Plaketan nagusia den bidea. Oinekin eskalatzen da,
esku eta oinentzako euste leku txikiekin. Montserrateko ohiko eskalada mota.
Plaketan ez bazara abila, estutasun txikiren bat pasa dezakezu eta oineko
bikiak nekatuko zaizkizu.
Arroka ona lehenengo luzeko lehen metroak izan ezin.
Bertan arroka zertxobait leundua dago, baino hortik aurrera arroka ona da.
Ekipamendua ere ona da, baina zati batzuetan aseguruen artean urrutiratzeak
daude. Burutik ongi ibili behar da.
Iristeko:
Bartzelonatik hurbilduz Collbato adierazten duen A-2
autobiako 575 irteera hartu behar da. Zerbitzu bidetik 2,5 km inguru egin El
Bruc 500 m, 572 irteera adierazten duen kartel adierazlearen aurrera iritsi
arte (kartela autobian dago). Justu toki horretan etorbide moduko batetik el
Bruc Residencial delakoan sartu behar da. Etorbidea bitan banatzen denean, ezkerreko
kalea hartu eta amaieraraino jarraitu. Bertan eskuinera egin eta berehala,
ezkerrera eginez, pinudian sartzen den lehenengo lurrezko pista hartu. Pista
estua da, baina egoera onean dago eta kilometro pare bat egin ondoren Can
Jorbako aparkalekuan utziko gaitu. Bidegurutze guztietan norabide egokia
adierazten duten kartelak aurkituko ditugu.
Beste aukera bat Vinyanova jatetxetik hurbiltzea da
(ikus eskema), baina bidea luzeagoa da eta, nahiz eta pista zabalagoa izan,
egoera okerrago batean dago.
Hurbiltzeko:
Eskaileratxoak dituen etxetxoaren alboan jaiotzen
den bidezidorrari jarraituz bailararen hondo aldera egin behar da. Uhar lerro
batera iritsiko gara. Badirudi uharrari jarraituz igotzeko aukera dagoela bide
arrastoak nabari direlako, baina ez da horrela. Uharra zeharkatu eta beste
aldera pasa behar da. Bideak beste aldetik gora egiten du eta Torrent del Migdia
– Tram inferior (El Joc de l´Oca ibilbidea) arroilera hurbilduko gaitu. Bertan
dago bidearen hasiera. Bidea zein den nabaria da.
L1
(25 m, 8 aseguru, 4c). Plaka
hasiera eta ondoren diedro moduko baten laguntzarekin igotzen den plaka.
Lehenengo metroak zertxobait leunak. Lehenengo aseguruak ere zertxobait urruti.
Hirugarren aseguruan, txapatu ondoren, hobe da ezkerrera pasa eta, zertxobait
gorago, eskuinera. Euste leku gehiago daude eta arroka ez dago hain leundua.
Hortik aurrera diedroaren ezkerretik igotzen da. Euste leku onak eta aseguruak
gertuago azken zati honetan. Bilgunea bi parabolt eta katez osatua.
L2
(20 m, 4 aseguru, 4c). Montserraten
ohikoak izaten diren plaka horietako bat da. Arroka hobeagoa da eta ez dago
hain leundua, baina nahiko airea dago aseguruen artean. Lehen asegurua nahiko
urrun. Bada bosgarren aseguru bat, baina bilgunetik 25 cm eskasera dago eta
gutxirako balio du. Bilgunea eraztunik gabeko bi paraboltez osatua.
L3
(30 m, 13 aseguru, 4c). Oso ongi
babesturiko plaka, baina oso mantendua zailtasunean (ia horrengatik lasai-lasai
5a-ko zailtasuna eman litzaioke). Eskalada mota honetara ez bazaude ohituta
oineko bikiak kargatzen joaten dira. Luzeak emeki eskuin aldera egiten du
seigarren asegururaino iritsi arte. Gero dena zuzen. Bilgunea eraztunik gabeko bi
paraboltez osatua.
L4
(25 m, 5 aseguru, 4c). Bi zuhaixken artean dagoen txapa hori
bateraino iritsi arte, eskuinera egiten den zeharkaldi horizontal batekin
hasten da. Hirugarren eta laugarren aseguruen artean distantzia dago. Zati
honetan gainera daude luzeko pasagunetxo finak. Bilgunea bosgarren asegurutik, horizontalean,
3 m ezkerretara dago. Sokez loturiko bi paraboltez osatuta dago bilgunea, baina
eraztunik gabe.
L5
(25 m, 4 aseguru, 4b). Zertxobait etzana dagoen plakatik igo eta
sabai handia ezkerretik inguratu. Sabaian zuzen igotzen den parabolt lerro bat
ikusten da, baina oso zaila ikusten da (ez dakit zer irten daitekeen, baina oso
zaila denaren itsura dauka). Ezkerreko ertzetik igo eta, azken aldera, bilgunea
aurkitzeko, eskuinera egin. Luze hau erdibitzeko aukera dago ertzean dagoen
zuhaitz handian bilgunea antolatzen bada (R4tik 15 m ingurura dago zuhaitza).
Bilgunea eraztundun 3 paraboltez osatuta dago.
Jaitsiera: Krokisean
agertzen den rapel lerrotik rapelatuz. Bilgune guztiak eraztundun bi parabolt
berriez osatuta daude. 60 metroko soka bikoitzekin R1 modura izendatu dugun
bilgunea salta daiteke eta modu erraz eta eroso batean R2ra iristen da. R3
delakoa aurkitzeko zuhaitzetatik aldendu behar gara eta hormaren zentro aldera
eginez jaitsi behar gara.
Materiala: 13 zinta +
bilgunerako materiala. Bide hasieran
dagoen zuhaitzaren adarrerako ongi dator zinta bat.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa:
Ekia.
Iraupena: 2h45min.
1.igoera: J. Oliva eta
T Céspedes, 1992.
0 comentarios:
Publicar un comentario