© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/01/30

Eguberritan Malanyeu ezagutzeko aukera izan dut. Entzuna neukan leku polita zela eskalatzeko eta benetan horrela dela ziur dezaket. Hainbat egiteko hor geratu zaizkigu eta seguru nago berriro itzuliko garela. Petraforca aldera bista ederrak.
Lekua lasaia da, bideak 3-4 luzekoak dira (beraz pare bat bide edota hiru ere egin daitezke egun berean), arroka ona da, maila ertaineko bideak ugariak dira, plakan eskalatzen da gehienbat  eta orientazio ezin hobea du harkaitzak. Hain ona neguan eguzkiak apur bat jotzen badu kamisetan eskala daitekeela. Udaran, mendiko freskotasunarekin (1100 metro inguruko altueran dago), eskalatzeko leku aproposa izaten jarraituko duela uste dut. Probatu beharko da.

Iristeko eta hurbiltzeko:  Ikus hurrengo sarrera.


Montse Curto (5b, 90 m, derrigorrez 5a)
Bidea identifikatu ahal izango dugu bidearen oinarrian, harkaitzean, MC letrak urratuta daudelako. Bidea luzeetan spitekin ekipatua dago. Lehenengo bilgunea ere spitekin da, baina beste biak paraboltez eraikiak daude.

L1 (25 m, 5 aseguru, 4c). Plaka hasieran. Ondoren lur pixka bat duen diedroa. Hirugarren aseguruan ez jarraitu ezkerreko plakatik. Bilgunea apurtxo bat deserosoa.
L2 (35 m, 9 aseguru, 5a). Zulo eta euste leku txiki pilo batez osatutako plaka luze ederra. Pena ematen du amaitzen denean. Pasagunetxo fina lehenengo eta bigarren aseguruen artean, baina aseguruak oso gertu daude. Hortik aurrera disfrutatzekoa da.
L3 (30 m, 11 aseguru, 5b). Lehenengo plakaren oinarrian jartzeko oinez egiten den zatitxo bat. Plakak pasagune finen bat du, baina txapak oso-oso gertu daude. Plaka gainditu ondoren trepadatxo batekin gainditzen den beste zatitxo batek bigarren plakaren hasieran uzten gaitu. Plaka eskuin aldera igotzen da okertuta dagoen pitzadura-diedro baten laguntzarekin.


Materiala: 11 zinta + bilgunerako material. Friends bateren bat eta zinta luzeren bat lehenengo luzerako.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: R. Vicente eta F. Suñol, 2007.

Francesc Suñol (6a, 85 m, derrigorrez 5a)
Spitekin ekipatutako bidea, bai luzeak, bai bilguneak. Bigarren eta hirugarren luzeetako bigarren zatiak oso politak. Zulo eta euste leku pilo bat dituzten plaka etzanak dira. Pena ematen du amaitzen direnean.

L1 (25 m, 9 aseguru, 5a). Plaka, plaka eta plaka, pasagune finen batekin.
L2 (30 m, 9 aseguru, 4c). Hasieran, pitzadura batera iritsi arte, ezker aldera emeki gora egiten duen zeharkaldia plaka batetik zehar. Luzeko zatitik zailena da. Ondoren terraza txiki batez bananduta dauden bi pala oso politak. Pilo bat euste leku aurkituko ditugu bi plaka horietan. Zailtasuna askotan zein aukeratzea da.
L3 (30 m, 8 aseguru, 6a edo 5a/A0). Pitzadura baten azpian jartzeko plakatxo batetik zeharkaldi labur bat egin behar da ezker aldera (erraza). Pitzaduran luzeko pasagune zaila aurkituko dugu (6a; pasagune bat), baina A0 modura egin daiteke. Pasagunea gainditzerakoan, erlaitz belartsu batera irtengo gara. Hemen euste lekuz beteriko azken plakari ekin behar diogu.

Materiala: 9 zinta + bilgunerako material.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: F. Suñol, 2006.

Jaitsiera: Bi bideetan rapelatu egin behar da. Erraza da sokak landaredian trabatzea. Beraz, nahiz eta 60 metroko bi soka izan, hobe da hiru rapel egitea.



Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario