© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/10/22

Inguruko bide luze errazena da. Arroka eta ekipamendu onak. Lehenengo luzean aseguru batzuk urrun daude, baina arrokak eskaintzen dituen autobabeserako lekuak aprobetxatzen direlako da.
Hurbilketa apur bat luzea, baina oso bide polita da. Inguru lasaia eta paisaia ezin hobea. Pena merezi du bisitatxo bat egitea. Bere hego orientazioa dela eta urte osoan eskala daiteke.

Iristeko: Mañaria herrira hurbildu eta Urkiolako Santutegi aldera igo. Errepidearen 38. kilometroan dagoen bihurgunean, errepidearen beste aldean, Gatzaieta baserriaren alboan, hamar bat kotxerentzat aparkalekua dago. Kotxea hor utzi.

Hurbiltzeko: Aurrean dugun pista hartu behar da (hesia duena). Berehala iturri eta karobi baten albotik igaroko gara. Apur bat aurrerago basoan sartuko gara. Pistari jarraitu Elosuko lepora iritsi arte. Bertan aurrean dugun pistari (pista markatuenari) jarraitu. Basotik irteterakoan gure ezkerrean jaiotzen den bidezidorra ikusiko dugu. Pinudi baten ertzetik doan bidezidor horrek hormetara hurbiltzen gaitu.

Saukuko Hormara hurbiltzeko lehenengo belarrezko terrazaraino (ikus argazkia) kanal moduko batetik igo behar da (bidea argia da). Terraza horren amaiera aldera, gure eskuinean, bidea oztopatzen hormatxo bat ikusiko dugu. Ematen du hortik ezin dela jarraitu, baina oker gaude, hortik da. Bidezidorrak gora egiten du, baina ez zaio jarraitu behar. Lehenengo terrazaren amaierara eramaten du eta bigarrenera igotzeko plaka batetik igo behar da (20 m inguru, III). Horma ongi aztertzen badugu, bere erdian mugarri bat dagoela ohartuko gara. Hortik igo behar da (ikus argazkia). Urrutitik ikusita zaila dirudi, baina guztiz kontrakoa da. Pasagune horizontal batek (bertan egon arte ikusten ez den pasagune batek) ia eskuak ipini gabe horma erraz gainditzea ahalbidetzen du.


Bigarren terrazatik bidezidorra jarraitzea soilik geratzen da (bide argia eta inongo galerarik gabekoa). Saukuko Hormaren azpian eta Koberretape sektoreko bideen gainean dagoen pasagune estutik igaro ondoren, 20 metro aurrerago, bidezidorra utzi eta eskuinera egin behar da. Guztiz definitu gabeko alorretik igotzerakoan (erraza) beste bide batzuen txapak ikusten hasiko gara. Lepotxo bateraino igo behar da eta ondoren bere atzean dagoen belarrezko erlaitzera jaitsi. Bertan dago bidearen hasiera (azkeneko aseguru lerroa da). Kotxetik 45 min. inguru behar dira.

L1 (45 m, 6 aseguru, 5b). Oinez fidatu beharreko itsasgarritasunezko pasagune fin batzuk dituen arroka trinkoz osatutako plaka etzana. Bigarren eta hirugarren aseguruen artean eta hirugarrena eta laugarrenaren artean urrutiraketak daude. Hala ere pitzadura eta arroka-zubi batzuk bi zati horiek autobabestea ahalbidetzen dute. Bilgunea katez elkartutako bi paraboltez eta deskuelge batez osatua.
L2 (45 m, 12 aseguru, 6a). Hasieran, lehenengo diedroaren azpian jartzeko, zeharkaldi horizontal txiki erraz bat egin behar da eskuin aldera. Ondoren bi diedro bertikal paralelo gainditu behar dira. Bertan apur bat estutu behar da, baina badituzte hainbat euste-leku on. Zati hau ongi babestua dago. Bigarren diedroa gainditzerakoan guztiz ezkerrera jo behar da. Bilgunea erlaitz belartsu batean, bi paraboltez osatua.
L3 (25 m 5 aseguru, 4c+). Plakatxo ezberdin batzuk gainditu behar diren gradez osatutako luzea dugu. Zatitxoren batean arrokari arreta jarri behar zaio, baina orokorrean arroka nahiko ona da. Luzea gailurrera doan krestan amaitzen da. Bilgune erosoa eraztunez horniturako bi paraboltez osatua.


Jaitsiera: Azken bilgunetik, oinez, krestatik, Saukuko lepora jaitsi (bere kobazulo bereizgarriraino). Bere eskuinean dagoen belarrezko kanal zabaletik diagonalean jaitsi behar da. Apur bat aurrerago kanala bitan banatzen da. Jaisten ari garen norantzean, ezkerrekoa hartu behar da (argazkian eskuinekoa da). Harkaitzera iristerakoan eskuin aldera zeharkaldi horizontal motz bat egin eta azken metroak destrepatu. Zati honek ez du zailtasun berezirik (erraza da), baina arreta apur bat jarri behar da estropezu tontoak ekiditeko. Azken bilgunetik 10-15 minututan berriro gara hormaren oinean.



Materiala:  12 zinta + bilgunerako materiala. Friends joko bat, fisureroak eta zinta luzeak lehenengo luzeko urrutiratzeak autobabesteko.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario