Ez
dut uste Vadiello moduko leku lasai
aurkitu daitekeenik, udaran behintzat. Carmen bidea gozoki hutsa da.
Udarako arratsalde baterako aukera ezin hobea da. Arratsaldeko 16:00etatik
aurrera guztiz itzalean geratzen da eta, nahiz eta beroa egin, eskalatzea oso
atsegina egiten da. Arroka kalitatezkoa inguru honetan hain ohikoak diren
“txitxirioekin”. Ekipamendua ere oso ona 12 mm-ko metrika duten paraboltekin.
Guztia horri guztiz laua den 4 minutuko hurbilketa “luzea” gehitzen badiogu,
ezin da gehiago eskatu.
Lehenengo
erdi aldera hormatxo bat duten bi luzetan plaka etzanetan eskalatzen da. Azken
luzea bertikalagoa eta mantendua da. Eskalada ere teknikoagoa da.
Iristeko: Huesca
hiriburutik Loporzano herrira hurbildu. HU-330 errepidea bere amaieraraino
jarraituz Vadiello-ko urtegira iritsiko gara arazorik gabe. Urtegiaren horma
aurrean dugula tunela zeharkatu eta eskuinean geratzen den aparkalekuan
aparkatu (5-7 kotxerentzako lekua dago).
Hurbiltzeko: Errepidetik
oinez jarraitu eta bi tunel zeharkatu behar dira (bigarrenak hesi bat du
kotxeak ez pasatzeko). Bigarren tunelaren irteeran dago bidearen hasiera.
Kotxetik 4 min inguru behar dira.
L1 (30 m, 6 aseguru, 5a). Plaka etzana
hasieran. Ondoren paraboltak ezkerrean utziz hobeto igotzen den
hormatxo-sabela. Bilguneraino azken metroak nahiko etzanak.
L2 (30 m, 5 aseguru,
5b).
Plaka etzana hasieran. Ondoren pasagune fin pare bat dituen hormatxoa.
Gainditzen dugunean, aurrean, jaisteko bigarren rapela ikusiko dugu. Eskuin
aldera jarraitu eta dagoen sabaitxoa bere eskuinetik gainditu. Ezpelen artean
sartzen den plaka etzan batetik igo. Lau hanketan igotzen den lurrez jantzitako
kanal batek bilgunean uzten gaitu. Bilgunea zuhaitz handi batean egiten da.
Lurrez jantzitako kanala babesteko ongi dator zintaren bat eramatea.
L3 (25 m, 8 aseguru,
5c).
Bi horma bertikal emeki etzana dagoen tarte batez bananduta. Lehenengo horman
(kanpora botatzen du) lehenengo asegurua txapatzeko zuhaitzera igo behar da. Bi
hormak nahiko teknikoak dira, oinekin asko eskalatu behar den horietakoak.
Bigarren horma gainditu eta bilgunea metro batzuk ezkerrera geratzen da.
Jaitsiera: Bidetik
rapelatuz.
Materiala: 8 zinta +
bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude. Ongi dator L2ko
lurrez jantzitako tartea babesteko zintaren bat eramatea.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa: Ekia –
Iparrekia.
Iraupena: 1h45min.
0 comentarios:
Publicar un comentario