bidea.

L1 (35 m, 4 aseguru, 3a). Eskuak ia erabili gabe igotzen den plaka oso etzana. Badirudi hurrengo luzeak horrela igoko direla, baina ideia burutik kendu. Gero gauzak badu bere hori.
L2 (30 m, 4 aseguru, 3c). Plaka etzana, baina azkeneko zatian apur bat tentetzen hasten da. Jada eskuak erabiliz igo behar da. Zatitxoren batean arroka uragatik nahiko leunduta.
L3 (35 m 6 aseguru, 5b). Kanaloi batez banandutako bi plaka. Bigarren plakara sartzeko pasagunea fin-fina da. Bide osoan dagoen 5b mailako pasagune bakarra da. Pauso bat bakarrik da.  Puntu horretan plakak gilbortxo bat egiten du eta pausoa era askean emateko oinetaz asko fidatu behar zara. A0 modura era igaro daiteke aseguruaz lagunduta eta oina bertan jarrita.
L4 (35 m, 6 aseguru, 4c). Kanaltxo batez banandutako bi plaka. Lehenengoa bigarrena baino tenteagoa.
L5 (35 m, 6 aseguru, 4c). Estugune batez banandutako bi plaka. Estugunea sabaitxo baten modukoa da eta hori igaro ondoren berriro ere beste plaka  bat.
L6 (30 m, 6 aseguru, 4c). Hasieran plaka. Gero euste-leku onak dituen hormatxo bat. Amaitzeko beste plaka etzan bat.
L7 (20 m, 1 aseguru, 3c). Oso etzana den plakatxo bat. Plakaren erdian (eskuinean) dagoen paraboltak markatutako lerroari ez jarraitu.


Jaitsiera: Bidetik rapelatzen.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako material. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arrola: Granito trinkoa.
Orientazioa: Ipar-ekialdea.
Iraupena: 1h45min.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario