© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/04/09

Aste Santu honetan Bartzelonako Montserrat inguruak ezagutzeko aukera izan dugu. Aspaldidanik ezagutzeko gogoa neukan eta benetan leku atsegina dela esan behar dut. Bertako harkaitza konglomeratu oso trinko batez osatuta dago, nahiz eta guk egindako bideetako baten batean, zati motz batzuetan, arroka ez hain trinkoa izan.
Eskalada nolakoa zen entzuna genuen, baina bertan egon arte ezin esan nola moldatuko ginen. Harkaitza motagatik eskuentzako euste-lekua gehienak hatzekin hartzekoak dira, nahiz eta batzuk onak izan eta esku osoarekin eusteko aukera eman. Hanken kontua bestea gauza bat da. Lekuak badira beti, baina ia gehienetan leku txikiak dira eta beraz hanken puntekin eskalatu behar da. Luzeak aurrera doazen heinean, ohitura faltagatik edo, beti hanken punten gainean ibiltzeak nekatu egiten du eta hankak deskantsatzeko erlaitz on baten bila ibiltzen zara beti.

Gorra Marinera, Magdalena inferio, Magdalena superior eta Gorri Frigi  monastegitik ikusita.
Mendizerraren hego eta ipar isurian daude bideak. Bi isuri horietan iparrera, hegora, ekira edo mendebaldera orientatutako bideak aurkituko ditugu eta beraz Montserraten urte osoan eskala daiteke. Hala ere, toki batzuk beste batzuk baino hobeagoak dira urtaro batzuetarako (hori argitzeko gidaren bat edo Interneten kontsultatu). Nahiz eta luze bateko bideak egon (Euskal Herritik hona hurbildu eta luze bateko bideak egiteari probetxurik ez ateratzea dela uste dut), gehienak luzea ugaritakoak dira. Bide gehienak 100 eta 200 metro bitartekoak dira. Hala ere, nahi izanez gero, badira luzeagoak.
Gauza da Montserrat mendizerra oso handia dela eta gorro gehienetan badela eskalada bideren bat. Mendizerra guztian milaka bide daudela ziurta dezakegu. Gorroak hurbil daudenez, inguru honetan eskalatzeak duen abantaila da bide bat eskalatu ondoren beti duzula beste gorroren bat hurbil eta beraz, beti duzula gertu (minutu gutxitara) antzeko beste bideren bat. Beraz egun berean (bakoitzaren sasoi, maila eta gogoaren arabera), bat, bi edo hiru bide luze egin daitezke.

Montserratera inoiz joan ez diren horientzat niretzako erabilgarria izan den informazioa, edo niri erabilgarria egin zaidana behintzat, jarriko dut hemen. Euskal Herritik hurbiltzeko modurik errazena Lleidatik Bartzelonara doan A-2 autobidea jarraitzea da. Autobia 570 kilometroko irteeran utzi eta kartelei jarraituz berehala gara monastegian (ikus mapa).

Inguruko mapa orokorra.
Harritzekoa, baina inguru hauetan ostatatu hartzeko aukerak ez dira hain ugariak (agian Bartzelonatik eta Manresatik oso gertu dagoelako). Monastegi barruan bada kanpina, baina ez ginen hurbildu (martxotik urrira irekita egoten omen da). Monistrol de Montserrat eta El Bruc-en badira ostatuak. Monastegi bidean Sta. Cecilia izeneko aterpe bat omen dago, baina guri esan ziguten itxita zegoela. Beste informazio baten arabera martxotik urrira irekita egoten dela jakin dugu eta soilik aste burutan irekitzen omen dute. Mendian Sant Benet aterpea dago, baina oinez igo behar da (40 min). Gu azkenean Monistrol de Montserratera  jaitsi ginen. Kostata, baina azkenean lortu genuen ostatu bat aurkitzea.

Gutxi gora-behera gauzak  non dauden adierazten ditun planoa.
Montserratek eskalatzeko toki ugari ditu, baina guk ezagunena dena aukeratu genuen: Monastegiko inguruak. Bertara hiru eratara igo daiteke. Bata tren kremailera delakoan, bestea teleferikoz eta, azkenik, kotxez. Gu beti kotxez mugitu izan gara eta ezin dizuet esan zer prezio duten beste biek. Gauza da Monastegira kotxez sartzeko ordaindu egin behar dela. Sarreran hesi bat aurkitzen da tiketa hartzeko. Lehenengo ordu erdia doan da, baina 30 minutu horietatik aurrera 5,50 euro ordaindu behar da. Berdin du zenbat denbora erabiltzen duzun, ordu erditik aurrera prezio bakar hori dago. Egun osoa eskalatzen pasatzen baduzu, konpentsa dezake kotxea barruan uztea, baina hori bakoitzak ikusi beharko du. Hala ere, goiz ibilita, aukera dago sarrerako hesiak baino metro batzuk lehenago kotxea uzteko. Jende batek hori egiten zuela ikusi genuen, baina, hori bai, goiz ibili zeren kotxe gutxientzako dago lekua.

Gorros eta La Plantacio eremuetako planoa.
Monastegi inguruan Gorros eta La Plantacio izeneko eremuetan ibili gara bi arrazoiengatik. Lehena bertan daudelako Monstserrateko gorro ezagunenak eta bi, funikularra erabiliz, eremu horietara hurbiltzea oso erosoa delako. Sant Joaneko funikularra 20 minuturo igotzen da (48 plaza guztira) eta igotzeak 5,35 euro balio ditu (joan eta etorria 8,45 euro). Hala ere mendiko federatu txartelarekin beherapen txiki bat egiten dute eta igoera 4,80 eurorengatik irteten da. Gu funikularrez igotzen ginen, baina gero oinez jaisten ginen. Ibili ginen inguruetatik ordu erdi eskasean jaisten zara. Aukera dago ere, nahi duenarentzat, oinez igotzea (eskalatu  nahi denaren arabera denbora desberdina behar izaten da, baina 40-45 min inguru kalkulatu).

Ohar batzuk
Montserrat Parke Naturala da eta beraz ongi zaindu behar da. Parkeko eremu batzuetan ezin da eskalatu hegaztien habiengatik. Leku horiek zeintzuk diren informatu eta  bertan ez eskalatzeko debekua errespetatu.

Inguru hauetan hiru motatako "espezie arraro" elkarrekin bizi dira. Alde batetik turistak, bestetik mendizaleak (mendizerra osoa ibilaldiz josia dago; bideak oso ongi zainduak daude eta bidegurutze gehienetan norabide guztiak ongi adierazita dituzten kartelak daude) eta, nola ez, eskalatzaileak. Mendia ulertzeko hiru mota horien artean errespetua garrantzitsua dela uste dut.
Monastegiko bistak Magdalena inferiorreko gailurretik.
Gorros inguruko gorroetako bide asko eta asko oso masifikatuak daude. Jende asko ibiltzen da bertan eta beraz goiz ibili behar da. Gorro Frígin une berean 6-8 bikote batera eskatzen ikusi ditugu.

Montserraten dauden bideetako asko eta asko modu klasikoan irekitakoak eta ekipatutakoak dira. Montserraten ez baduzu inoiz eskalatu eta beldurrezko pelikula batean parte hartu nahi ez baduzu, nik ez nioke inori horrelako klasika batean sartzeko aholkatuko. Nahiz eta krokisean bidea oso erraza iruditu, aseguruak oso urruti egoten dira eta eskalada oso teknikoa denez, atera kontuak. Arroka motagatik autobabeserako aukerak oso txikiak dira.

Montserrateko bideei buruz informazio ugari dago Interneten, baina hurrengo blog honetan informazio eta krokis erabilgarri ugari aurki dezakezue: http://elcoleccionistadevies.blogspot.com.es/   Guillem Arias izeneko adineko eskalatzaile bat omen dabil konpromiso gutxiko eta oso ongi ekipatutako bideak ireki eta ekipatzen. Hona hemen bere blogaren helbidea (http://blogdelguillem.blogspot.com/).

Cambiar idioma (Castellano)
Categories:


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario