Aspaldidanik Kopakoarri ezagutzeko gogoa nuen.
Eskola gogorra denaren ospea du, baina Euskal Herrian granitoan eskalatzeko
aukera ematen duen leku gutxi horietako
bat da. Bide berriak ekipatzen ari dira eta badirudi, apurka-apurka, berriro
ere modan jartzen ari dela. Oraingoz leku lasaia izaten jarraitzen du. Jende
gutxi ibiltzen da eta eskalada egun lasai bat igarotzeko leku aproposa da. Krokisas
nahi izatekotan hurrengo loturan aurki ditzakezue (gipuzkoaneskalatzen). Bilguneak
2 paraboltez osatuak daude eta leku oso erosoetan aurkitzen dira.
Luze ugariko bide gutxi daude, nik dakidanez, baina
egin dugunarekin sorpresa polita jaso dut. Zailtasun aldetik oso eskuragarria
da eta nahiz eta bigarren eta hirugarren
luzean aseguruak beraien artean apur bat urruti egon, ongi ekipatua dago.
Arroka granito zahar trinkoz osatua dago. Oso itsasgarritasun handiko da,
hainbeste batzuetan oinetan lixa duzula dirudi. Krokisen batean bigarren
luzeari 6a(5c/A0) maila ematen diote, baina niri ez zait hainbestekoa irudi. Gauza
konplikatuz eta plaka ezkerretik igoz, suposatzen dut horrela atera daitekeela,
baina eskuineko ertzari jarraituz ez dut uste derrigorrez 4c mailatik pasatzen
denik.
Altuera sentsazio gutxiko bidea da eta R1etik eta
L2ko bloke handitik oinez eta L2ko lehenengo lepotxotik destrepatuz, bidetik
jaisteko aukera dago. Horri ekipamendua gehitzen badiogu, luze ugariko bidetan
hasteko bide aproposa dela uste dut. Azken bilgunera iristerakoa Aiako Harri
aldera dauden bistak zoragarriak dira.
Iristeko:
Donostiatik Oiartzunera
joan eta hirigunean bertan Lesakara doan GI-3420 errepidea hartu. Aritxulegi mendatea
igo eta Endara urtegira jaitsi. Presa gurutzatu eta 400 metro aurrerago ezkerretara
dagoen Ola-Berri jatetxeko bidea hartu. Zementuzko pistatik igotzen jarraitu (aldapa
gogorrak) Telleriko lepora iritsi arte. Bertan 3-4 kotxerentzat aparkatzeko
lekua dago.
Hurbiltzeko: Gailurrera doan bidea hartu eta handik minutu
batera (50 m ingurura) zuhaitz batzuen alboan, ezker aldean, jaiotzen den
bidezidorra hartu. Bideari jarraitu eta 10 min ingurura harkaitzetara iritsiko
gara. Lehenengo hormak inguratu eta eskuinean aurkituko dugun lehenengo kanal
nabaritik igo. Kanal bidezidor nabari baten arrastoak ditu. Bertatik 50 m
inguru igo eta trepada txiki bat gainditu ondoren Bordillos izeneko sektorera
iritsiko gara. Bertan hasten da bidea. Nabari
ikusten dira bideko paraboltak hormaren ezker aldean. Guztira 15 min
inguru kotxetik.
L1
(30 m, 6 aseguru, 5b). Lehenengo 15 metroak plaka bertikal batetik
doaz. Pasagunetxo finen bat badu. Hau da bide osoko zatirik zailena eta
mantenduena. Zati honetatik aurrera zailtasuna nahikotxo jaisten da. Erlaitz
batean dagoen 2 kankamoz eraikitako bilgune zahar batera iritsiko gara. Ez egin
bertan bilgunea. Bertan espresaren bat jarri eta grada batzuetatik eskuin
aldera eginez igotzen jarraitu. Hormatxo bat gainditu eta belarrezko erlaitz
handi batera irtengo gara. Aurreko horman aurkituko dugu bilgunea.
L2
(45 m, 5 aseguru, 5c edo 4c/A0). Eskuin aldera 15 metro inguru oinez egin eta
bloke handi batera igo behar dugu. Hobe da hemendik eta ez bilgunetik
aseguratzea. Erosoagoa da eta lehenengoa doanarentzat soka bilduagoa joango da.
Lehenengo orratzeraino espoloitxoaren eskuineko ertzetik igo. Sarreran
pasagunetxo fin bat dago, baina konplikatzen bada, buru gainean geratzen den paraboltari
eutsiz gaindi daiteke. Ondoren kresta txiki batetik jarraitzen du eta, azkenik,
plakatxo batetik jarraituz, bigarren orratz bat gaindituz, bigarren lepotxo
batera iritsiko gara. Bertan aurkituko dugu bigarren bilgunea.
L3
(30 m, 4 aseguru, 4b). Arroka trinkoz osatutako plaka etzana. Grada
txikiz eta ondulazioz beteta dago. Erdiko zatian aseguruak nahikotxo aldetzen
dute, baina oso zati etzana da eta ez du inolako konplikaziorik.
Jaitsiera:
Gailurrera begiratuz, eskuineko belarrezko kanala
hartu behar da. Aldapa gogorra du, baina zailtasun aipagarririk gabekoa da.
Erresalte txiki bat aurkitu arte bertatik jaitsi. Konplikazio gutxiko destrepe
txiki batek Eguzki Lore sektorean utziko gaitu. Sektorea eroritako
zuhaitzarengatik identifikatuko dugu. Bertatik hormaren oinarrira, destrepe
txikiren bat gainditu ondoren, 10 minutu inguru beharko ditugu.
Materiala: 6 zinta + bilgunerako
material.
Arroka: Oso
itsasgarritasun handiko granito zahar urratzailea.
Orientazioa:
Hegoa.
Iraupena: 1h10min.
Nork ekipatua: Sonia Rodriuez eta Txingu Arrieta, 2012ko udaran.
Nork ekipatua: Sonia Rodriuez eta Txingu Arrieta, 2012ko udaran.
0 comentarios:
Publicar un comentario