© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/08/29

Ehun metro inguruko gneis orratza. Bere altueragatik eta bere orientazioagatik (ipar-ekialdea), udarako egun beroetarako leku aproposa da. Goian, mendian, egun txarra egiten duen egun horietarako ere balio dezake. Arroka kalitate onekoa da eta eskalada euste-lekuz txikiz betetako plaka eta fisuretatik ematen da. Aseguruen artean distantzia nahiko handia, beraz autobabesak ipintzeko ongi dator friends joko bat eramatea. Hurbilketa motza eta bailara aldera eta mendi aldera bista politak. Hemen agertzen diren bideak F. Guinda, C. Carracedo eta H. Biargek berrekipatu zituzten 1996. urtean.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrea (Ampriu)

Pasaba por aquí  (5c, 100 m, derrigorrez 5c)
Aseguruak  nahiko urrun dituen bidea. Hala ere posible da autobabesa. Bigarren luzeko erdiko zatia nahiko hezea belarrez eta goroldioz josita baitago. Azken luzea beranduago gehitu zitzaion (L. Alfonso, 1997) eta "gailurra" egiteko balio du.

L1 (30 m, 4 aseguru, 4c). Hiru metro inguruko horma bat gainditu behar da hasieran terraza moduko batera igotzeko. Bertatik igo behar da bere erdian pitzadura handi bat duen plaka baten oinarriraino. Lehen asegurua urruti, 15 m ingurura.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5c). Bilgunearen parean, ezkerrean, dagoen txapa horiak markatzen digu bidea. Erdian pinu txiki bat duen pitzaduradun plakatxo bat hasieran (lehen asegurua 6-7 metrotara). Ondoren sabaitxo bat gainditu behar da eta jarraian belarrez eta goroldioz hartutako zati bat. Azken metroak horma paraleloz osatutako tximinia batetik doaz. Tximinia estutzen denean eta sabaitxo batetik topo egiten dugunean, eskuinean dagoen erlaitz batera pasa behar da. Bertan aurkituko dugu bilgunea. Aseguruak urruti.
L3 (30 m, 6 aseguru, 5c). Eskuinetik irten eta babaresa baten laguntzaz plakatxo bat igo. Bloke handi batzuetara irteten da eta horiek gainditzerakoan berehala gara bilgunean. Bilgunea, ezkerrean, erlaitz handi batean kokatuta dago.
L4 (10 m, 2 aseguru, 5c). Ezkerretik eskuinera diagonalean doan pitzadura batek mozten duen plaka bertikal motza. Dorre gaineko bilgunea lurrean aurkitzen da.

Materiala: 7-9 zinta + bilgunerako materiala. Aseguru batzuen artean dagoen urrutiratzea babesteko friends joko bat eta fisureroak.
Iraupena: 1h45min

No me tires que hay cristales (5a, 80 m, derrigorrez 5a)
Txapa zuriak. Erdiko diedroa jarraitzen duen bidea da. Inguru honetako bide errazena da, baina aseguruak urrun ditu. Maila aldetik justu bagabiltza ongi etorriko zaigu friends joko bat edota fisureroak. Diedro guztiaren oinarritik doan pitzadurak autobabesak ipintzeko aukera handiak ematen ditu.

L1 (30 m, 4 aseguru, 4c). Horma bat igo hasieran eta ezkerrean geratzen zaigun diedro baten laguntzaz plaka igo. Bigarren eta hirugarren aseguruen artean urrutiratzea.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5a). Diedro handiaren laguntzaz igotzen den plaka. Aseguruak urruti.
L3 (20 m, 3 aseguru, 4c). Aurrekoaren antzekoa. Azken aldera eskuin aldera irten. Azken bilgunea "Chapas doradas" bidearena da.

Materiala: 6-8 zinta + bilgunerako materiala. Aseguru batzuen artean dagoen urrutiratzea babesteko friends joko bat eta fisureroak.
Iraupena: 1h


Chapas doradas (5a, 85 m, 5a derrigorrez)
Zilarrezko txapak. Aurreko bidea baino apur bat zailagoa, baina hobeto ekipatuta. Txapa horidun bilguneak, eraztunekin rapelatzeko prestatuak.

L1 (30 m, 5 aseguru, 5a). Hasierako horma igo eta pasagune finen bat duen plaka gainditu.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5a). Euste-leku txikiz betetako plaka teknikoa.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Euste-leku txikiz osatutako plaka motza hasieran. Ondoren, bilguneraino, kanal-diedro etzana.

Materiala: 5-6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira oso lagungarri ez baita pitzadurarik.
Iraupena: 1h



Jaitsiera: "Pasaba por aquí" biderako onena azken dorrearen oinarriraino rapel txiki bat egitea da (10 m ingurukoa) eta bertatik, beste rapel motz batean (10-15 m ingurukoa), igo dugun hormaren atzean dagoen kanal batera jaistea da. Aldapatsua den kanal horretatik oinez jaisten da bideen hasierara. "No me tires cristales" eta "Chapas doradas" bideetan jaitsiera bera erabil dezakegu edo bidea rapelatu. Bi rapeletan lurrean gara 60 metroko sokekin  (lehenengoarekin R1eraino eta bigarrenarekin lurreraino).


Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario