© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/09/23

Ongi ekipatutako beste bi bide erraz. Hala ere “Sossis i Patisants” bideko zati batzuetan aseguruak nahiko urruti daude. Nagusiki plaka etzanetan eskalatzen da nahiz eta zati gutxi batzuk bertikalagoak izan. Arroka oso kalitate onekoa da (“Sossi i Patisants” bideko L1eko zatitxo bat izan ezik). Erlaitzetan harri solteak aurki ditzakegu. “Sossis i Patisants” bideko zatirik gogorrena bidearen sarrera da. Batzuk 5b maila ematen diote, baina nire iritziz 5c mailakoa da (ongi estutu behar da).
Bideak elkartuz, bi zatitxo kenduta bosgarren maila gainditzen ez duten 250 m baino gehiagoko eskalada polita lortzen da. Bi bideetan jaitsiera kanaletik egiten da kate, eskailera eta soka finkoen laguntzarekin.

Ustez “Vía del Gorba” denaren lehenengo luzea krokisean gehitzen dut. Nahastu egin ginen eta lehenengo luzea egin genuen. Erreferentziaren batean (Guía d´escalada Collegats) bidea 8 mm-ko paraboltekin ekipatuta dagoela dio, baina guk egin genuena 8,8 mm-ko spitekin ekipatuta zegoen. Horrez gain R1 bilgunea sendotu beharra dagoela dio ere, baina guk bi spit eta bi mailon handiz osatutako bilgune sendoa aurkitu genuen. Beste bideren bat izango da eta “Vía del Gorba” ezkerrago geratzen da?

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

Sossis i Patisants (5c, 190 m, derrigorrez 4c)
L1 (45 m, 9 aseguru, 5c). Hasieran, lurretik aireratzeko, sabel kabroi bat. Ondoren, zinta bat duen zuhaixka batera iritsi arte, zati erraz luze bat (metro batzuk lehenago, gure ezkerrean aurkituko dugun zuhaixka batean, zintaren bat jar daiteke). Hormatxo bat eta ondoren, zati etzan batek, bigarren hormatxo batera eramaten gaitu. Amaitzeko, hirugarren eta azken hormatxoa gainditzerakoan, bilgunera iritsiko gara. Bilgunea lurrean dago.

L1bis (35 m, 1 aseguru, II). Oinez bidezidor batetik gora eginez. Jaitsierako soka finkora iristerakoan bi aukera daude. Lehena soka finkoaren lehen aseguruan bilgunea egitea da. Bigarrena, lehen aseguru horretan txapatu eta soka finkoaren bigarren asegururaino igotzea da (II). Metro batzuk eskuinera mugitu (3-4 metro inguru) eta erlaitz bat eta bertan bilgunea antolatzeko parabolt bat aurkituko dugu. Guk bigarren aukera hori egin genuen.

L2 (45 m, 6 aseguru, 4c). Lehen asegurua bilgunetik 10-12 metrotara, gu gauden tokitik, zuzen bertikalean, aurrean dugun plakaren ia amaieran. Ez da zati zaila, baina tartean asegururen bat eskertuko litzateke (bidea adierazteko bada ere). Luzearen azken zatia bertikalagoa da, baina ongi babestua dago.
L3 (35 m, 4 aseguru, 4b+). Bilgunetik eskuin aldera irten eta pasagune fin bat duen hormatxo bati ekin. Ondoren, emeki ezker aldera eginez, plaka etzan batetik igotzen da.
L4 (30 m, 4 aseguru, 4b). Eskuinetik ezkerrera eginez, diagonalean igotzen den plaka. Azken diedroa bilgunetik dirudiena baino askoz errazagoa da.

Jaitsiera: Horizontalean 5-8 m ezker aldera oinez egin eta jarrita dagoen katearen laguntzaz edo artetik rapelatuz jaitsi. Rapel etzan batek (30 m-koak) erlaitz handi batean uzten gaitu. Bertatik lepora katearen laguntzaz jaisten da. Lepotik kateak, eskailerak eta sokak jarraitzea soilik geratzen da.

Materiala: 10-11 zinta +bilgunerako materiala. L1eko zuhaixkarako baga bat. Friendsak eta fisureroak soberan.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Ipar-ekialdea.
Iraupena: 2h.
1. igoera: Rosanna Gómes eta Luís Alfonso, martxoa 2000.
Nork birrekipatua: Magon, Edu Gómes eta Luís Alfonso, urria 2003.



Romani x-treme (5b, 85 m, derrigorrez 4c)
L1 (25 m, 3 aseguru, 4b). Ongi igotzen den plaka, baina aseguruak zertxobait urruti dituena. “Vía del Gorba” bidearen lehenengo luzetik igotzeko aukera egon daiteke. Spitekin ekipatua dago, baina aseguruak gertuago daude.
L2 (25 m, 6 aseguru, 5b). Plaka etzan batetik zuzen igo hormatxo bertikal bateraino. Bertan zertxobait estutu behar da (5b mailako zatitxoa; bi pasagune). Hormatxoa gainditzerakoan ezker aldera eginez igo eta, ondoren, plaka etzan batetik bilguneraino.
L3 (35 m, 6 aseguru, 4a). Zati horizontalez banandutako bi plaka eta hormatxo bat. Arroka dirudiena baino fidagarriagoa da. Gainera oso ongi aseguratuta dago. Soilik 3 metroko azken hormatxoan izan behar da arreta arrokarekin (nahiko ustela). Bilgunea gilurrean (ezkerrean) aurkituko dugun artean egiten da.
Jaitsiera: Lepora oinez hurbildu. Bertatik kateak, eskailerak eta sokak jarraitzea soilik geratzen da.

Materiala: 6-7 zinta + bilgunerako materiala. Baga bat azken bilgunea osatzeko. Friendsak eta fisureroak soberan.
+ material para las reuniones. Una baga para montar la última reunión. Friends y fisureros innecesarios.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Ipar-ekialdea.
Iraupena: 1h.
1. igoera: Alba eta Cinto Romero, urria 2007.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario