© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/08/05

Sendero Límite taldekoek Pared del Muro de la Cascada delakoan irekitako beste bide polita. Bideak sekulako granitoa du eta ingurunea ere bikaina da. Oso ongi ekipatua metrika 8ko paraboltekin eta, kasu batzuetan, harkaitzean zulatutako arroka-zubiekin (bitxia). Denborarekin zintak eraman beharko dira, gastatutakoren bat ordezkatzeko, baina orain ez dira behar.
Disfrutatzeko bidea da,  ez baita estutasunik pasatzen. Bilgune guztiak bi paraboltez osatuak daude hiru izan ezik: R1bis, ia lurrean egiten dena (parabolta + arroka zubia), R3bis (arroka-zubi handi batean) eta R6 (pinu handi batean). Guztiak leku erosotan kokatuta daude eta ia guztietan bikotearekin ikusmeneko komunikazioa dago.
Nahiz eta beroa egin, brisak noiz behinka ur-jauziko ur-tantak ekartzen ditu eta hori gertatzen denean eskertzekoa izaten da (hala ere, suposatzen dut hori airearen norabidea eta egunaren menpe egongo dela).
Aipatzeko zailtasun bakarra L5eko 5-6 metro inguruko diedro bertikal motza da. Diedro bitxia da bere ezker parteko harkaitza beltza delako eta eskuinekoa, aldiz, zuria. Zertxobait estutu behar den metro bertikalak dira, baina ez dago patiorik, ongi babestua dago 4 paraboltekin eta estutasun batean, apur bat luzatuz, A0 moduan egin daiteke.
Balneariotik igota bidea egunean egin daiteke (1h20min lasai-lasai igota) edo, inguruan ekipatu diren beste bideren bat egiteko asmoa badago, aterpean lo eginez. Guztiz, %100 batean, gomendagarria.

Iristeko: Balneario de Panticosa delakora hurbildu eta bertan dauden hainbat aparkalekuetako batean kotxea utzi.

Hurbiltzeko: Casa de Piedra aterpearen atzean jaiotzen den bidea (GR-11) hartu. Pared del Muro de la Cascadak osatzen duen zirkura iritsi arte bideari jarraitu (1h20min lasai-lasai igota).
Aterpean lo egiteko asmoa badugu oraindik beste hiru ordu laurdeneko igoera bat geratzen zaigu, “Subida del Fraile” izeneko igoera ezaguna. Aterpea luxu bat da eta bertako zaintzaileak oso jende jatorra. Gaua pasa ondoren, bidearen hasierara jaisteak beste 30 min inguru suposatuko digu. Izena agertzen duen plastikozko zirkulu laranja batek bidearen hasiera adierazten du.

L1 (30 m, 5 aseguru, 3c). Zulo eta txorrera pilo bat dituen plaka oso etzana. Lehen lau aseguruak harkaitzean zulatutako arroka-zubiak dira (bitxia).
L1bis: Oinez erlaitz belartsu batetik 30 metro inguru egin behar dira ezkerrera. Bilgunera iritsi baino lehenago zertxobait estutzen da, baina ongi babestua dago arroka-zubi batekin. Posible da R1bis bilgunetik eskalatzen hastea bertara oinez igoz, baina horrela sarrerako plakatxo bitxi hori eskalatzeko aukera galtzen da.
L2 (15 m, 4 aseguru, 4a). Aurreko luzearen antzekoa, baina zertxobait bertikalagoa. Labur azalduta, zulo pilo bat dituen placa etzana.
L3 (30 m, 7 aseguru, 4b). Aurrekoa baino bertikalagoa den plaka handia, baina oraindik zerbait etzana. Zailtasunean aurrekoaren antzekoa, baina finagoak diren zatitxo batzuekin. Luzeak eskuin aldera egiten du eta ipuru eta zuhaixka baten artetik amaitzen da. Oso ongi ekipatua. Jarraitzeko gogoarekin geratzen zara. L2 eta L3 luzeak elkar daitezke arazorik gabe.
L3bis: Eskuin aldera egin eta oinez, harkaitz koska bat jaitsi ondoren (parabolt batekin babestua),  bilgunera hurbildu (zinta more handi bat, arroka-zubi handi batean).
L4 (30 m, 8 aseguru, 4b).  Ezproitxoa inguratu eta bere mokoan lehenengo parabolta aurkituko dugu (gero, sokaren marruskadura gutxitzeko, hurrengo biak txapatu ondoren, komenigarria da hau askatzea). Luzea euste leku onak dituen horma motz batez osatuta dago hasieran eta ondoren euste leku ugariko plaka trinko batez. Eskalada eta zailtasun aldetik hirugarren luzearen antzekoa da.
 L5 (25 m, 7 aseguru, 5b). Bilgunetik eskuin aldera irten, eta igoz zeharkaldia egin ondoren, diedroaren oinarrian ipini. Hasieran estutu behar den zatitxo gogorra (2 aseguru). Gero antzekoa da, baina euste leku hobeagoekin. Bosgarren asegurua ipini ondoren, eskuinera irten eta seigarrena jartzerakoan berriro ezkerrera itzuli.
L6 (30 m, 6 aseguru, 4b). Plaka zeharkatzen duen pitzadurari jarraitzen dion luzea. Euste leku onak, baina zatitxoren batean oraindik zertxobait zikina. Jendea pasa ahala garbitzen joango da. Aurreko luzeekin alderatuta, hemengo honetan aseguruak zertxobait urrutirago daude. Bilgunea pinu handian.
L6bis: Erlaitz belartsu handi batetik, oinez, bilgunera hurbildu (15 m inguru). Makurgune batean paraboltak ikusten dira (bigarrena urre kolorekoa). “El Dorado” bidekoak dira (6a+). Gure bilgunea zertxobait eskuinera dago. Bi parabolt eta alboan arroka-zubi bat.
L7 (20 m, 5 aseguru, 4b). Ezker aldera egiten duen luzea. Lehenengo 3 aseguruetan euste leku onak dituzten blokeak aurkituko ditugu, baina zertxobait kanpora botatzen dutenak. Garrantzitsua da oinak ongi ipintzea. Bilgunea erlaitz belartsu handi batean.
L8 (30 m, 3 aseguru, 3b). Arroka trinkoz osatutako plaka oso etzana. Aseguruak urruti.



Jaitsiera: Garagardo freskagarri bat hartzeko 5-8 min inguruko igoeratxo bat geratzen zaigu. Denbora tarte horretan aterpean gara. Kotxera itzultzeko igoerako GR-11 bideari jarraitu beharko diogu.

Materiala: 8 zinta (11 zinta L2+L3 egiten bada) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa: Ipar-ekialdea. Itzala goizez.
Iraupena: 2h45min.
Nork ekipatua: Sendero Límite taldeko kideek.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario