© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/09/01

Kresta polita. Hurbilketa eta itzulia azkarrak ditu. Krestako zati batzuk oso estuak eta airetikoak dira. Luzeetan paraboltekin eta iltze zaharrekin babestutako bide semiekipatua da. Bilguneak 2 paraboltez osatuta daude.
Arroka hasieran dirudiena baina kaskarragoa da. L3 luzea ongi ekipatua dago eta L2 erraz autobabes daiteke. Zailtasun aipagarri bakarra L1 luzean dago. Bere erdialdera plaka fin bat dago. Bertan pasagunea eman eta, ondoren, txapatu behar da.
Krokisean ekipatuta ez dauden, baina agerikoak diren arroka-zubiak adierazten ditut.
Asmoa bideak eskaintzen dituen autobabeserako aukerak azaltzea da. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik autobabeserako beste aukerarik (badirela).
Bosgarren maila ez baduzu ongi menperatuta, soilik azken hiru luzeak (estuenak eta airetikoenak) egiteko aukera egongo litzateke R1bis bilgunetik hasita.

Iristeko: Barbastrotik, N-123 errepidea jarraituz, Olvena herrira hurbildu.

Hurbiltzeko: Olvena herrira joateko zubia gurutzatu ondoren, tunela baino lehenago dagoen tokiak aparkatu. Zubitik Cresta del Gallo osoa ikusten da. Aparkalekuaren alboan jaiotzen den bidezidorretik lepotxo batetaraino igo. Bertatik, zelaian ibiliz, bideari jarraitu jaisten hasi behar dela adierazten duen mugarria aurkitu arte. Bidearen oinarrira jaitsi. Bidea R1bis bilgunea dagoen lepotxotik pasatzen da. Kotxetik guztira 10 min. inguru.

L1 (30 m, 2 aseguru, 5b). Plakaren ezker aldetik igo (erraza) ipurutxo batetaraino iritsi arte. Bertan arroka-zubi on bat aurkituko dugu. Gero pasagune finak dituen plakari ekin behar zaio. Distantzia dago lehenengo eta bigarren parabolten artean. Pasagunea eman eta, ondoren, txapatu behar da. Mailaz justu bagabiltza, lehenengo eta bigarren parabolten artean, eskuinean, ez oso eskura, friends bateren bat ipintzeko aukera eman dezaken pitzadura bat dago. Plaka gainditu ondoren badira friends bateren bat ipintzeko aukera ematen duten pitzadura pare bat.
Plakaren zatia izan ezik, arroka ez da hain ona. Goian, bilgunea dagoen erlaitzera irteteko, harri aske ugari dago eta erraza da harriak botatzea. Hasierako R0 bilguneko paraboltean bilgunea ez egitea aholkatzen dut, justu-justu harrien erorketaren azpian baitago.
L1bis (10 m, II). Jaitsierako bidearekin lotzen den lepotxora jaitsi. R1bis bilgunean gorputzera aseguratzen da.
L2 (30 m, 3 aseguru, 4b). Kanal-diedro zabalaren oinarrira iritsi arte kresta. Kanal-diedroaren zatia erraza da autobabesten pitzadura asko dituelako. Diedrotik irteterakoan plakatxo bat. Bloke bereizgarria gainditu (alde batetik zein bestetik) eta berehala dago bilgunea.
L3 (30 m, 5 aseguru, 4b). Gailurtxora igo eta lepotxora jaitsi. Jaitsiera babesteko gailurtxoan iltze bat aurkituko dugu, baina konfiantza gehiago ematen du dagoen ipuru sendoan zinta bat jartzea. Gero kresta oso estua, baina ongi babestua. Kresta zertxobait etzan egiten da eta gehiago estutu baino lehenago aurkituko dugu azken asegurua. Kresta estu-estuko zatia gainditu ondoren dago bilgunea.
L4 (30 m, 1 aseguru, 3b). Kresta albo batera utziz bilgunearen eskuin aldetik irten (ala ere, nahi bada, krestatik joan daiteke). Zertxobait aurrerago aseguru bat eta ondoren zinta bat ipintzeko aukera ematen duen ipurua. Lepo aldera jaisten hasten garenean bilgunea egiteko erabiltzen den parabolta aurkituko dugu.



Jaitsiera: Lepora oinez jaitsi eta bertatik, igotzeko erabili dugun bidezidorrari jarraituz, kotxera jaitsi.

Materiala: 8-9 zinta + bilgunerako materiala. Bagak, friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kareharria (ematen duena baino kaskarragoa).
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
1. igoera: J. Murciano eta P. Albano, azaroa 1977
Nork berrekipatua: Aitor Sanchez eta Jose A. Fernández, abuztua 2009.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario