Ertzaren zatia kentzen badugu, nagusiki plaketan
eskalatzen den bidea da. Gure asmoa “Eperon de la route” bidea egitea zen,
baina genuen informazio nahasiarekin ez gaude ziur bide hori ala, barianteren
batekin, “No name” izenekoa egin dugun. Azken honi 5c zailtasuna ematen diote
eta ziur gaude horrelako zailtasun maila zuen luzerik ez dugula egin. Gauza da biak
ertzean elkartzen direla eta hortik aurrera luzeak komunak dira bientzako.
Beraz kontrakoa esaten ez diguten bitartean “Eperon de la route” bidea egin
dugula onartuko dugu.
Ertzaren zatia izan ezik, bidea ongi ekipatua dago
eta arroka onekoa da. Ertzean arreta izan behar da arrokarekin eta aseguruak
urrutiratzen dituzte. Gainera ekipamendua nahiko zaharra da. Beraz komeni da
friendsak eta fisureroak eramatea. Bilgune guztiak, azken biak izan
ezik(parabolt 1 + spit 1), 2 parabolt edota bi long livez osatuta daude.
Lekua nahiko lasaia da eta ez da masifikaziorik.
Hormara iristeko igo behar den aldapa gogorrak jendea desanimatzen duela
dirudi.
Iristeko:
Briançon herritik Lautaret mendate aldera igo behar
da. Mendaterako bidean “Le Pont d´Alp” izeneko hotela eta erreka pasatuko
ditugu. Hemendik kilometro bat inguru aurrerago, errepidearen alde bakoitzean,
hartxintxarrezko bi aparkaleku aurkituko ditugu. Bertan utzi behar da kotxea.
Hurbiltzeko:
Eskuineko aparkalekutik (mendate aldera begiratuta)
bidezidor bat jaitzen da. Horri jarraitu behar zaio. Alertze baso baten
barrutik bidea zuzen igotzen da, zig-zag ugari eginez. Igoera gogorra da eta
lasai hartu behar da. Guztira, erritmo lasai batean, 25-30 min behar dira.
Bidezidorra hormaren oinarrira iristen den tokian
parabolt lerro bat ikusiko dugu. Lehenengo txapa plaka etzan batean dago. Hori
da jarraitu beharreko lerroa.
L1
(30 m, 7 aseguru, 4b). Plaka pare bat hasieran eta ondoren hormatxo
bat. Harmaila batzuetatik jarraitzen da bilgunera iritsi arte. Azken zati
honetan erlaitzetan nahiko txintxar aske ugari dago.
L2
(40 m, 8 aseguru, 4b). Harmailak eta
plakatxoak oinez igotzen den zati belartsu batera iristeko. Zati belartsu hori
zeharkatu ondoren ur kanalak dituen plaka batera iristen da. Pasagunetxo finen
bat duen plaka hori gainditu ondoren bilgune bat aurkituko dugu (katerik gabeko
2 parabolt). Hobe da jarraitzea. Bilgunetik eskuin aldera ikusten den parabolt
lerroari jarraitu behar zaio (ez jarraitu ezkerreko lerroa) eta 10 metro
aurrerago beste bilgunea aurkituko dugu.
L2bis
(15 m). Bide belartsu batetik ezker aldera igo 10-15 metro
inguru. Harri handi baten atzean aurkituko dugu bilgunea.
L3
(20 m, 4 aseguru, 4c). Euste lekuak
dituen plaka bertikala. Zati honetan arroka oso zimurtsua da. Plakaren irteeran
arreta jarri behar zaion harri bat dago. Plakan dagoen hirugarren asegurua ez
da bilgunetik ikusten.
L4
(55 m, 5 aseguru, 4a). Ertz aldera egin. Bost metro ingurura beste
bilgune bat aurkituko dugu (parabolt 1 + spit 1). Hirugarren luzearen ezker
aldean beste lerro batena dela dirudi. Ertzera iritsi arte, erdi oinez, erdi
trepatuz igotzen den zati bat dator. Ertzera nabaria den lehenengo lepotxotik
sartzen da. Ertzari jarraitu. Ez da zaila, baina arrokarekin arreta izan behar
da eta aseguruak urrutik daude. Parabolta aurkitzen dugunean, bilgunea
aurkitzeko, ertzetik irten ezker aldera egin behar da.
L5
(15 m, 3 aseguru, 4b). R4 bilgunearen gainean iltzez osatutako lerroa
ikusten da. Ez da hortik igo behar. Eskuin aldera 4-5 metro inguruko goranzko
zeharkalditxo bat egin behar da eta paraboltekin aseguratutako
diedro-tximiniaren azpian kokatu.
L6
(15 m, 3 aseguru, 4a). Euste lekuak dituen plaka bertikal laburra.
L5 eta L6 elkartzeko aukera dago.
Jaitsiera: Azken
bilgunetik gora egin behar da bidezidor batetik gailur moduko batera igo arte
(5 min inguru) eta bertan ezker aldera jaisten den bidezidorra hartu. Oso
nabaria den bide horri jarraituz 20 minututan hormaren oinarrian izango gara.
Kotxera jaisteko beste 15 min inguru beharko ditugu.
Material: 8-10 zinta +
bilgunerako materiala. Ertzerako friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Ertzean izan
ezik, kalitate oneko kareharria.
Orientazioa:
Hegoa.
Iraupena: 2h30min.
0 comentarios:
Publicar un comentario