© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/11/18

Zati bertikalak ongi aseguratuak dituen ertza. Ekipamenduan denetik aurkituko dugu (iltzeak, arroka-zubiak, paraboltak), baina nahikoa da. Zati errazetan ez dugu asegururik aurkituko (edo baten bat isolatua). Beraz fisureroak, friendsak eta zintak beharrezkoak dira.
Erreferentzia gehienetan luzeak 50-55 metrotaraino luzatzen dituzte. Guk ere horrela egin genuen, baina soken marruskadura oso handiarekin eta bikoteen arteko komunikazioa zailarekin aurkitu ginen. Beraz, bi arazo horiek alden neurrian gutxitzeko, luzeak laburtzea proposatzen dugu. Nahi duenak ere luzatzeko aukera izan dezakeenez, L# eta L#bis modura izendatzea erabaki dugu. Bakoitzak erabaki dezala zer egin.

Iristeko: Olvena herrira igo eta kotxea aparkatu (ikus eskema).

Hurbiltzeko: Olvena herrira hurbiltzen garenean leiho urdinak dituen etxe handi batean arreta jarri behar da. Etxe horren bila joan behar gara. Kale txiki batetik inguratu eta poste adierazle bat aurkitu arte atzeko kaletik igo. Postean, beste gauza batzuen artean, “Puente de la Sierra” jartzen du.
Bidetik jaitsi. Bidearen hasieraren aurrean gaudenean, bidezidor nagusia utzi eta, bihurgune batean jaiotzen den beste bidezidortxo bat hartuz, hormaren oinarrira hurbildu. Kotxea uzten den tokitik 15 min inguru behar dira.


L1 (40 m, 9 aseguru, 4b). Hasieran iltzeekin, begidun torloju eta ipuru batean zintaz aseguratuta dagoen plaka bertikala. Ondoren eskuin aldera kanal moduko bat igo behar da ertzera irten arte. Zertxobait ertzetik igo eta, parabolta txapatu ondoren, ezker aldera zeharkaldi gorakor bat egin (2 iltze) terraza handi eta eroso batera iristeko. Bilgunea zuhaitz batean edota arroka-zubi txiki, baina sendo batean. Luzean dauden ipuruetan zintaren bat gehiago jartzeko aukera dago. Lehenengo iltzea aho estukoa da eta ez da edozein mosketoi sartzen. Eraman bat txikia edota estua.
L2 (20 m, 2 aseguru, 4a). Euste leku eta arroka oneko plaka bertikala. Ertz aereo batera irteten da. Hobe da harri handiren bat aprobetxatuz bertan bilgunea egitea.
L2bis (30 m, 3 aseguru, 3c). Estutzen doan ertz aereoa. Bere amaierako zatian oso estua egiten da. Zati hori gainditzerakoan lepora jaitsi behar da eta bertan bilgunea aurkituko dugu (parabolt 1 + altzairuzko kablea arroka-zubi batean).
L3 (10 m, 3 aseguru, 4c). Plaka bertikala. Plaka gainditzerakoan bilgunea egiteko oso aproposak diren 2 ipuru handietara iristen da. Bertan bilgunea eginez sokaren marruskadura txikiago izango dela uste dugu eta gainera bikotearekin hobe komunikatzeko aukera izango dugu.
L3bis (30 m, 1 aseguru, 3c). Ipuruen eskuinetik igo eta gailurraren ezkerrean geratzen den tarte belartsu batera irtengo gara. Ertzaren ezker aldetik gailur aldera igo, baina ez igo goraino eta, nabari ikusten dugunean, lepo aldera jaitsi. Bertan bilgunea aurkituko dugu (parabolt 1 + altzairuzko kablea arroka-zubi batean).
L4 (30 m, 4 aseguru, 5a). Aseguruen artean urrutiratzeren bat duen plaka bertikala. Urrutiratzea friends pare bat ipiniz konpondu daiteke. Luzeko zailtasun aipagarria makurgunetxo bat da, baina ongi babestua dago altzairuzko kable eta parabolt batekin. A0 modura egiteko aukera dago. Gailurrera iristerakoan hobe da ez jarraitzea eta bertan, altzairuzko kable bat duen arroka-zubi handi batean, bilgunea egitea.
L4bis (20 m, 0 aseguru, 4b). Muturrera iritsi arte, ia oinez egiten den ertz zati erraza. Ondoren, lepo belartsu zabal batera jaistko, 6 m inguruko jaitsiera (destrepea) egin behar da. Ez da destrepe oso zaila, baina ez dago asegururik (edo guk ez genuen aurkitu). Oposizioa eginez eta horman sartuta dagoen harri bloke baten laguntzarekin ongi iristen da lurrera. Zati hau delikatuagoa da bigarrenarentzat lehenengoarentzat baino. Moduren batean bigarrenari jaitsiera babestu beharko litzaioke.




Jaitsiera: Baselizaraino ertzaren ezkerretik oinez igo (zatitxoren batean trepada txikiren bat dago). Baselizara igotzeko 10 min inguru behar dira. Bertatik kotxeraino beste 10 min inguru behar dira.
  
Materiala: 9-11 zinta + bilgunerako materiala. Fisurero joko bat, friends joko bat eta ipuruentzat zinta batzuk.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Eki aldea.
Iraupena: 2h20min.



Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario