© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2017/01/17

Bideari buruzko kritika txarren bat irakurri dut, baina benetan guri asko gustatu zitzaigun. Gozatzeko bidea da. Guztiz gomendagarria. Arroka ona eta ekipamendua luxuzkoa. Zatitxoren batean arroka zertxobait apurtua ikusten da, baina arrokaren kalitatea eta trinkotasuna hasieran ematen duena baino hobea da. Gainera ekipamendua luxuzkoa denez, zati horietan ez da apururik pasatzen. Ikusten da ekipatu dutenek lan handia hartu dutela zati delikatuak purgatzen eta garbitzen. Jendea pasa ahala hobetzen joango den bidea da.
Badira gorazko zeharkaldian igotzen diren plaka etzanak gehiegi ekipatuta daudenak ematen dutenak, baina bigarrenaren igoera babesteko pentsatuak daude eta zorigaiztoko pendulu horiek ekiditeko. Gainera, erreza iruditzen bazaigu, beti dago aukera asegururen bat saltatzeko.
Bilgune guztiak (R7 izan ezik) erlaitz handi eta erosotan daude. Aseguratzen ari garenean inguruko paisaiaz gozatzeko aukera emango digute. Bilgune guztiak 2 parabolt eta eraztunez eraikiak daude 60 metroko soka bikoitzekin rapelatu ahal izateko.

Iristeko: Murillo de Gallego herrira igotzen den errepidea hartu eta metro batzuk aurrerago, ezkerrera egiten duen lehenengo bihurgunean, eskuinean jaiotzen den asfaltatutako auzo-errepidetxoa hartu. Asfaltoa amaitzen denean, etxe baten alboan, baina etxea baina lehenago, hartxintxarreko pista bat jaiotzen da. Pista hori hartu eta igotzen hasi. Harrizko hesi luze bat duen etxe baten albotik eta aurrerago bi putzuen aurretik pasatuko gara. Bigarren putzuaren parean pista lurrezkoa bihurtzen da. Hala ere autoentzat egokia jarraitzen izaten du. Igotzen jarraitu hainbat kotxe aparkatzeko ahalbidetzen duen zabalgune batera iritsi arte.

Hurbiltzeko: Aparkalekutik irteten den bidezidorrari jarraitu. Hormen aldera egiten duen ongi markatutako bidea da. Bidetik igo eta 30 min ingurura bidearen hasieran egongo gara. Bidearen oinarrian, horman markatuta, “II-D” inskripzioa dago.

L1 (35 m, 10 aseguru, 3c). Plaka etzana hasieran. Ondoren 2 metro inguruko erresaltea eta gero, plaka etzan batetik, emeki gora egiten duen zeharkaldi luzea eskuinera.
L2 (25 m, 9 aseguru, 4b). Makurgune bat inguratzeko buelta erdi bat egiten du luzeak. Plaka etzana hasieran. Ondoren plaka bat nahiko bertikala. Ezkerrera egiten den zeharkaldi motz batekin amaitzen da. Azken erresalte motz bat gainditzea soilik geratzen da bilgunera iristeko.
L3 (35 m, 14 aseguru, 5a). 4c zailtasun mailan mantentzen den plaka luze nahiko bertikala. Bukaera aldera erlaitz batera iristen da eta bertatik irteteko pasagunetxo bat dago (luzeari zailtasun maila ematen diona), baina oso gertu dauden bi aseguru ditu eta, arazorik gabe, lasai aski A0 modura egin daiteke.
L4 (40 m, 15 aseguru, 4b). Bi metro inguruko hormatxoa bilgunetik irteteko. Ondoren pitzadura batean uzten gaituen arroka trinkoz osatutako plaka luze etzana. Azken plakara igotzeko eskuin aldera zeharkaldia egin. Zati labur honetan arreta izan behar da arrokarekin (baina oso ongi aseguratua dago). Bilgunea aurkitzeko emeki eskuinera eginez igo.
L5 (30 m, 13 aseguru, 5b). Horma bertikala eta mantendu batez osatutako luzea. Bertikalagoa erdiko aldean (pitzadura pasa ondoren). Zatitxoren batean arrokarekin arreta izan behar da, baina aseguruak gertu daudenez lasai eskalatzen da. Gainera arroka hasieran ematen duena baino hobeagoa da.
L6 (25 m, 9 aseguru, 4a). Plaka bertikala hasieran, 5-6. aseguruetara iritsi arte. Gero etzan egiten da eta plaka etzan batetik igotzen da.
L7 (30 m, 7 aseguru, 3b). “Los terceros también existen” bidekoa da ia luze osoa (lehenengo bi aseguruak soilik dira bide honetakoak). Gailurrera igotzeko luzea da. Hasieran ezkerretik eta gero zentrotik igotzen den ezproi etzana da. Nahiko harritxo solteak.



Jaitsiera: Gailurretik jaisten garela lepoan, gure eskuinean, aurkituko ditugun soka eta kate finkoak erabiliz jaitsi. Konplikazio handirik gabeko bidea, baina zatitxoren bat delikatua duen bidea da. Bideak ferratara eramango gaitu. Ongi etor daitezke eskularru batzuk eskuak babesteko. Ordu erdi batean ferrataren oinarrian izango gara eta beste ordu erdi batean kotxean.

Materiala: 15 zinta (baten batzuk luzeak)+ bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar. Soberan daude.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 3h15min.
Nork ekipatua: Manrique Pérez eta Jesús Sánchez, 2015.



Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario