© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/03/19

Bide berria, Antxon Gorrotxategik irekia eta ekipatua. "Eginoko estiloa" duen bidea da, zerbait labirintikoa eta altura sentsazio gutxikoa. Luzeak oinez edo trepada txiki baten bidez egiten diren zatiz banandurik daude. Bidea arroka oneko espoloiak bilatzen doa. Lehenengo luzea begetazioz jantzia dago, baina gero arrokaren kalitatea asko hobetzen da, azken luzeetan oso ona delarik. Hala ere, arrokarekin arreta pixka bat izan behar da, bidea berria izanik oraindik apurtuko diren euste-leku eta laja ugari egongo baitira. Jendea pasa ahala gauza asko hobetuko da. Bidea ongi ekipatuta dago, baina pasatu gabe. Auto-babesa ahalbidetzen duten zatietan aseguru batzuk urrun daude eta beraz ongi dator friends eta fisurero joko bana eramatea. 

Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu. 
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara. Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Hormetara iristerakoan eskuin aldera jarraitu lehortutako erreka bat aurkitu arte (euri asko egin duenean, batzuetan, ura eramaten du). Erreka zeharkatu gabe gorantz igo eta bidearen oinarrira iritsiko gara. Guztira kotxetik 20 min inguru.

L0 (20m, II). Susi bidera igoko bagina bezala igo. Zuhaitz batean dagoen zinta gainditu ondoren, horizontalean, ezkerrera jo. Berehala ikusiko dugu bidearen izana eta hasiera adierazten dituen plakatxo gorri bat.

L1 (60m, 11 aseguru, 4c). Begetazioz apur bat jantzia dagoen luzea. Arrokarekin arreta izan behar da gauza oso birjina baitago. Jendea pasa ahala gauza hobetzen joango da. Euria nahikotxo egin badu (guri gertatu zitzaigun bezala) luzeak filtrazio ugari ditu eta zati hezeak aurki ditzakegu. Luzeak ez du zailtasun berezi handirik, arrokari arreta jartzea izan ezik. Lepotxo batera irtengo gara 45 metro  inguru igo ondoren. Hemendik oinez 15 metrotan bilgunean gaude. Erlaitz handi batean kokatuta dago, erosoa da eta eraztuna duen parabolt batez osatuta dago plakatxo trinko batean.
L2 (40m, 6 aseguru, 4c). Bilgunetik irten eta ongi babestutako plakatxo-espoloia igo. Hurrengo asegurua apur bat urruti dago, baina ongi bilatzen bada autobabesteko aukeraren bat badago. Espoloi bertikal batetik jarraitzen du bideak. Hori gainditzerakoan asko etzaten den kresta batera irteten da. Krestako azken metroak errazak dira, baina ez dago asegururik. Bilgune erosoa zuhaitz batez indartutako parabolt batez osatua.

Ezker aldera irten eta 35 metro inguru oinez egin ondoren hurrengo luzearen oinarrira iritsiko gara (bilgunea arroka-zubi batean). Amaiera aldera eskuak erabili behar direnez, zati motz bat bi arroka-zubiz babestuta dago.

L3 (35m, 10 aseguru, 5b). Ur-tantez osatutako plakatxo bat hasieran, ongi babestua. Eskuinera pasa eta arrokak duen pitzadura batez lagunduta igo. Plaka-espoloi zati bertikal motz batek krestara ateratzen gaitu. Aurrekoan bezala hemen ere kresta asko etzaten da. Arroka-zubi batekin indartutako parabolt batez osatutako bilgune erosoa.
L4 (25m, 0 aseguru, II). Kresta etzana, erraza eta autobabesteko aukera handiak ematen dituena. Bilgune erosoa zuhaitz batean.

Bilgunetik ezkerrera irten eta pintura gorriz margotutako puntuak jarraitu. Hurrengo luzearen oinarrian gara 40 metro inguru oinez egin ondoren.

L5 (25m, 4 aseguru, 4b). Pasagune arrarotxo bat sarreran, ongi babestua eta bere eskuinetik hobeto ematen dena. Apur bat igo eta eskuin aldera jo eta ezkerrean hormatxo bat duen plaka etzan batetik igo. Hormatxo horren amaieran, arroka-zubia aurkitzen dugunean, ezkerreko plakara pasa eta bilguneraino igo.

Pintura gorriz eginiko puntuak jarraitu 60-70 metro inguru hurrengo luzea aurkitzeko. Lehenengo parabolta baino lehenago dagoen puntu gorriraino igo. Bertan laguna babesteko erlaitz eroso bat aurkituko dugu. Azken metroetan autobabesteko aukera handiak ematen diten II-III mailako trepada motz bat.

L6 (15m, 4 aseguru, 4b). Alboan bi kanal dituen plaka motz bat. Ezkerreko kanaletik igo plaka pasa gaitezela ikusi arte. Eskuinera pasa eta berehala berriro ezkerrera. Bilgune erosoa zuhaitz batean.

Bilgune honetatik, gure aurrean, pitzadura bat duen 8-10 metroko hormatxo bat ikusten da. Erdi aldera parabolt bat ikusten da. Hortik jarrai daiteke, baina erosoagoa da 40-50 metro inguruko inguraketa bat eginez hurrengo luzeko hasierara hurbiltzea. Bilgunetik ezker aldera irten eta 25 metro ingurura arroka handi bat inguratu. Luzea plaka erdian dagoen zuhaitz handi eta deigarriaren azpian hasten da.

L7 (50m, 7 aseguru, 5c). Arrokaren pitzadura jarraituz zuhaitzeraino igo. Bere atzean dagoen arroka-zubia txapatu ondoren eskuinera jo, gure eskuinean ikusten den kanal-diedro bertikal aldera. Kanal-diedroak badu bere gauza. Kanaletik plakara irteteko pasagune gogorra, baina txapatu ondoren (nire gusturako apurtxo bat altu geratzen da) ez bazaigu irteten A0 modura egin daiteke. Gailurtxoraino igo eta atzeko lepotxora jaitsi. Plaka erraz bat gainditu ondoren kresta errazetik jarraitu. Azken zati honetan sokaren marruskadura handia da. Luzea bitan bana daiteke hori ez gertatzeko. Horretarako egokia da gailurtxoan dagoen arroka bloke handi batean bilgunea egitea. Hori edo bestela zinta luzeak eraman. Krestako azken zatia erraza. Bilgune erosoa arroka-zubi handi baten gainean.




Antxonek aipatzen dit jarraitzeko gogoarekin geratzen bagara eta eguna luzatu nahi baldin badugu, posible dela eskaladarekin jarraitzea "Joe Marmota" bidea eginez edo bere eskuinean dauden bi luzetako bat eginez: "Arista Nicasio" (5a, ekipatua, 50 m) edo, ezkerrago, "Garoa" (ur-tantak, 5a, ekipatua, 50 m).

Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo. Goien kordala jarraitu eta Aztorearen bide arruntetik oinez jaitsi (lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera). Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.

Materiala: 16 zinta + bilgunerako material. Friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko tartea ematen bazaio).
Iraupena: 4h30min
Ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi, 2012.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario