Barre
de los Ecrins y eta Pelvoux bailarak elkartzen diren tokian dago Ailefroide. Kanpin
munizipal handi bat, aterpe bat, hainbat jatetxe eta denda pare bat daude. Mendizalez
edo/eta eskalatzaileez betetako "kanpamentu basea" da. Errepideak kanpina
zeharkatzen du eta beraz, jendearen kontrola ez da oso (ezinezkoa litzateke) zorrotza.
Norabide guztietan eskalatzeko bideak aurkituko ditugu. Gehienak denda ipintzen
dugun lekutik oinez ordu erdi edo gutxiagora daude.
Iristeko: Gap herritik Briançon aldera hartu (N94
errepidea). L´Argentière-la Bessée herrian sartu eta Les Vigneaux eta Vallouise
aldera D994E errepidea jarraitu. Pelvoux herria zeharkatu eta kanpineko harrera
aurkitu arte errepideari jarraitu.
Ecrins total (5c, 225 m , derrigorrez 5b)
Ailefroideko
bide eskuragarrienetako bat. Bideak denetik dauka. Luze gogorrenak hirugarrena
eta laugarrena dira. Granito trinkoz osatutako arroka ezin hobea. Arroka zuriz osatutako
triangelu bereizgarriagatik bidea non dagoen berehala jakiten da.
Hurbiltzeko: Ibaia zeharkatzeko errepideak duen
zubia baino lehen, ezkerrera, bidezidor bat jaiotzen da. Hori jarraitu behar da.
Erreka bat zeharkatu ondoren, hondoan hormak ikusten direla, bidegurutze bat aurkituko
dugu. Ezkerrekoa hartu. Zubitik 30 min inguru behar dira bidearen oinera iristeko.
L1 (35 m , 10 aseguru, 5b). Plaka zuri handiaren ertzetik igo. Ezkerreko hormara pasa
eta hormatxo bat gaindituz bilgunera igo.
L2 (30 m , 7 aseguru, 4b). Grada modukoak dituen plaka.
L3 (35 m 9 aseguru, 5c). Kanalean sartzeko zeharkaldi
motz bat hasieran. Gero zeharkalditxo batez bananduta kanpo aldera botatzen duten
bi horma motz jarraian. Azkenik, bilgunera iristeko, itsasgarritasun pasagune finak
dituen zeharkaldi horizontala. Bi hormak motzak dira eta ongi babestuta daudenez
A0 moduan igaro daitezke. Kanalaren barruan, hirugarren aseguruaren alboan, spit
bat ipinita dago eta beraz bilgune bat antolatzeko aukera egongo litzateke. Horrela
zati horizontaleko 15 m
horiek kentzen dira eta, nire iritziz, sokaren lehenengoa hobeto babesteko aukera
egongo litzateke.
L4 (35 m , 11 aseguru, 5c). Itsasgarritasun plaka bertikal
bat hasieran. Ezkerreko kanalera pasa eta sabai azpian dagoen plakatik igo. Azken
zatian horma bertikal, baina euste-leku onak dituena, aurkituko dugu. Hori gainditzerakoan
plakatxo batera irteten da eta hortik berehala bilgunera.
L5 (55 m , 5 aseguru, 5a). Espoloitxo baten azpitik eta
ezker aldera igotzen den plaka etzana.
L6 (30 m , 7 aseguru, 4c). Kanal moduko plaka etzana hasieran,
baina gero amaiera aldera tente jartzen dena. Azken metroetan, bilgunera iristeko,
ezkerrera, gora jotzen duen, zeharkaldia egin behar da.
L7 (35 m , 7 aseguru, 5c). Sabai handiaren azpian jartzeko
zeharkaldi horizontala ezkerrera. Sabaia bere ezkerretik igaro eta diedrotxo batzuk
dituen horma bertikal batetik egingo dugu topo. Horma nahiko bertikala da eta
kanpo aldera botatzen du, baina baditu euste-leku on batzuk progresioan laguntzen
dutenak. Amaitzeko espoloi baten ertzetik doan plaka bat igaro behar da bilgunera
iristeko.
Jaitsiera: Igotzerakoan eskuinean geratzen den
plaka handitik 4 rapel luzeetan lurrean gara.
Materiala: 11 zinta + bilgunerako material. Arroka
oso trinkoa denez friendsak eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Granito trinkoa.
Orientazioa: Ekia.
Iraupena: 3h.
Francis
Elichabe, Henri Vincens eta Yann Codan, 1997.
0 comentarios:
Publicar un comentario