© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/09/18

Toki polit batean kokatuta dagoen ongi ekipatutako bidea. Aseguru gehienak (iltzeak eta paraboltak) pintura gorriarekin margotuta daude eta oso ongi ikusten dira. Bilgunea egin behar den tokian R handi bat margotuta dago gorriz. Arroka-zubi batzuk eta zintetarako arroka bloke batzuk ere margoz adieraziak daude. Hainbeste marka ikusita suposatzen dut bidea eskalatzen hasten direnentzat diseinatua dagoela eta horretarako erabiltzen dela.
Luzeak motzak dira eta ia ez dago altuera sentsaziorik. Arroka euste leku argi eta nabarmenez jositako kuartzita da. Horietako batzuk autobus bat zintzilikatzeko modukoak dira. Arrokak kareharria gogorarazten du, baina zertxobait desberdina da.



Lehenengo bi luzeak izan ezik besteetan ez dut luzeak elkartzea aholkatzen, sokarekin marruskadura gehiegi egongo litzateke. Friends eta fisureroak soberan daude. Hala ere arroka-zubiren edo blokeren batetarako ongi etor daitezke zinta batzuk. L8, L9 eta L10 ez dira ikusten herritik horma begiratzerakoan (ezproiaren atzeko aldean geratzen dira).
Bide hau egiteko edota Briançon inguruko beste batzuk egiteko kanpamentu basea izateko badago Brouchier herrixkan aterpe bitxi bat: Le Gîte Le Pas du Loup. Leku oso lasaia da eta bitxikeria behatoki astronomikoa dela da, teleskopioa erabiltzerakoan irekitzen den teilatu horietako batekin hornituta.

Iristeko: Gap herritik Briançon aldera hurbildu eta Prelles herrian D4 errepidea hartu (ezker aldera) Pelboux norabidean. Errepidetik 3 km egin ondoren, gure eskuinean, lurrezko pista bat aurkituko dugu (ongi adierazia). Pistari jarraituz Brouchier herrixkaraino (auzoraino?) igo. Herriaren azpitik pasa eta amaieran Le Gîte Le Pas du Loup baino 200 m lehenago hainbat kotxentzat lekuan duen aparkalekua dago (ikus marrazkia).
Hurbiltzeko: Ezkerrera egiten duen lehen bihurgunean bide bat jaiotzen da. Hori hartu eta 3 minututara mugarri bat eta pinturazko marka gorriak ikusiko ditugu. Harrien kaos handia zeharkatzeko hasiera adierazten dute. Puntu gorriei eta mugarriei jarraituz bidearen hasiera den plaka beltz nabarmenera hurbildu behar gara. Guztira, kotxetik, 15 min. inguru.

L1 (15 m, 4 aseguru, 4b). Pitzadura jarraitu. Bilgunea erlaitz eroso batean.
L2 (20 m, 4 aseguru, 4b). Lehenengo paraboltera iritsi arte ezkerrean dagoen pitzadura jarraitu. Ondoren plakatik bilgunera iritsi arte (erlaitz handi batean). Bi bilgune antolatuta daude. Erosoena eskuinekoa da.
L3 (35 m, 1 aseguru, 3a). Oinez. Ondoren, ezkerrera, zeharkaldi horizontal motz bat tarteko bilgunera iristeko. Ez egin bilgunerik eta jarraitu (oinez), hurrengo luzearen plakaren azpian, erlaitz handi eta eroso batean, dagoen bilguneraino.
L4 (20 m, 7 aseguru, 4c). Pitzatutako plakatik zuzen igo. Terraza batera iristen da. Ezkerrera biratu eta euste leku onak dituen pitzadura-tximinia bati ekin. Aurrez bidea oztopatzen digun plaka batekin aurkitzen garenean, biratu eta ezkerrera igo. Bilgunea lepotxoan aurkituko dugu.
L5 (20 m, 5 aseguru, 4a). Pitzaduratik igo. Ondoren, eskuin aldera, zertxobait behera egiten duen zeharkaldi horizontala egiten da. Amaieran eskaloi txiki bat jaitsi behar da. Bilgunea terraza handi batean.
L6 (25 m, 4 aseguru, 4b). Hasieran 8 m inguruko plaka. Ondoren, hasiera aldera, erresalte motz bat duen kanala. Azken metroak kanal lurtsu zabal batetik oinez igotzen da. Azken zati hau autobabesteko aukera dago pinu handi baten sustraietan zinta bat ipiniz. Lepo batera iritsiko gara. Bertan, ezkerrean, bilgune bat ikusiko dugu (parabolt 1 + iltze 1). Ez egin hor bilgunea. Eskuin aldera jarraitu hurrengo luzea osatzen duen pitzatutako plakaren oinarrian jarri arte. Plakaren oinarrian zinta batekin primerako bilgunea antolatzeko harrizko bloke handi bat dago. Harriak aulki itxura du eta bertan bilgune sendo-sendo bat antolatzeko nahita jarrita dagoela ematen du.

L7 (20 m, 4 aseguru, 4c). Euste leku oso onak dituen pitzatutako plaka bertikala. Ezproira irteterakoan asko etzaten da. Azken metroak, plaka oso etzan batetik, ia oinez egiten dira.
L8 (25 m, 4 aseguru, 4a). Zertxobait jaitsi eta euste leku onak dituen plaka bertikal motz bati ekin. Ondoren zati horizontal bat eta jarraian, pinu baten alboan, erresalte labur bat. Azken metroak ere oso etzanak.

L8bis (20 m). Eskuin aldera oinez 20 m inguru egin plaka etzan baten azpian dagoen erlaitz batean pintatutako R handia aurkitu arte. Ez dago bilgunerik, baina ez dago arazorik L9 luzea gorputzetik aseguratzeko.

L9 (35 m, 5 aseguru, 3c). Plaka etzana eta ondoren erresalte labur bat. Tarteko aukerazko bilgunea katerik gabeko bi paraboltez osatuta (hobe saltatzea). Azken 15 metroak, oso etzanak, ia oinez igotzen dira. Bilgunea zelai handi batean (parabolt 1).

Ematen du bidea amaitu dela gure aurrean gailurra ikusten delako eta bertara plaka oso etzan batetik oinez igo daitekeelako. Baina ez. Gailurrera begiratzen ari garela, gure ezkerrean dagoen zelai batera jaitsi behar da.

L9bis (10 m, 3 aseguru, II). Harmaila errazak zelaira jaisteko. Jaitsiera 4 edo 5 m dira eta oso ongi babestua dago 3 paraboltekin. Gehiegi, bi sobratzen dira.

L10 (35 m, 5 aseguru, 4c). Erdian pitzadura handi bat duen 10 m inguruko horma bertikala. Bideari azken puntua jartzen dion luzea. Zertxobait estutu behar da, baina euste leku handi eta oso onak ditu. Plaka super etzanera irteten da eta bilgunerainoko azken metroak oinez egiten dira.


Jaitsiera: Gailurretik jaiotzen diren marka gorriak jarraitu (ezker aldera) atzean dagoen lepora jaisteko. 3 minututan bertan gara. Bertatik ezker aldera egin eta bidezidor nabari batetik kotxeraino jaitsiko gara. Guztira 20 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Bloke edo arroka-zubiren batentzat zinta pare bat. Friends eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Euste lekuz oso aberatsa den kuartzita.
Orientazioa: Ipar ekialdea.
Iraupena: 2h45min.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario