© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/11/10

IL PARETONE
Arnad herrira hurbildu. Horma handiaren azpian gaudenean, gure eskuinean, jatetxe bat ikusiko dugu. Bertara sartu eta eskalatzaileentzat prestatuta dagoen aparkalekuan kotxea utzi. Jatetxearen komunak, txabola moduko batean, kanpoan daude. Justu aurrean harriztatutako bide bat jaiotzen da. Hori hartu eta 10 minutuko igoera baten ostean bidearen hasieran gaude. Pintatutako gezi handi bat eta plaka bat daude bidearen hasiera adierazten.


Lo Dzerby (5c, 445 m, derrigorrez 5a)
Bide gomendagarria. Arroka trinko oso ona eta bidea oso ongi ekipatua. Neurrizko zailtasuna. Luze zailenetan pasagune gogorrak oso puntualak dira eta oso ongi babestuak daude. Laugarren luzea zoragarria. Arroka oso zimurra duen plaka handi bat da non zailtasun handiena zein euste-leku hartzea den. Luze horrengatik soilik pena merezi du bide osoa egitea.
Beste erreferentzia batzuk gehienezko zailtasuna 5c-koa dela esaten duten bitartean (uste dut zuzena dela), bidearen oinean dagoen plaka horretan gehienez 5a eta derrigorrez 5a-ko zailtasunak adierazten ditu.
Bailararen itxura Aosta aldera.
L1 (35 m, 9 aseguru, 4c). Euste-lekuak dituen plaka bertikala hasieran. Gero apur bat etzanagoa den tarteko zati bat eta, azkenik, hormatxo bat. Azken aseguruak apur bat aldenduago ipinita daude.
L2 (35 m, 1 aseguru, 4a). Bilgunearen ezkerrean dagoen plaka oso etzanetik irten. Ia oinez igo (parabolt baten kaskilloa) eta, nahiko goian, gilbortxo bat gainditu eta ondoren, bilgunera iristeko, luze osoko aseguru bakarra duen azken diedrotxoa gainditu.
L3 (40 m, 8 aseguru, 4b). Bi plakatxo hasieran. Gero hormatxo bat euste-leku onekin. Hori gainditu ondoren ezkerretik eskuinera jotzen du bideak, plaka moduko batzuen zehar. Plataforma-terraza moduko batera irtengo gara. Bertan gezi zuri handi bat pintatuta dago bilgunea non geratzen den adierazten. Bilgunea oso eskuinera dago, sabaiaren azpian (alboan ipotx bat dauka).
L4 (50 m, 11 aseguru, 5c). Irteerako sabaia gainditzeko 4 metro inguruko horma. Euste-leku onak, baina kanpora botatzen du (lehenengo asegurua justu sabaiaren goialdean). Gero ezin konta ahala euste-leku eta erlaitz dituen plaka handi bat. Hemen zailena zein euste-leku aukeratzea da. Bideak eskuinetik ezkerrera jotzen du.
L5 (35 m, 8 aseguru, 5c). Aurreko luzearekin alderatuta zailtasuna hemen luze osoan mantentzen da. Pasagune fin duen plakatxo bat hasieran (A0 modura egiteko aukera), gero ezkerrera pasa eta bigarren plaka bati ekin. Honek ere pasagune fin bat du. Espoloi moduko batetik jarraitu eta euste-lekuak dituen azken horma bertikal bat gainditu behar da bilgunera iristeko.
L6 (40 m, 3 aseguru, 3a). Adi ez ibiliz apur bat galtzeko aukera duen luzea. Plaka eta terrazatxoetatik zuzen igo. Harkaitzean pintatutako gezi zuriei jarraitu bide onetik joateko. Bigarren aseguruan gaudela, gure gainean, haritz handi bat ikusiko dugu. Bilgunea bere eskuinean dagoen erlaitz batean dago.
L7 (35 m, 5 aseguru, 4a). Gezi zuri handi bat horman pintatuta bidea adieraziz. Euste-leku ugariko plaka oso zimurra. Oso polita. Ondoren espoloitxo belartsu bat eta, azkenik, beste plaka oso etzana, hau ere euste-leku askorekin.
L8 (40 m, 5 aseguru, 4c). Aurreko luzearen antzekoa. Euste-leku asko dituen plaka. Zailtasuna zein hartzean dago.
L9 (40 m, 6 aseguru, 3c). Plaka etzana.
Bilgunetik irten eta oinez 20 metro inguru igo haritz batzuen azpira iritsi arte. Itzala ematen dion plataforma handia. Parabot bat dago bilgunea osatzeko, baina lekua egokia da, nahi izanez gero, gorputzera aseguratzeko.
L10 (35 m, 6 aseguru, 4a). Arroka trinkoz osatutako kanal moduko bat hasieran. Laugarren aseguruan eskuinera pasa eta arroka trinkoz osatutako gradetatik bilgunera hurbildu.
L11 (35 m, 4 aseguru, 3c). Arroka trinko eta zimurrez osatutako grada eta plakak.
L12 (30 m, 4 aseguru, 3c). Aurreko luzearen antzekoa.
L13 (35 m, 5 aseguru, 3c). Aurreko luzeen antzekoa.

Jaitsiera: Azken bilgunerik eskuinera jo eta gailurrera igo (puntu geodesiko bat dago bertan). Gailurretik ongi ikusten da jaisteko bidea. Ordu laurden batean gotorlekuko tabernan garagardotxo bat hartzen egon gaitezke (gotorlekua aterpea da ere). Gotorlekutik 5c zenbakia duen bidea irteten da. Bide horrek, ordu erdi inguru irauten duen jaitsiera gogor batean, errepidean utziko gaitu. Zati delikatuetan eskailera-mailak eta kableak aurkituko ditugu. Kotxeraino, guztira, 50 minutu inguru.
Aterpe modura moldatu duten gotorlekua.
Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Gneis.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupean: 4h.
Nork ekipatua: Saniert, 2005.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario