© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/10/15

SUITZA - PONTE BROLLA
Eguna argitzerakoan euria ari du. Trastuak jaso eta hego aldera mugitzea erabakitzen dugu. Passo Della Novena mendatetik Leventina bailarara pasatzen gara. Beti hego aldera eginez, Biasca herria igaro eta Lago Mayor lakuaren ertzean dagoen Locarno herrira jaisten gara. Hurbildu ahala eguraldiak hobera egiten du eta azkenik bilatzen ari ginen eguzki hori aurkitzen dugu. Kanpinean gauzak utzi eta kokatu ondoren, arratsaldean, Placca di Tegnan bide bat egiteko aukera dugu.Ponte Brollako inguruak nahiko turistikoak dira. Maggia bailaratik jaisten den ibaiak bainatzeko leku zoragarri ugari ditu eta Locarno inguruko jendea hona hurbiltzen dela dirudi. Guri asteburua tokatu zitzaigun eta, egia esan, jende asko zebilen inguru hauetan. Suposatzen dut eguraldiak lagundu zuela jendetza hori erakartzen, baina niri giroak mediterraneoko kostaldea gogorarazi zidan. Beraz, hona bazatozte mendiko giroa aurkitzeko asmoa kendu burutik.


 Iristeko: Kanpinetik zubira jaitsi eta eskuinera hartu behar da. Metro batzuk aurrerago, trenbidearen aurrean, 5 kotxentzako lekua duen aparkaleku txiki bat dago. Bertan utzi kotxea.

Hurbiltzeko: Trenbidea zeharkatu eta atzean dagoen pista hartu (ezker aldera). Aurrerago, 100 m ingurura, Castelliere plakara eramaten duen bidezidorra aurkituko dugu. Metro batzuk aurrerago Placca di Tegnara igoko gaituen bidezidorra jaiotzen da.
Centrale (4c, 150 m, derrigorrez 4b)
Bere izenak adierazten duen modura, Placca di Tegna gneisez osatutako plaka etzan handi bat da. Liken geruza fin baten eta hautsaren eraginez arroka kolore beltzekoa da, baina eskalatzeko garaian horrek ez du inongo enbarazurik sortzen.
Plaka bidez josita dago. Eta josita esaten dudanean, josita da. Leku batzuetan bideak metro eskas batengatik bananduta daude. Beraz, batzuetan zaila da erabakitzea zein den gure lerroa. Hainbeste daude!
Azken metroetan aurkituko dugun horma izan ezik, beste guztia itsasgarritasunezko plaka etzanak dira. Kasuren batean itsasgarritasunezko pasagune finen bat aurkituko dugu eta, horietan, derrigorrezkoa da oinetaz fidatzea. Arrokak ematen duena baino itsasgarritasun gehiago du. Lehenengo luzeak motzak dira eta, zinta espres nahiko hartuta, posible ikusten da bi luze elkartzea.
Bilgune gehienak parabolt eta zementatutako uztai handi batekin daude eratuak. Uztai handi horiek lehen astoak lotzeko erabiltzen ziren horien antza handia dute.

L1 (25 m, 5 aseguru, 4c). Itsasgarritasunezko pasagune finen bat duen plaka.
L2 (20 m, 6 aseguru, 4b). Aurrekoaren antzekoa.
L3 (20 m 6 aseguru, 4b). Aurrekoen antzekoa. Bilgune deserosoa.
L4 (35 m, 10 aseguru, 4c). Aurrekoen antzekoa. Nahi bada, luze hau bitan zati daiteke, bide erdian kimikoz osatutako bilgune bat aurkituko dugulako.
L5 (30 m, 7 aseguru, 4b). Aurrekoen antzekoa.
L6 (20 m, 5 aseguru, 4b). Bost metro inguruko horma bertikala esku eta oinentzat euste-leku ugariekin. Ondoren plaka etzan bat bilgunera iristeko.
Jaitsiera:  Bidea rapelatzeko prestatuta dago, baina hobe da oinez jaistea. Gailurretik jaiotzen den bidezidorra jarraitu behar da. Zati delikatuak ongi babestuak daude soka finkoen bidez. Hormaren oinean 10 minututan gara.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendasak eta fisureroak soberan.
L4 zatitzen bada, nahikoak lirateke 7 espres. Aldiz, luzeak elkartzen baditugu 12 edo 13 beharko ditugu.

Arroka: Gneis.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h45min.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario