Peña Predicadera Parque Natural de la Sierra y los Cañones de Guara barruan kokatuta dago. Eskalada arautzen duen agindu berriaren arabera (Ots 2016), urte osoan eskalatu daiteke horma hauetan.
Tokia udazkenean eskalatzeko leku aproposa da. Udaran oso goiz ibili behar da. Bere orientazioa dela eta (hego-ekialdea) goizean goizetik eguzkiak ematen dio.
"Jabali errante" bideko arroka oso ona da. Laugarren luzeko 6a+ pasagunea A0 modura egin daiteke, ongi ekipatua baitago. Hala ere hirugarren asegurura iristeko zertxobait luzatu behar denez, ez dago gaizki oinentzat zinta batekin laguntzea. R2, R4 eta R5 bilguneak eraztunak dituzte eta beraz bidea rapelatzeko aukera dago (60 m-ko sokekin). Azken bilgunea inguru honetan ireki den azken bidearena da, Afrodita. Inguruko beste bideren bat egiteko asmoa badugu bidetik edo Afrodita bidetik rapela daiteke. Denbora aurreztuko dugu eta hormaren oinarrira bueltatzeko itzuli handi bat ematea ekidituko dugu. Hormaren oinarrian bidearen izena margotuta dago.
Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.
L1 (30 m, 4 aseguru, 3b). Arroka trinko eta itsaskorrez osatutako plaka etzana. Plaka erraza da, arroka ezin hobea, baina aseguruak zerbait urruti daude.
L2 (35 m, 7 aseguru, 4b). Aurreko luzearen antzekoa, baina plaka apur bat tenteago.
L3 (25 m 3 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta berehala eskuinetik ezkerrera zeharkaldi batez gainditzen den horma bertikala aurkituko dugu. Ondoren, bilguneraino, espoloi estu bat, etzana eta erraza. Azken 10-12 metroak errazak, baina asegururik gabe.
L4 (45 m, 10 aseguru, 6a+ edo A0/4c). Bilgunetik irten eta berehala gilbor handi bat. Pasagunea ongi aseguratuta dago. Oinentzako zinta baten laguntzarekin nahiko ongi gainditzen da A0 modura (apur bat borrokatu ondoren; hirugarren asegurua zertxobait urruti geratzen denez ongi luzatu behar da). Pasagune hori gainditu ondoren diedro-tximinia bertikal labur batek jada etzanagoa den espoloian uzten gaitu. Bilgunea sabai handia baino apur bat beherago dago.
L5 (25 m, 3 aseguru, 4a). Sabai handiaren azpian dagoen erlaitz handira igo eta horizontalean ezkerrera gurutzatu. Zati hau ia oinez egiten da eta hasieran dagoen parabolt batez babestua dago. Ondoren ongi babestutako 3-4 metroko hormatxo bat gainditu behar da. Bilgunea zertxobair ezkerrera (Afrodita bidearen azken bilgunea da; 2 parabolt eta eraztunak).
Jaitsiera: Rapelatuz edo oinez. Oinez jaitsi nahi badugu gorantz 60-80 metro inguru igo eta mugarriz adierazita dagoen tokian arroilatxo bat gurutzatu. Altuera galdu gabe, bidezidor baten arrastoak aurkitu arte, ezkerrera gurutzatu. Bertatik jaitsi eta bloke handiaren ("El pito") bila jo. Bere inguruetan Mondinerora igotzen den bidea aurkituko dugu (mugarriz adierazia). Bide argi horri jarraituz berehala gara hormara ekarri gaituen pistan. Goitik pistaraino 25 min inguru. Hemendik kotxera itzultzea soilik geratzen da (beste 20 minutu inguru).
Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Fisurero joko bat eta friends txiki batzuk eramatea ez dago gaizki. Horrez gain, zinta luze pare bat beharko dira laugarren luzeko pasagunea gainditzen laguntzeko eta azken bilgunea egiteko.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Fisurero joko bat eta friends txiki batzuk eramatea ez dago gaizki. Horrez gain, zinta luze pare bat beharko dira laugarren luzeko pasagunea gainditzen laguntzeko eta azken bilgunea egiteko.
Arroka: Kareharria (itsasgarritasun handiko tillita trinkoa).
Orientazioa: Hego-ekialdea
Iraupena: 2h.
Nork irekia: Jesús Estaún eta Max Garralaga, 1984.
Nork berrekipatua: Pepín Valdivia eta Nestor Ayerbe,
0 comentarios:
Publicar un comentario