© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/08/11

Eskalada bertikala eta oso mantendua. Giroa eta paisaia, ikusgarriak. “Gaviotas” hormako bide eskuragarriena eta beraz, errepikatuena da. Bidea ongi babestua dago, baina aseguruen artean aireak korritzen du. Horrez gain, urrutiratzeren bat edo beste aurkituko dugu. Beraz, eskaladaz gozatzeko garrantzitsua da derrigorrezko maila ongi menperatua eramatea. Bilguneak kimikoekin antolatuta daude.

Ogoño

OHARRA: Uztailak 16tik martxoak 31 bitartean eskala daiteke soilik. Apirilak 1etik uztailak 15era DEBEKATUTA DAGO ESKALATZEA (hegaztien habiengatik).


Iristeko: Ibarrangelura hurbildu behar gara. Herriaren sarreran egonik kotxea uzten den aparkalekura iristeko bi aukera ditugu (ikus krokisa).

Lehenengo aukera Elantxobe aldera egitea da eta Ibarrangeluko gainera iristerakoan, Elantxobera jaisten hasi baino justu lehenago, ezkerrean aurkituko dugun asfaltatutako pista hartzea da. Pista horrek 1,2 km  ondoren aparkalekura eramaten gaitu. Pista zati batzuetan estua da. Beste kotxe batekin gurutzatzen bagara maniobratzen ibili beharko dugu.

Bigarren aukera Laga hondartza aldera egitea da eta 1,8 km ondoren, justu araztegia ikusi ondoren, eskuinera egin eta araztegi aldera sartzea da. Araztegiaren sarrerako hesira iristerakoan, ezkerrean, zementuzko pista zabal bat jaiotzen dela ikusiko dugu. Hori hartu eta bertatik igoz 700 m-tan aparkalekuan gara. Igoera gogorra. Beste kotxeren batekin gurutzatzen bagara ez dago arazorik pista nahiko zabala delako.

OHARRA:  Aparkaleku alboan iturria eta mahaiak dituen zonalde bat daude.


Ogoñoko sarbideen mapa.
 

Hurbiltzeko: Aparkalekutik bi aukera ditugu (ikus krokisa):

Lehenengoa kanposanturen albotik doan hormigoizko pistatik igotzea da (hesia). Igoera gogorra 10 minutuko tartean. Gero hartxintxarrezko pista batetik jarraitzen du. Hasieran horizontalki, gero emeki behera eginez. Pista jarraitu eskuinetik datorren beste pista batekin topo egin arte (bigarren aukera da). Zertxobait aurrerago, panel baten alboan, hormara eramango gaituen bidezidorra aurkituko dugu. Metro batzuk aurrerago (50 m ingurura) postea duen bidegurutzea. Ezkerrera egin. Bidezidor zabal batetik emeki igo jaitsiera leun batera iritsi arte. Jaitsiera zati horren amaieran bideak berriro gora egiten du. Bideak lurrean harkaitzak erakusten dituen zatia da. Igoera hasi eta 50 m ingurura, gure ezkerrean, destrepetara eramango gaituen bidezidor lauso bat aurkituko dugu. Kotxetik 25 min inguru beharko ditugu horra iristeko.

Bigarren aukera hormigoizko pistaren eskuinean geratzen den asfaltatutako pista hartzea da. Pista bere amaieraraino jarraitu. Panel batekin topo egitean belarrezko pistatik jarraitu (ezkerrera, gora). Bigarren aukera honetan igoera pixkanakakoa da eta beraz, eramangarriagoa da.

Bi aukerek antzeko luzera dute (900 m inguru) eta bien iraupena ere antzekoa da.

 

Jaitsiera

Destrepeak hasi baino lehen plataforma handi bat dago. Leku ona arnesa jartzeko. Lehen erresaltea (3-4 m inguru ditu) ongi jaisten da. Erlaitz bat dauka erdian eta euste leku onak ditu (ez dago deskuelgerik beraz, destrepatu behar da, bai ala bai).

Bigarrena (6-8 m ingurukoa) bertikalagoa da eta amaieran makurdura txiki bat du. Soka finkoekin ekipatuta dago eta beraien laguntzarekin jaitsi daiteke, baina rapel labur bat egitea aproposagoa dela uste dut. Seguruagoa da eta ez da askoz gehiago tardatzen.

Jaitsi ondoren bidezidorra jarraitzea soilik geratzen zaigu. Oinez (destrepe txikiren batekin) egiten den jaitsierak hormaren erdian dagoen bira horizontal handian uzten gaitu. Bira jarraitu eta zatitxo airetiko bat (5 m ingurukoa) zeharkatu ondoren bidearen hasierara iritsiko gara.

Destrepetatik 25 min inguru beharko ditugu bidearen hasierara iristeko. Aparkalekutik guztira 50-55 min inguru.


L1 (30m, 6 aseguru, 5b).  Bertikala. Lehen metroetan arroka zertxobait leundua. Eskuinean geratzen den pitzaduraren laguntzarekin igotzen dira lehen metro horiek. Ez hain bertikala den plaka batera irteten da. Plaka hori nahiko zimurtsua da eta euste lekuak ditu. Azken zatian, pitzaduran txertatuta dauden bloke handi batzuk. Euste leku onak dituen eskalada atletikoa. Bigarren eta hirugarren aseguruen artean urrutiratzea. Bilgunea plataforma eroso eta handi batean.

L2 (30 m, 7 aseguru, 6a). Hiru metro inguruko horma makurtu labur bat gaindituz, babaresa baten laguntzarekin igotzen den plaka inklinatu baten hasieran ipiniko gara. Babaresak kanpora botatzen du. Oinak ongi jarri behar dira eta besoetatik indartsu ibili behar da. Hirugarren asegurutik aurrera zailtasuna zertxobait leuntzen da oinentzat erlaitz “salbatzaile” bi daudelako. Horiek arnas pixka bat hartzea ahalbidetzen dute. Plaka amaitzean erresalte txiki eta erraz batek azken diedroaren azpian uzten gaitu. Diedro bertikal luzea. Azken asegurutik bilgunera urrutiratzea dago, baina friends bat ipintzeko aukera dago. Bilgunea zuhaitz handian.

L3 (25 m, 1 aseguru, II).  Hasieran dagoen plaka oso etzanak oinez igotzen den korridore zabal batean uzten gaitu (kasuren batean eskuak jarri beharko ditugu erresalteren bat edo beste gainditzeko). Bilgunea zuhaitzean edo sustrai batean egin daiteke (bakoitzaren gustura).

L4 (20 m, 6 aseguru, 5c).  Sarrera bertikala. Diedroa eta eskuentzako euste lekuren baten laguntzarekin igotzen da. Ondoren plaka luze zimurtsua. Teknikoa eta bertikala. Azken metroak zertxobait errazagoak. Bilgunea azken asegurutik 5 metro gora eta ezkerrera dago, plataforma handi eta eroso batean.

L5 (25 m, 6 aseguru, 5b).  Horma goitik behera zeharkatzen duen pitzadura handiaren azpian jartzeko behe aldera egiten den 5 metro inguruko zeharkaldia egin behar da hasieran. Zeharkaldia ematen duena baino errazagoa da, baina zertxobait delikatua da. Luzea diedro lauso bat definitzen duen pitzadura luze batek mozten duen plaka luze bat da. Zatirik zailena erdi aldera aurkituko dugu. Azken metroetan zailtasuna gutxitzen doa. Bilgunea lurrean.

 



Jaitsiera: GR markak (gorriak eta zuriak) aurkitu arte amildegiaren ertzetik 5 min inguru igo. Markak adierazten duten bidezidorra jarraitu eta beste 5-8 minututan Ogoñoko begiratokian egongo gara. Hortik etortzeko erabili dugun bidea jarraitzea soilik geratzen zaigu kotxera itzultzeko. Aparkalekura iristeko 30 min inguru beharko ditugu.

 

 

Materiala: 7-10 zinta + bilgunerako materiala. Urrutiratzeren bat babesteko aukeran ongi etor daiteke friends joko bat.

Arroka: Kareharria. Zertxobait leundua zatiren batean (hasieran gehien bat).

Orientazioa: Mendebaldea. Eguerdi arte itzala.

Iraupena: 2h15min.

Nork irekia: Kike de Pablos eta Agustín Castells, 1977.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario