© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/09/03

Bérarde-ko toki honek bide nahiko errazak eta laburrak ditu. Arroka eta ekipamendua onak. Hormara hurbiltzeko igo behar den malda gogorrak gutxienez bide para bat egitera bultzatzen du, gehien bat botatako izerdia konpentsatzeko.

La Grande Rochaille
Bideak nahiko jendetsuak dira. Ohikoa izaten da bide berean soka-bikote desberdinak aurkitzea. Jaitsierarako, jenderik ez bada, errazena eta erosoena “Une histoire sans…” bidearen ezkerrean dagoen rapel lerrotik jaistea da. Jende asko bada arroilako rapeletik (guztiz airean eta irteera deserosoa duena) edota eskuinekotik jaitsi beharko da. Bigarren hori aurkitzeko arroka baten mokoan kable bat aurkituko dugu. Kable horri aseguratuz bilgunera hurbildu behar da (oso aereoa).

Iristeko: Genobre – Bourg d´Oisans – Berarde edota Briançon – Col du Lautaret – La Grave – Berarde egin behar da. Berarde herrixkara igotzen den errepidea (D530) igoera gogorreko hainbat zati ditu eta St Christophe herrixka pasa ondoren, 4,5 km ingurura, errepidea 1 km-tan asko estutzen da. Ez da zati oso luzea, baina ez dago petrilik eta ibaia oso, baina oso, behean ikusten da. Beste kotxe batekin gurutzatzen bazara, bere “gauzatxoa” du. Eskerrak noiz behinka, 200 inguru, zabalgune txiki batzuk (Refuge) daudela. Berarde herrixkara sarrera debekatuta dago (hesia). Erosoena herriaren azpian dagoen parking handian aparkatzea da (ikus eskema).
 
Tete de la Maye
Hurbiltzeko: Herrixkara igo eta elizaren ezkerretik irteten den asfaltatutako pista hartu. Bi txabola dauden tokiraino igo eta bere atzean eta eskuinera jotzen duen bidea hartu. Bideak zig-zag eginez gora egiten du. Oinez hasi eta 20 min ingurura (kotxetik kontatzen hasita) mugarri bat ikusiko dugu eta, bere alboan, gora jotzen duen bidezidorra. Bide hori hartu eta igotzen hasi. “La Petite Rochaille” izeneko eskalada eskolara eramango gaitu bideak. Eskola bere ezkerretik inguratu eta zertxobait gorago eskuinera jo. Berehala, zertxobait gorago, eskuinera egin behar da eta eskolaren goi partean ikusten den terraza handi dagoen aldera igo behar da (eskolaren gailurrera igoko nahi bagenu bezala egin behar da). Goiko partean bidezidorra eskuinera pasatzen dela eta igotzen jarraitzen duela ikusiko dugu. Igoera gogor batetik 45 min ingurutan hormaren oinean egongo gara. Kontuz! Eskalada eskolara iristerakoan bere ezkerrean dagoen uharretik ez da igo behar. Igo daiteke, bide arrastoak daude, baina oso igoera nekeza  eta deserosoa da.


Une histoire sans fin (5a, 95 m, derrigorrez 4c)
L1 (25 m, 5 aseguru, 4b). Harmailak eta plakatxo bat hasieran. Tarteko bilgune batera iristen da. Segi eta plaka beltz handia dagoen aldera plakatik igotzen jarraitu. Bilgunea erlaitz handi batean.
L2 (25 m, 5 aseguru, 5c). Bilgunetik eskuin aldera irten. Lehenengo asegurua jarri ondoren, plaka beltzaren ezker aldean dagoen ezproitxora iristeko, 3-4 metroko zeharkaldi horizontala egin behar da. Zeharkaldian pasagunetxo fin bat dago, baina ongi egiten da lauza “salbatzaile” baten laguntzarekin. Ezproitxoa igo ondoren, harkaitza asko makurtzen da. Oso gertu dauden bi aseguru aurkituko ditugu lurrean eta, bere ezkerrean, bloke handi batean, bilgune bat (katez loturiko bi parabolt). Ez da bilgunea hor egin behar, rapelatzeko bilgunea baita. Beste 5 metro inguru igo eta “mikro” pinu baten alboan aurkituko dugu dagokigun bilgunea.
L3 (20 m, 5 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko plaka. Tarte etzanera irteteko itsasgarritasunezko pasagunetxo bat dago.
L4 (25 m, 6 aseguru, 4c). Nahiko euste lekuak dituen plaka bertikala. Hala ere euste leku horiek bilatu behar dira.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h15min.


Le premier voyage du Toons (4c, 105 m, derrigorrez 4b)
L1 (25 m, 6 aseguru, 4b). Bidea sabai handi baten ezkerrean hasten da, “une Histoire…” bidearen hasieratik 20-25 m ezkerrera. Sabaia nabaria da. Eskuinera zeharkaldi motz bat duen plaka (pasagunetxo fina) eta ondoren diedro lurtsua. Bilgunea bigarren pinu handiaren ezkerrean.
L2 (25 m, 5 aseguru, 4c). Zati bertikal labur bat hasieran. Zailtasunak hor aurkituko ditugu. Ondoren eskuineko ezproi etzanera irten eta harmailetatik bilguneraino igo.
L3 (25 m, 6 aseguru, 4b). Eskuin aldera igotzen den plaka zeiharra. Ondoren, diedro baten eskuinean geratzen den plakatxoa igo behar da. Bilgunera iristeko pasagunetxo fin bat duen zeharkaldia egin behar da eskuinera.
L4 (30 m, 7 aseguru, 4c). Diedro-tximinia. Ondoren horma etzan egiten da eta bilgunera iritsi baino lehen hormatxo bertikal bat gainditu behar da. Diedro-tximinia gainditu ondoren “Une histoire…” bidearen ezkerrean dagoen rapelaren bilgunera pasa daiteke, behean egon daitezkeen eskalatzaileei harririk bota gabe.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h20min.



Jaitsiera: Aukera ugari daude. “Une histoire…” bidean errazena eta erosoena bere ezkerrean dagoen rapel lerrotik jaistea da (2 rapel; 45 eta 40 metrokoak). Jendea badabil, gogaikarria izan daiteke. Kasu horretan ezkerrera igo (harri aske ugariko zatia) eta arroilaren gainean dagoen rapelaren bila joan gaitezke. “Voie des Pins” bidearen azken bilgunea bilatu behar da. Bere ezkerrean, 5 m ingurura, rapel instalazioa dago. Rapel instalaziora hurbiltzeko zeharkaldi horizontala erraza da eta 3 paraboltekin babestua dago. Rapela guztiz airean da, ziragarria eta irteera deserosoarekin. Beste aukera bat eskuineko rapel instalaziora joatea da. Azken bilgunetik igo (kontuz! harri askeak ez bota) eta, hormaren oinarria inguratuz, moko itxura duen bloke handi batera hurbildu behar gara. Harriaren atzean rapel instalaziora hurbiltzeko behar den kablea aurkituko dugu. Instalaziora hurbiltzeko zati labur aereo ziragarria pasa behar da.
“Le primier voyage…” bidearentzat aurreko hiru aukera horiek ditugu edota bideko R4tik (2 parabolt + 2 maillon) R3ra rapelatu eta hortik “Une histoire sans…” bidearen ezkerreko rapel lerroko bigarren instalaziora jaitsi. Instalazio horretatik lurrera 40 m-ko rapel batekin iristen da.

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario