© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/04/10

Bide erraza, oso ongi ekipatutakoa eta, orokorrean, arroka oso onekoa. Ia konturatu gabe altura hartzen duen bidea da. Konpromiso gutxikoa, Montserrateko arrokarekin lehenengo harremana izateko bide aproposa izan daiteke. Horiz margotutako txapak ditu. Bilgune erosoak eta oso sendoak (gutxienez 3 paraboltez osatuta). Hurbilketa eta itzulketa ere oso erosoak ditu.

La Plantacio inguruneko gorroak Serre de les Paparres miradoretik ikusita.
Hurbilketa: Funikularreko goiko geltokitik Sant Jeronira doan bidea hartu. Serra de les Paparreseko miradorea iritsi baino 20 bat metro lehenago (15-20 min), gure ezkerrean, martxaren noranzkoan, bidezidor bat jaiotzen da. Hori hartu eta jaisten hasi. Jaisten hasi eta 3-4 minutura harrizko monolito batzuen oinarrira iritsiko gara. Horizontalean, altura galdu gabe, gure ezkerrean sumatzen den hormaren bila jotzeko unea da. Horma aurkitzerakoan bere oinarria jarraituz jaitsi, plakan parabolt horiak aurkitu arte. Bidearen  hasiera adierazteko lurraren parean parabolt hori bat aurkitzen da. (Montserrati buruzko informazio gehigarria hemen)

Jaisteko bidea.
L1 (35 m, 5 aseguru, 3b). Lurrezko kanal moduko batez banandutako bi plaka etzanez osatutako luzea. Azken metroak lurrez jantziak daude, baina erraz igotzen dira. Azken metro hauek babesteko ezpel batean zinta bat jartzeko aukera dago.
L2 (45 m, 11 aseguru, 4c). Hasieran tentetzen doan plaka. Arroka ona. Ondoren eskuinera zeharkalditxo bat. Zati honetan zertxobait pentsatu beharreko pasagunetxoren bat bada. Zeharkaldia pasa ondoren zuzen igo bilgunea aurkitzeko. Azken zati honetan arroka ez da hain ona.
L3 (40 m, 10 aseguru, 3c). Bilgunetik irten eta oso ongi babestutako plakatxo bertikal bat gainditu behar da. Ondoren plaka asko etzaten da. Aukerako bilgune bat aurkituko dugu berehala (20 metro ingurura), baina horrela luzea oso motz geratzen da. Hobe plaka etzanetik hurrengo bilguneraino igotzen jarraitu. Bilgune erosoa 4 paraboltez osatua.
L4 (20 m, 6 aseguru, 5b). Bilgunetik horizontalean, 2-3 metro ezkerrera, irten lehenengo asegurura iritsi arte eta bilgunearen gainean dagoen plaka etzanera igo. Plaka gainditu ondoren, gilbortxo bat aurkituko dugu. Apur bat estutu behar da hemen, baina euste-leku onak ditu eta oso ongi babestuta dago (lasai A0 modura egiteko aukera dago).



Jaitsiera: Oinez. Bidezidor baten arrastoak jarraituz gailurretik atzeko aldera jaitsi. Bost minutu eskasean berriro gara Sant Jeronira eramaten duen bidean.

Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude, ez dira behar.
Arroka: Bigarren luzeko azken zatia izan ezik, kalitate oso oneko konglomeratu trinkoa.
Orientazioa: Hegoa
Iraupena: 1h30min
Ekipatzaileak: Guillem Arias eta Joan Prunera, 2011ko abuztuaren 9an.
Lehenengo integrala: Guillem Arias eta Joan Prunera, 2011ko abuztuaren 10ean.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario