© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/08/09

Col de los Ladrones 3 luzeko hainbat bide dituen eskalada eskola da. Horma errepidetik ikusten da. Bere gainean duen gaur egun abandonatuta dagoen gotorlekuak atentzioa deitzen du. Hurbilketa eta itzulia azkarrak direnez, eguneko beste jarduera bat osatzeko edota eguraldia ziurra ez den egun horietarako batentzat egokia izan daiteke. Hego aldera orientatuta dagoenez, ia egun osoan eguzkiak ematen dion horma da.
Deskribatzen diren bideak, nahiz eta ekipatuak egon, urrutiratzen dezente dituzte hainbat aseguruen artea eta, beraz, derrigorrezkoa da autobabesak eramatea (Totem Cams joko batekin nahikoa). Ekipamenduan ugari dira txapa handiko parabolt “militarrak” (12 mm-koak). Horrela  izendatzen ditut militarrak izan zirelako horma hauek ekipatu zituztenak.
Bideen izenak hormaren oinarrian margotuta daude letra handitan. Kontuan izan batzuetan militarrekin topo egin dezakegula bertan egiten baitituzte eskalada saioak. Hormaren sarreran bideen izenak eta zailtasunak adierazten dituen argibide-taula dago.

Iristeko eta hurbiltzeko: Canfrac-Estación herritik Candanchu aldera igo eta herritik irten eta berehala eskuinean geratzen den pista hartu (zubi bat gurutzatu behar da). Kotxearekin bere ezkerrean beste pista txikiago bat duen bihurgune bateraino igo pistari jarraituz (1 km). Inguruan kotxea utzi eta oinez hormara hurbildu. Hamar minutu inguru behar dira.

Rudolf (5c, 85 m, derrigorrez 5b)
Denetik duen bidea. Bigarren luzean aseguru batzuen artean dauden urrutiratzeak autobabestu behar dira. Lehenengo luzea zertxobait leundua, baina euste leku onekin. Bidearen hasieran bere izena margotuta eta txaparik gabeko esparrago handi bat ikusiko ditugu. Bidea lehenengo zuhaitzaren (lizarraren) eskuinean dagoen aseguru lerroa da.

L1 (30 m, 8-9 aseguru, 4c). Euste lekuak (bilatu behar direnak) dituen plaka. Amaiera aldera bi bilgune ikusiko ditugu. Aseguruen lerroari jarraitu ezkerrean dagoen bilgunera ia iritsi arte (metro bat beherago arroka-zubi bat) eta eskuin aldera zeharkaldi, emeki gorakorra, egin. Bigarren bilgunea pasa eta hirugarren bilgunea (gurea) aurkituko dugun horma-hobiraino jarraitu. Bilgunea bi parabolt militarrez osatua dago.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5c). Zuzen irten eta bigarren aseguruan ezkerrera egin eta pitzadura batean dagoen iltzearen bila joan (iltzea zertxobait ezkutatuta). Kontuz! Ez jarraitu zuzen bigarren aseguruaren gainean ikusten den aseguru lerroari jarraituz. 6a+ (arriskutsua) zailtasuna duen saihesbidea da. Iltzetik zuzen, sabai txiki batera iritsi arte, igo eta goiko itsasgarritasun plakara igotzeko, bertan dagoen kanal-pitzaduraz lagundu. Estutu behar den pasagunea da eta kanal-pitzaduran friends bat ipintzea komeni da autobabesteko. Azken metroak itsasgarritasunezko plaka batetik doaz. Hemen ere azken aseguru eta bilgunearen artean urrutiratze bat dago, baina aukera gutxi daude autobabesteko. Bilgunea pitzadura handi baten barruan egiten da, zuhaixka baten parean (2 parabolt militarrez osatua).
L3 (25 m, 4 aseguru, 4b). Itsasgarritasunezko plaka. Pitzaduraren laguntzarekin lehenengo asegururaino igo (urruti) eta aseguratu bezain laster txapa urdin batetaraino 5 m inguruko zeharkaldi horizontala egin eskuin aldera. Hortik kateraino zuzen igo, txapatu bertan aurkituko dugun bilgunean eta ezproiari jarraitu. Bilgunea gailurreko hormaren oinarrian dagoen diedroaren ardatzean dago.

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Totem Cams joko bat bigarren luzerako.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa. Ia egun osoan eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 1h30min.




Flin (5c, 85 m, derrigorrez 5b)
Hau ere denetik duen bidea. Pitzadurak, horma, plakak eta kanal modukoak. Lehenengo luzean aseguruak urruti daude eta komeni da autobabesak eramatea. Bigarren luzea hobeto babestua dago, bina bertan ere ongi datoz friendsak. Bidearen izena hormaren oinarrian margotuta (zertxobait lausoa).

L1 (25 m, 2 aseguru, 4c). Erdian diedro-pitzadura bat duen plaka. Lehenengo asegurura iritsi baino lehen (urruti) lizar txiki batean zinta bat jartzeko aukera dago. Aseguruen arteko urrutiratzeak babesteko ongi datoz friensak.
L2 (30 m, 8 aseguru, 5c). Euste lekuak dituen horma bertikala hasieran, baina pasagune fin pare batekin. Zuhaixka dagoen aldera zuzen igo eta behin iltzea txapatu dugunean zuhaixka bere eskuinetik inguratu. Azken bi aseguru eta azken aseguru eta bilgunearen artean urrutiratzeak daude, baina friendsak ipintzeko pitzadurak daude. Bilgunea pitzaduraren barruan, bi parabolt militarrez osatua. Badago ere bilgunea metro bat ezkerrera, plakan, 2 kimikoetan egitea.
L3 (30 m, 4 aseguru, 4c). Bigarren asegururaino pitzadurari jarraitu. Zuzen jarraitzeak asegurua urruti dagoela plaka nahiko leun bat gainditzea suposatzen du. Beraz hobe da zertxobait eskuinera egin (pitzadurak duen joerari jarraituz) eta “Pepón Valenzuela” bideko bigarren bilguneko parabolt urdin batean aseguru bat jartzea. Kateraino zuzen igo, bertan dagoen bilgunean txapatu eta katearen laguntzarekin azken metroak egin. Azken bilgunea paraboltez osatua.

Materiala:  zinta + bilgunerako materiala. Totem Cams joko bat lehen eta bigarren luzerako.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa. Ia egun osoan eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 1h20min.

Jaitsiera: Bi bideentzako berdina. Pistatik jaitsi eta metalezko hesi bat pasa ondoren, eskuinean jaiotzen den bidezidorra hartuz 10 minututan bidearen oinarrian izango gara berriro.



Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario