Atxarteko klasiko handia. Autobabesak ipintzen
ikasteko balio dezakeen bide semiekipatua. Orokorrean bidea plaka etzanetatik
doa. Arroka kalitatezko kareharria da, itsasgarritasun handikoa eta pitzadura
eta euste-leku piloekin eta, nola ez, arroka-zubi askorekin. Azpimarratzeko
zailtasun bakarra dorrea da. Aukeratzen dugun bidearen arabera gehiago edo
gutxiago estutu beharko dugu.
Luzeen luzerak orientatzaileak dira. Gehiago
luza edo moztu daitezke bakoitzak erabakitzen duen bidearen eta materialaren
arabera, arroka-zubi sendoetan bilguneak antolatzeko aukerak ugariak baitira.
Bigarren eta hirugarren luzeek leku desberdinetatik igotzeko aukera eskaintzen
dute. Beraz hemen adierazten den zailtasuna orientatzailea da soilik.
Aukeratutako bidearen arabera zailagoak edo errazagoak egin ditzakegu luze
horiek. Urkiolako santutegi eta Anboto aldera paisaia ikusgarria.
Iristeko: Durangotik edo Elorriotik (beste aldetik bagatoz) Abadiño herrira
hurbildu. Durangotik bagatoz herria zeharkatu eta ezkerrera, Mendiola auzora,
hartu. Elorriotik etorrita herrian sartu baino lehenago dago bidegurutzea
Mendiola auzora joateko. Errepidea harrobiraino jarraitu. Bertan kotxea uzteko
hainbat leku daude.
Hurbiltzeko:
Erreka gurutzatu eta pistatik igotzen hasi. 50 metro aurrerago gure
eskuinean geratzen den arroka handi baten azpitik pasatuko gara. Arroka pasa
eta berehala, gure eskuinean, bidezidor bat jaiotzen dela konturatuko gara.
Hori hartu eta igoera gogor batean hormaren oinean utziko gaitu (kotxetik 20
min inguru).
L1 (45 m , 1 aseguru, 4a). Hasieran pitzadura bat. Arroka-zubi txiki batek lehenengo metroak
babestea ahalbidetzen du. Hiru metro gorago (apur bat ezkutatuta) luzean
aurkituko dugun parabolt bakarra dago. Txapatu eta ezkerrera pasa.
Espoloitxoaren ertzetik edo bere ezkerrean geratzen diren plakatxoetatik igo.
Bere adar lodian zinta bat jartzen uzten duen zuhaitz batera iritsiko gara.
Zuhaitza eta euste-leku onak dituen pasagunetxo bat gainditu ondoren kresta
etzan egiten da eta zailtasuna asko jaisten da. Bilgunea arroka-zubiekin
erlaitz handi batean egiten da.
L1bis (35 m ). Plaka handi etzan baten oinarriraino oinez igotzen den zatia.
L2 (50 m , 0 aseguru, 3c). Pitzadura eta euste-leku ugari dituen plaka etzan handia. Autobabesa
ahalbidetzen duten arroka-zubi ugari dago. Itsasgarritasun handiko arroka ona.
Bilgunea bloke baten alboan aurkituko dugun egurrezko tako (antzinako igoeren
aztarna) eta pitzadura batean egiten da edo metro batzuk gorago aurkituko
ditugun arroka-zubietan.
L3 (35 m , 0 aseguru, 3c). Aurreko luzearen antzekoa. Bilgunea bi paraboltez osatua (hego aldeko
hormaren bide baten batenak).
L4 (50 m , 1 aseguru, 3c). Diedro-kanal etzana luzearen lehenengo zatian eta euste-leku onak
dituen kresta etzana bigarrenean. Aseguru bakarra luze osoan. Iltze bat
diedro-kanalaren hasieran. Bilgunea arroka-zubietan edo krestatik eskuinera
geratzen den arte handi batean (10 metro ingurura, krestatik kanpo).
L5 (25 m , 0 aseguru, 3a). Euste-leku pilo dituen kresta etzana. Bilgunea, dorrearen ezkerreko
erpinean, herdoildutako bi iltze zaharretan egiten da. Bilgunea pitzadura
batean oso ongi koka daitekeen fisurero txiki batekin sendotu daiteke. Beste
aukera bat bilgunea dorrera iritsi baino
metro batzuk lehenago aurki dezakegun arroka-zubi batean egitea da.
L6 (25 m , 1-3 aseguru, 4c/5b bariantearen
arabera). Dorreak bi horma ditu. Gainditzeko aukera
desberdinak daude:
a) Lehena ezkerrean dagoen pitzadura-tximiniatik igotzea da (guk ez
genuen egin). Bilgunetik irten eta berehala iltze herdoildu bat aurkituko dugu.
Tximiniak kanpora botatzen du eta naiz eta bere kanpo aldeko arroka ona izan,
barrukoa ustelduta dago (ez sartu barrura). Eskuinean pasagunea babesteko
friends edo fisurero bat ipintzeko pitzadura bat dago. Gero ematen du
zailtasuna gutxitu egiten dela eta tximini batetik bilguneraino erraz igotzen
dela.
b) Bigarren aukera pitzadura bertikal baten laguntzaz zuzen igotzea da.
Pitzadurak kanpo aldera botatzen du. Pasagunea gaizki babestuta dago iltzea
pitzaduraren oinarrian dagoelako (beste bat bada apur bat gorago, baina oso
eskuinean geratzen da) eta dorrearen oinarrian erlaitz lau handi bat dagoelako
(txarra erortzen bazara). Guk ez genuen friends edo fisurero handi batekin
pasagunea babestu daiteke. Lehenengo horma gainditu ondoren grada txiki batek
bigarren hormaren oinarrian uzten gaitu. Horma bertikalak 4-5 metro ditu eta apur bat
altu geratzen den parabolt batez babestua dago. Apur bat estutu behar da
txapatzeko. Gero euste-leku onak daude eta ongi iristen da erlaitz txiki
batera. Bertan bilgunea egiteko arroka-zubi sendo bat aurkituko dugu.
c) Hirugarren aukera ezkerreko tximini aldera
igotzen hasi eta berehala eskuinera zeharkaldi txiki bat egitea da. Pitzadura
bertikala duen lehenengo hormaren gainera irtengo gara. Aukera honetan gutxiago
estutu behar da, baina esposizioa apurtxo bat handiagoa da. Pitzadura
bertikalaren parean jartzen garenean zinta bat edo friends bat ongi onartzen
duen pitzaduratxo bat dago.
L7 (45 m , 2 aseguru, II-III). Kresta horizontala, baina nahiko aereoa. Bere zailtasun bakarrak bi
destrepe txiki dira. Lehena lepotxo batera jaisteko eta bigarrena bilgunera
iristeko.
Jaitsiera: 30 metroko bi rapeletan. Lehenengo rapelak (30 m ) lepotxoa baino metro
batzuk gorago uzten gaitu. Ondoren, belarra duen kanal baten hasieraraino,
oinez jaisten den 20 metro
inguruko zati bat. Rapelaren bigarren bilgunea apur bat eskuinean dago (behe
aldera begira gaudela).
Bigarren rapela (30 m ) ez da derrigorrezkoa,
baina egitea aholkatzen da. Kanala kontu apur batekin destrepa daiteke, baina
lurra hezea badago delikatua izan daiteke. Rapelatu ondoren bidezidorra
jarraitu eta, aldapa gogor batetik jaitsiz, 20 minututan kotxean gara.
Materiala: 6-10 zinta + bilgunerako materiala. Zinta luzeak eta friends joko bat
eta fisureroak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa:
Hego-eki aldea.
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora emanez).
Iraupena: 3h30min
Lehenengo
igoera: A Sopena eta J Apraiz, 1936.
0 comentarios:
Publicar un comentario