Paret de la Formiguerako klasikoenetik
klasikoena. Arroka ona eta, nahiz eta spiten bidez izan, ongi ekipatutakoa.
Lehenengo luzea apurtxo bat bertikala hasieran (gero etzanagoa), baina hortik
aurrera gero eta bertikalagoa jartzen joaten da. Hirugarren luzea nahiko
mantendua.
Krokisean Garrets-Eusebi bidearen zati
bat azaltzen dut ohikoa izaten delako jendea nahigabe nahasi eta bertan sartzea.
Garrets-Eusebi bideko R1 bilgunetik posible da arazorik gabe Martinetti bidera
pasatzea. Horretarako nahiko da eskuinera emeki gorakorra den zeharkalditxo bat
egitea.
Hurbiltzeko:
Kotxea P1 aparkalekuan utzi eta ipar aldera doan bidezidorra hartu (ikus krokisa). “Ferrata” adierazten duen
bigarren kartelean errekatxoa gurutzatu eta bide nabari bati jarraituz
trenbidera igo (10 min). Trenbidea gurutzatu eta beste aldean dagoen bidetik
igoz beste 5 minututan hormaren oinarrian gara.
L1 (15 m, 3 aseguru,
4b).
Hasieran apurtxo bat bertikala den
plaka. Gero bilgunera iritsi arte etzaten joaten da.
L2 (15 m, 3 aseguru,
4c).
Zuzen igo. Bilgunea iritsi baino lehenago luzeko pasagunetxo gogorra dagoen
hormatxo bat aurkituko dugu. L1 eta L2 batzeko aukera dago.
L3 (25 m , 7 aseguru, 5b). Zailtasunean
oso mantenua den plaka bertikala. Hala
ere beti aurkituko ditugu oinentzako eta eskuentzako euste-lekutxo eta
erregeletatxoak. Bidean aurkitzen diren aseguruekin alderatuta luze honetako
lehen asegurua nahiko urruti (4-5 m) dago.
Hori txapatu ondoren, lasaitu ederra hartzen da. Seigarren aseguruan ezkerrera
5 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin behar da bilgunera iristeko.
Zeharkaldia nahiko erraz ateratzen da. Bilgunea erlaitz handi batean egiten da.
L4 (25 m , 6 aseguru, 5c). Bigarren
luzekoak baino gogorragoak diren pasagune batzuk ditu luze honek, baina ez da
aurrekoa bezain mantendua. Eskuinera emeki eginez igotzen da hasieran. Ondoren
zuzen eta gero, berriro ere, eskuinera.
Jaitsiera: Inguruko
beste bideren bat egin behar badugu, onena rapelatzea da (igo garen bidetik, Garrets-Eusebi
bidetik edo Normal izeneko bidetik). Ez badugu beste biderik egin behar, hobe
da oinez jaistea. Azkarragoa, erosoagoa eta errazagoa da. Horretarako azken
bilgunea baino apurtxo bat gorago jaiotzen den bidezidorrari jarraitu behar
zaio. Bide eroso batetik jaitsiz 10 minututan trenbidean gara eta beste 10
minutu baino lehenago kotxean.
Materiala: 7 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arroka: Kareharria
(tillita).
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h30min.
1. igoera:.M.A.
Blasco, J. Godoy, J. Martinez, J. Mayor eta J. Villaroya, 1973.
0 comentarios:
Publicar un comentario