© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/08/15


Inguruko bideen antzeko bidea. Arroka oso ona eta, Sendero Limiteko estiloa jarraituz, oso ongi ekipatua. Aipagarriak diren zailtasunak L1, L5 eta L9ko sarrerak eta L1eko diedroak dira. Beste guztia gozatzekoa.

Guk L3-L4 eta L6-L7ak elkartu genituen. Guretzat luze politena L5a izan zen. Arroka beltzeko zati bertikal bat du, baina euste leku askorekin. Motza geratzen da.

R8rainoko bilgune guztiak bi parabolt eta bi eraztunekin osatuak daude (R3an eraztun bakarra) bidea rapelatu ahal izateko. R8tik aterpera oinez igo daiteke ezkerrean geratzen den belarrezko zelaitik.

Bidearen izena parabolt batean dagoen zinta batean ipinita aurkituko dugu bidearen oinean.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Hurrengo sarreran eta beste honetan dagoen informazioa irakurri .

 

L1 (25m, 10 aseguru, 5b).  Horma zimurtsu motz bat hasieran. Euste leku onak ditu, baina kanpora botatzen du. Estutu behar da. Ondoren plaka batek eta harmaila batzuk diedroaren azpian uzten gaituzte. Berriro zertxobait estutu behar den zatia dugu. Mini-zuhaixkean dagoen zinta ongi dator gehien bat psikologikoki. Bilgunea aurkitzeko ezkerrean geratzen den plaka handi etzanera irten behar da.

L2 (40 m, 9 aseguru, 4a). Plakatxo etzanak hasieran eta ondoren bere ertzetik igotzen den plaka etzana (aseguruak plakaren erpinean daude). Luzea zatitzeko aukera dago erdi aldera aurkituko dugun aukerazko bilgunea erabiliz (parabolt 1 + arroka-zubia).

L3 (20 m, 3 aseguru, 4a).  Diedro etzana eta bloke batzuk bilgunean uzten gaituzte.

L4 (15 m, 2 aseguru, II).  Ia oinez igotzen den eta ezkutuan dagoen kanal belartsua (ez da ikusten bertara iritsi arte). Aproposena L3 eta L4 elkartzea da.

L5 (25 m, 11 aseguru, 5b).  Hiru metro inguruko altuera duen diedroa hasieran. Oso ongi babestua (4 parabolt). Estutu behar da, baina oso ongi babestua dago (A0 edo Ae modura egiteko aukera ere badago).Ondoren plataforma zabal baten gainetik eskuinera egiten den zeharkaldiak horma beltzaren azpian uzten gaitu. Bertikala da, baina arroka oso ona da eta euste leku on asko ditu. Azken zatia zertxobait bertikalagoa eta mantendua, baina aseguruak oso gertu daude. Bideko luzerik politena da.

L6 (20 m, 3 aseguru, 4a). Lehen metroak hormatxo bertikal bat euste leku onekin. Belarrera irtetean, ezkerrean geratzen zaigun plaka etzanetik jarraitu behar da.

L7 (15 m, 4 aseguru, 3b). Plaka etzana. Aproposena L6 eta L7 elkartzea da.

L8 (40 m, 10 aseguru, 4c). Bilgunetik irteteko euste leku onak dituen horma bertikal motza. Zailtasun hori gainditu ondoren beste guztia errazagoa da. Erresalte batek plaka oso etzan batera eramaten gaitu eta honek harmaila batzuetara. Horietatik igoz bilgunera iristen da.

L8bis (15 m). R8tik horizontalean zelaia gurutzatu ezkerrera R8bis bilgunera iristeko. Txapak zertxobait altuak jarrita daude.

L9 (25 m, 8 aseguru, 5c). Euste lekuak dituen eta kanpo aldera botatzen duen horma bertikala. Estutu behar da. Bigarren asegurutik aurrera zailtasuna zertxobait gutxitu egiten da eta euste leku onak dituen zati batetik igotzen da. Plaka batzuetara irteten da. Horiek gainditzean eskuinera jo, ezproitxo etzan baten eskuinetik, bilgunera iristeko.

 



Jaitsiera: Aterpera oinez igo eta GR-1tik jaitsi.

 

Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Granitoa, zintzoa eta itsasgarria.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 2h30min.

Nork irekia eta ekipatua: Martin Txeko, Julio Benedé,  Luis Royo, Almudena Cortés, Ainhoa Estrada eta Lucas Morales, uztaila 2018.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario