© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/12/31

LA TAILLANTE
Urrutik ikusita oso erakargarria den bidea da. Krokisa aztertzerakoan egiteko gogoa areagotu egiten da, baina, onartu beharra daukat, niri ez zitzaidala gehiegi gustatu. Oso bide luzea da eta nahiko monotonoa egiten da. Jaitsiera ere oso luzea da eta, gainera, kalitate txarreko arroka batetik egiten da.
Ia luze gehienak plaka nahiko etzanetatik doaz, baina oso leunak dira eta "lau hanketan" igotzen dira. Hasieran, lehenengo luzeetan, bidea korrika igoko duzula iruditzen zaizu, baina luze batzuetan itsasgarritasunezko pasagune oso finak daude eta beraz, ez da hasieran ematen duen bezain erraza. Horrez gain, luzeak oso luzeak dira eta aseguru gutxiekin (krokisarengatik ez utzi engainatzen). Guztia horrek oinetako bikiak nekarazten ditu eta, egia esan, bilgunera iristea eskertzen da deskantsatzeko aukera izateko.

Iristeko: Briançon hego aldean, Lac de Serre-Ponçon goialdean, Embrun herria dago. Kilometro batzuk aurrerago, Briançon norabidean, Guillestre herrira eramaten duen bidegurutzea dago. Bertan Château de Queyras herrira doan D902 errepidea hartu behar da. Herrixka hori haitzarte eder bat zeharkatu ondoren dago eta gaztelu ikusgarri bat du gailurtxo batean. Kilometro batzuk aurrerago eskuinera St-Véran aldera egin behar da. Molines en Queyras herrira iristerakoan ezkerrera egin eta col Angel aldera igo behar da.

Hurbiltzeko: Col Angel mendatera igotzerakoan, gora iritsi baino kilometro bat lehenago eta Angel aterpea igaro eta 500 metro aurrerago, aparkaleku eder bat duen informazio bulegotxo bat dago. Kotxea hor utzi eta txabolaren alboan jaiotzen den bidezidorra hartu. Igotzen hasi eta 25 minutu ingurura Col Vieux (2.806 m) lepora iritsiko gara. Lepotik La Taillante bere osotasunean ageri da. Eskuin aldera apur bat igo eta altuera galdu gabe, bidezidorretik kanpo, hormaren oinera hurbildu. Mugarri batek bidearen hasiera adierazten du. Ezkerreko horman lehenengo parabolta ongi ikusten da. Kotxetik 1h10 min inguru.
Kontuz! Danse avec les loups hasten den lekutik 50 metro aurrerago (ipar aldera) parabolt lerro batek mendiaren alde honetan dagoen lerro berri bat adierazten du. Proiektuan dagoen bidea da. Amaitu eta garbitu gabe dago. Kontuz ibili eta ez sartu bertan.

L1 (60 m, 5 aseguru, 4a).  Ezkerreko hormaren laguntzarekin oso ongi igotzen den plaka etzana. Aseguru guztiak ezkerreko horman daude.
L2 (55 m, 3 aseguru, 4a).  Aurreko luzearen antzekoa.
L3 (55 m, 6 aseguru, 4c).  Lehenengo asegurua ezkerreko horman dago. Ondoren bidea diedrotik aldentzen da eta apur bat eskuinera eginez plakatik igotzen da.
L4 (45 m, 7 aseguru, 5b).  Niretzat bideko giltza den luzea. Lehenengo lau aseguruetan ezkerretik eskuinera zeharkaldi gorakorra egiten da. Ondoren, bilgunera iristeko, guztiz horizontala den zeharkaldia. Itsasgarritasunezko pasagune fin-finak dituen luzea da. Oinez asko fidatu behar da, eskuentzat ez baitago ezer.
L5 (30 m, 5 aseguru, 5c edo A0/4c).  Bilgunetik irten eta berehala kanpora apur botatzen duen horma. Zatia nahiko gertu dauden hiru aseguruz ongi babestuta dago. A0 modura egiteko aukera dago. Ondoren grada erraz batzuk kanal handi baten oinean uzten gaituzte. Luzearen azken zatian arrokarekin arreta apur bat izan behar da.
L6 (45 m, 1 aseguru, 3c). Kanal handiaren barrutik igotzen da. Aseguru bakarra luze osoan, baina auto-babesaren bat ipintzeko aukera dago.
L7 (45 m, 3 aseguru, 3c). Hasiera aurreko luzearen antzekoa da. Gero hormatxo txiki bat gainditu behar da bilgunea egiten den plakatxora irteteko.
L8 (30 m, 2 aseguru, 3c).  Kanaletik 10 metro inguru igo ondoren eskuineko plakara pasa. Soka luzea badaukagu edo 60 metroko sokarekin 20-25 metro "ensanble" modura egiten badira, L7 eta L8 luzeak batera egiteko aukera dago.
L9 (50 m, 4 aseguru, 4c).  Itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka. Aseguruak urrun.
L10 (45 m, 6 aseguru, 4c).  Aurreko luzearen antzekoa.
L11 (45 m, 5 aseguru, 4c).  Aurreko luzeen antzekoa.
L12 (55 m, 4 aseguru, 4c).  Aurreko luzeen antzekoa. Harkaitzean gezitxo batzuk margotuta aurkituko ditugu. Plakatik gidatzeko eta bloke askeak dituen zati bat inguratzeko balio dute.
L13 (50 m, 3 aseguru, 4b).  Aurreko luzeen antzekoa. Azken bilgunea krestan bertan dago.




Jaitsiera: Kresta zorrotz eta aereotik jarraitu. Pasagune delikaturen bat edo beste bada, baina gailurrera iritsi arte 15-20 metrotik behin parabolt bat aurkituko dugu (guztira 4 kontatu nituela uste dut). Bigarren mailako gailurra duen mugarri handiagatik ezagutzen da. Bertatik zatitxo bat destrepatu eta beste kresta zatitxo bat igaro behar da barruan gurutze bat duen zirkulu gorri batez adierazita dagoen rapel instalaziora iristeko (2 parabolt). 15 metroko rapel motz batek eta beste destrepe batek (ezkerretik) kresta zati zabalago eta erosoago batean uzten gaitu. Errazena ikusten dugun tokitik, oinez, hurrengo dorrearen oineraino joan. 20 metroko trepadatxo batek (3c; parabolt 1) gailurra baino metro batzuk lehenago dagoen gailurtxo batean uzten gaitu. Bertatik jaisteko bidea adierazten duten mugarriak ikusten dira. Jaitsiera arroka kaxkarra duen malda handi batetik egiten da. Oinezko zatiak destrepe txikiekin (II-III) tartekatzen dira. Azken hauek errazak dira, baina bere arriskua ere badute eta kontuz ibili behar da. Jaitsiera ez dago ongi zehaztua. Bidezidor arrasto ugari dago eta jaitsiera aukerak zabalak dira. Errazena ikusten dugun lekutik jaitsi. Jaitsiera zati guzti hau nahiko "kruntxa" da. Behera, zelaia dagoen tokira, iristerakoan lasaitu egiten zara eta arnas pixka bat hartzen duzu zailena atzean geratu baita.
Zelaian bidezidor arrasto batzuk aurkituko ditugu. Horiek jarraitu eta azken destrepera eramango gaituzte. Destrepea ez da oso zaila, baina kontuz ibili behar da (delikatua). Azken zailtasun honek La Taillanteren oinean utziko gaitu. Bidearen azken bilgunetik hona 1h30min inguru kalkulatu. Hemendik kotxera oinez bueltatzea soilik geratzen da (beste 40 min inguru).

Rapel ondorengo destrepea. Ikusten denez dena oso "kruntxa".



Materiala:  7-9 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisurero joko bana ongi etor daiteke kanal handiko zatian auto-babesak ipintzeko. Plaketan ez dago auto-babesik ipintzeko inolako aukerarik.
Arroka: Lauzez osatutako kareharri metamorfikoa (marmol horaila).
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 4h. Krestatik hormaren oineraino jaisteko denbora horri beste 1h30min gehitu .
Nork irekia: S. Pusnel eta J.P. Cherbonnier, 2003.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario