© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2012/11/04

ITALIA - AOSTA
Suitza utzi eta Italiara pasatzen gara. Autopistaz Aosta bailarara hurbiltzen gara. Valle di Champorcher aldera hartu eta Pontboset herrira igotzen gara. Bailara hau oso lasaia da. Pontboset erdian etxeko giroa duen aterpe bat dago. Nico izeneko mutik gazte batek eramaten du bere senideen laguntzarekin eta benetan oso leku lasaia eta atsegina dela azpimarra behar da. Jaten oso ongi ematen dute eta sarreran terraza-lorategi moduko bat du. Bertan afaldu ondoren tertulia oso atseginak egiten genituen aterpeko jendearekin hidromiel izeneko likorea dastatzen genuen bitartean.  Inguru hauetan ibiltzeko asmoa baduzue, oso leku egokia da kanpamentu base modura.

Pontboseteko aterpea.
 Iristeko: Aostako bailarara Italiatik sartuz, Donnas herrian autopista utzi eta SS26 errepidetik ipar aldera hiru kilometro egin ondoren Hone herria sartu. Valle di Champorter kartelei jarraituz Pontboset herrira igo. Herriko plazan kotxea uzteko aparkaleku txiki bat dago.
Plancche di Orianara igotzeko, kotxea hartu eta errepidera irten. Herriko irteeran dagoen bidegurutzean Courtil aldera jo. Herrian sartu gabe gora jarraitu soro handi batzuk aurkitu arte. Bertan kotxea para bat aparkatzeko balio duen leku bat aurkituko dugu.
Courtileko soroak.
Hurbiltzeko: Errepidetik atzera egin eta metro batzuk jaitsi. Lehenengo bihurgune itxira iritsi baino lehen, gure ezkerrean, bidezidor bat jaiotzen da. Bidezidorrak zein bidetara eramaten duen horman margotuta adierazita dago. Basoan zehar gora eginez berehala gara bidearen hasieran (oinarrian izena pintatuta). Kotxetik, guztira, ordu laurden inguru.
Hurbiltzeko bidezidorraren hasiera.
Spigolo pendulo (5b, 195 m, derrigorrez 4c)
Oso bide estetikoa, gneis arroka berezi batekin. Espoloi eta arista moduko batzuk jarraitzen ditu.  Babaresa eta alderantzizko euste-leku ugari aurkituko ditugu bide osoan. Bidea begetazioz eta basoz inguratuta dago, baina horrek ez dio xarma kentzen. Harkaitzaren bi alboetara, 5 metro eskasera, belarrez jantzitako aldapak daude eta beraz altura sentsazioa txikia da. Bilgunetan paraboltak kate-maila handiz elkartuta daude. Bidea amaitzerakoan, gailurrera igotzen zarenean, paisaia zoragarria da. Aosta bailararen zati handi bat ikusten da eta, atzean, Monte Rosa eta Cervino mendiak.
Bidean ohikoak diren espoloi horietako bat.
Paisaia bailara aldera.
L1 (35 m, 10 aseguru, 4c). Plaka. Seigarren aseguruan txapatu eta ezkerrera pasa.
L2 (40 m, 6 aseguru, 5b). Plakatxo bat irteeran. Gero terraza belartsu bat zeharkatu eta pasagune fin bat daukan plaka leun bat igo behar da. Alboan duen pago baten adarrek laguntzen dute pasagunea errazago ematen.
L3 (25 m 6 aseguru, 4b). Espoloi-aristatxo bat. Jostagarria.
L4 (35 m, 9 aseguru, 4c). Aurrekoaren antzekoa. Luzearen lehenengo zatian oinak erlaitz moduko batean (aristaren ezkerreko aldean) eta, aldiz, eskuak aristaren ertzetik eraman behar dira. Oso polita.
L5 (30 m, 6 aseguru, 4b). Aurrekoen antzekoa.
L6 (30 m, 6 aseguru, 4c). Aurrekoen antzekoa.

Jaitsiera: Bidea rapelatzeko prestatuta dago, baina hobe da oinez jaistea bista ederragoak ikusteko aukera ematen baitu eta. Horretarako azken bilgunetik gure ezkerrean geratzen den gailurrera igo aurkituko dugun bidezidorra jarraituz.
Gailurrean kotxea utzi dugun soroetara jaisten den bidezidorra jaiotzen da. Horri jarraitu eta basora iristerakoan errepideraino zuzen jaitsi basoan puntu gorriz margotuta dauden zuhaitzak jarraituz. Gailurretik kotxera, guztira, 25 min. inguru.

Materiala: 10 zinta + bilguneentzako materiala.  Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Gneis.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupean: 2h.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario