© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/05/03

Erromero usaina duen eskalada. Bide erraza, hasten hasi direnentzat aproposa. Bideak erresalte segida bat kateatzen du oso modu duinean. Arroka kalitate onekoa da eta ekipamendua ere. Ez da inongo apururik pasatzen aseguruak nahiko gertu daude eta. Mailaz justu bagabiltza, pasagune zailenetan A0 modura igarotzeko aukera dago.
Altura sentsazio txikia. Lagunarekin komunikatzeko zailtasunak lehenengo hiru bilgunetan. Aurrez adostu soka bidezko komunikazioa, gero oihuka, ezin elkar entzunez, ibili nahi ez badugu. R1 eta R2tik oinez jaisteko aukera dago. Collbató herriaren airetiko bista oso politak.

Iristeko: Hurrengo sarrera begiratu (Collbató).

Hurbiltzeko: Bide zabaletik (marka zuri, gorri eta horiak) zuzen igo. Bidea dagoen espoloia erraz kokatzen da, oso nabaria baita. Bidegurutze bat aurkituko dugu. Zuzen, aurrera, igotzen jarraitu. Uhar lehor bat zeharkatzerakoan (8 min), mugarritxo bat ikusiko dugu. Bidea utzi eta bidezidor arrastoak jarraituz bidearen oinarrira hurbildu. Kotxetik, guztira, 15 min. inguru.

Tresneria jantzi eta R0 bilguneraino igo (4 m inguruko trepadatxo bat da).
L1 (25 m, 3 aseguru, 3b). Lurretik 3-4 metrotara diagonalean igotzen den plaka lateral etzana. Bilgunea baino lehenagoko azken 10 metroak ia oinez igotzen dira.
L2 (30 m, 3 aseguru, 4a). Euste leku onak dituen plakatxo bertikala. Ondoren zatitxo horizontal bat eta azkenik beste plakatxo bertikal bat. Azken 10 metroak terrazatxo batetik oinez egiten dira. Bilgunea sabai nabariaren azpian aurkitzen da.
L3 (25 m, 6aseguru, 5b). Plaka leun eta teknikoa hasieran. Pasagunetxo finen bat badu, baina oso ongi babestua dago. Sabaia ezkerretik inguratu eta pitzaduraren ezkerrean dagoen plakatik igo. Zati horizontal batera irteten da. Hantxe arroka apur bat hautsia duen bloke handi bat dago. Bertan bilgunera jaisteko eskuinera egin behar den zeharkaldi beherakorra babesten duen parabolta aurkituko dugu. Bilgunea oso eskuinean dago, gure eskuinean nabari den plakan.
L4 (30 m, 4 aseguru, 3c). Oinentzat eta eskuentzat euste leku txiki pilo bat dituen 20 m inguruko plaka etzana. Ondoren, bilgunea aurkitzeko, 10-15 m egin behar dira, oinez, horizontalean, eskuin aldera.
L5 (30 m, 10 aseguru, 5c). Sarreran bi pasagunetxo fin dituen (bideko zatirik gogorrena; A0 modura egin daiteke) plaka bertikal handia. Plaka zeharkatzen duen pitzadura horizontala gainditzerakoan, bideak bertikaltasuna galtzen doa, azken metrotan oso etzana bihurtu arte. Azken metroetan eskuin aldera egin behar da.


Jaitsiera: Pintatutako marka urdinak jarraituz igo. Trepadatxo bat izan ezik, igoera guztia oinez egiten da. Lau minututan Camí de les Bateries izeneko bidean izango gara. Bertatik jaitsi behar da. Jaitsiera hasi eta handik 10 min ingurura bihurgune estu batean ez egin ezkerrera eta bidetik jaisten jarraitu. Behe behean, pinudi batetara irtengo gara. Bideak pinudia zeharkatzen du eta ezkerrean olibondoak dituen pista batera eramango gaitu. Pistatik jarraitu eta berehala bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrera eginez berehala gara kotxea utzi dugun tokian. Guztira 40 minutu inguruko jaitsiera.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h15min.
Nork ekipatua: Joan Giraut, 2011.
1. igoera: Joan eta Laia Giraut, 2011.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario