Bere albokoa den “Valle de Canfrac” bidearen
antzekoa, baina motzagoa. Aseguruak gertu dituen “eskola” moduko ekipamendu
batekin bidea oso ongi ekipatua dago. Baten bati ekipatuegia dagoela irudituko
zaio agian, baina beti geratzen da aseguruak saltatzeko aukera. Bidearen
egileei, zorionak egin duten lanagatik. Zati belartsu batzuekin mendiko
eskalada bidea da. Zati horiek, erortzen bazara okerrenak direnak, ongi
babestuak daude ere. Eskertzekoa da zeren ez da oso ohikoa izaten hori.
Bidea ongi berezitutako bi zatitan bana daiteke.
Lehen zatiak, L2tik L7ra doana, arroka onean, zati batzuk bertikalak eta beste
batzuk itsasgarritasun plakazkoak ditu. Bigarren zatia azken luzeek osatzen
dute. Zertxobait belartsua da (harmailak eta plakatxoak) eta batzuetan
arrokarekin arreta pixka bat izan behar da (gehien bat behekoari ez ezer botatzeko).
Klasiko handi batean bihurtuko da eta jende askok errepikatuko du. Denbora
aurrezteko lehen luzea saihestu daiteke ezkerreko erlaitz belartsuetatik igoz
(oinez).
Aipatzeko zailtasunak L6 eta L7an daude. L6 luzeko
hasierako horma lehenengo 3-4 aseguruetan
eskalatzen uzten da (hala ere, nahi bada, A0 modura ere egin daiteke)
eta gero estutu egin behar da (modu askean izan daiteke), baina A0 modura, oso
modu erosoan egiten da (asko luzatu gabe), aseguruak metro erdi eskasengatik
banatuta daude eta. Ondoren 5a-ko pasagunetxoren bat duen 4b/c zailtasuneko
luzea da. Zazpigarren luzea, eskalatzen uzten den horma baten ondoren,
itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka handi batekin egiten da topo.
Oinetan fidatu behar den eskalada da. Plakak euste leku txiki ugari ditu,
inklinatuak eta lauak, onak oinetarako, baina ez eskuentzako trakzioa egiteko
oso txarrak baitira. Txapen artean eskalatu egin behar da, baina aseguruak ez
daude beldurra pasatzeko haina urruti. Luzea ongi babestua dago. “Plakeroa”
bazara, gustatuko zaizu. Ez bazara, apururen bat edo beste pasatuko duzu.
Altura sentsazio gabeko bidea. Bilgune guztiak leku
erosoetan daude eta bi paraboltez osatuta daude. Edozein arrazoiengatik bidetik
jaisteko beharra suertatzen bazaigu, 60 metroko sokekin, bidea rapelatzeko
prestatuta dago (R2, R4, R6 eta R8 bilguneak katez eta eraztunez hornituta).
Hala ere L7 luzea hasi baino lehen, ezkerrera, bidea uzteko saihesbide bat dago
(erlaitz belartsu handi batetik). L8tik aurrera hobe goitik irtetea.
Bideari eguzkiak goiz goizetik ematen dio. Bero asko
egiten ez duen eguna aukeratu edo oso goiz hasi, bestela bero asko pasatuko
duzue. Ur nahiko aurreikusi.
Iristeko: Canfrac herriko tren geltokira hurbildu eta errepidetik Candanchu
aldera igotzen jarraitu. Eskuinera egiten duen bihurgune zabal batean Rioseta-ko
eraikin militarra dago. Kotxea uzteko aparkaleku txiki bat dago (4-5 inguru sar
daitezke) bihurgunearen erdi aldera, bere eskuinean. Errepidearen eskuinean,
bihurgunea baino 100 metro lehenago, bada beste toki bat kotxea uzteko. Itzala
du eta kotxe gehiago sartzen dira.
Hurbiltzeko: Errepidea
gurutzatu eta eraikin militarra inguratzen duen bidezidorra hartu. Bide hori
Tucablanca-ra igotzen da. Bidezidorrak, bi pinudien artean, linea elektriko
bati jarraituz, gora egiten du. Zortzi zenbakiarekin margotuta dagoen argindar-
zutoineraino igo behar gara. Bertan gaudela, hurrengo zutoin aldera
bidezidorretik beste 50 m inguru igo ondoren, mugarri handi batzuk aurkituko
dugu. Bidea utzi eta hartxingadi aldera igotzeko unea da (eskuin aldera). Zeharkatu
eta hormaren oinarritik doan bidezidorrari jarraituz bidearen hasierara
hurbildu. Harkaitzean izena jarrita dago eta, zertxobait gorago, bidearen
izenarekin zinta bat duen parabolta dago. Kotxetik, guztira, 40-45 min.
L1
(60 m, 3 aseguru, 3b). Harmaila belartsuak
eta plakatxoren bat. Albotik igota saihestu daitekeen luzea da. Oharra: luze
honetan ipini ditudan aseguruei buruz ez nago ziur. Luzea ez genuen egin eta
urrutitik ikusi genituenak jarri ditugu.
L2
(60 m, 6 aseguru, 4a). Hasieran, zati horizontal handi batera
iritsi arte, harmaila belartsuak (2 aseg.). Bertatik diedro baten ezkerrean
dagoen itsasgarritasunezko plaka oso etzanari ekiten zaio (4 aseguru).
L3
(35 m, 8 aseguru, 5c). Hasieran plaka etzan erraza (1 aseg).
Ondoren pasagune fin batzuk dituen itsasgarritasunezko plaka. Oso ongi
babestua. Bilgunea goiko diedroaren hasieratik 5 metro ezkerrera.
L4
(25 m, 10 aseguru, 5b). Euste leku onak dituen diedro bertikala
hasieran (5 aseg.). Ondoren euste leku onak dituen sabai txiki bat. Ongi
babestua dago eta oso ongi igarotzen da ezkerrean dagoen pinu txikiaren
laguntzarekin. Azken metroak, euste leku oneko plaka bertikala. L3 eta L4
luzeak elkartzeko aukera dago (guk egin genuen).
L5
(35 m, 10 aseguru, 4b). Bilgunetik eskuin
aldera irten. Itsasgarritasunezko pasaguneren bat duen plaka etzan hasieran.
Gero harmailak.
L6
(45 m, 22 aseguru, 6b edo A0/5a). Hasieran 8 metro inguruko horma
bertikala. Lehenengo 3-4 aseguruetaraino eskalatzen uzten da. Ondoren, modu
askean, 6b izan daiteke, baina A0 modura oso modu erosoan egiten da, gehiegi
luzatu gabe. Horma gainditu ondoren zailtasuna asko jaisten da (5a-ko pasagune
motzen bat, baina gehiena 4b/c zailtasunekoa). Azken 15 metroak aldapa belartsu
batetik doaz. Erraza eta ongi ekipatutakoa. Bidea uzteko saihesbidea dago
erlaitz belartsu batetik ezkerrera eginez.
L7
(30 m, 14 aseguru, 4c). Lehenengo
5 aseguruetan eskalatzen uzten den horma bertikala, euste lekuekin. Plakara
irteteko estutu egin behar da. Ondoren plaka luze bat itsasgarritasunezko
pasagune fin batzuekin. Oinetan fidatu behar da. Plakak gustatzen bazaizkizu,
luze ederra.
L8
(20 m, 6 aseguru, 4b). Hasieran harmaila belartsuak. Ondoren, pinu
txiki bateraino iristeko, harlauza bat eta plakatxo bat. Bilgunea pinutik metro
batzuk eskuinera, erlaitz handi batean. Harkaitzarekin arreta pixka bat izan
behar da (gehien bat behekoari ez ezer botatzeko), baina aseguruen
hurbiltasunarekin lasai eskalatzen da.
L9
(25 m, 7 aseguru, 4b). Sabai handi baten azpian dagoen zati zabal
belartsu batera irten arte harmailak, bertikalagoa den plakatxoren bat edo
besterekin. Sabaia bere eskuinetik saihesten da. Seigarren asegurua niri
konfiantza gutxi eman zidan harri handi batean jarrita dago. Ia hobe ez
jartzea. Harkaitzarekin arreta pixka bat izan behar da (gehien bat behekoari ez
ezer botatzeko), baina aseguruen hurbiltasunarekin lasai eskalatzen da. L8 eta
L9 luzeak elkartzeko aukera dago (guk egin genuen).
L10
(30 m, 3 aseguru, 4c). Hasieran aldapa belartsu luze bat eta azken
zatian, tarte bertikal motz bat duen ezproia.
Jaitsiera:
Gailurretik ezker aldera begiratzen badugu eski
estazioko Tucablanca-ko txabolak ikusten dira. Txabola horietara so eginez
arroka gorriko harri-jauzi bat ikusiko dugu eta bere atzean berde kolore biziko
zelai bat. Belaze horretan zig-zag egiten duen bidezidor baten arrastoak nabari
dira. Bidezidor hori hartu eta bertatik jaitsi behar da. Bidezidorra apur bat
utzita dago, baina galerarik gabe Rioseta-tik Tucablanca-ra doan bide nagusian
uzten gaitu. Bide nagusiari jarraituz kotxera jaistea besterik ez da falta.
Guztira 1h inguru.
Materiala: 18-20 zinta inguru+
bilgunerako materiala. L6 eta L3+L4 luzeetan, modu erraz batean, hainbat zinta
berreskura daitezke. Kasu batzuetan zinta bat ipintzerakoan bestea belaunaren
parean geratzen da. Friendsak eta fisureroak soberan.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa:
Hegoa.
Iraupena: 4h.
Nork ekipatua: Maite Ortiz,
Carmelo Torrijo, Adolfo Asensio y Jesús Yarza, uztaila 2015.
0 comentarios:
Publicar un comentario