© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/04/30

“Bob Esponja”  ongi ekipatutako bide erraza da. Umeak eramateko, eskalatzen hasteko edota Formiguerako hego hormara hurbiltzeko balio dezake. Aldapa guztia igotzea aurrezten duzu eta gainera beroketa burutzen duzu. Hori da guk egin genuena. Luze homogeneoena lehena da. Beste biak aurrekoarekin alderatuta zailtasunean nahiko antzekoak dira, baina maila ematen dioten pasagunetxo bana dituzte. Hala ere, asegurua beti gertu izango dugu eta ez da estutasunik pasatzen. Arroka ona. Lehen bi bilguneak eraztunekin rapelatzeko prestatuta daude. Giro hezearekin lehen luzeko plaka etzana hezea eta zertxobait labainkorra egon daiteke.

“Bob Esponja” bidetik “El niño los peines” bidera igotzeko nahikoak dira, oinez, 2 min eskas. Bidea lehorra badago ez du pena merezi katuak kentzea ere.

Bidea aurkitzeko hormaren oinarria amaieraraino jarraitu. Bertan bistako parabolt lerro bat ikusiko dugu eta lerro horri jarraituz zinta bat duen zuhaixka bat. “Los hijos del Palau” bidea da. Gure bidea metro batzuk eskuinera geratzen da eta, hasieran, ezproi moduko batetik doa. Lehen asegurua begetazioak ezkutatzen du. Bide honetako bilguneak ere rapelatzeko prestatuta daude (2 parabolt + 2 eraztun). Inguruko beste bide bat egin nahi badugu rapelatzea da aukera erosoena.

Bi bideak konbinatuz eskalada egun polit bat irteten da.

 

Iristeko: St Llorenç de Montgai herrira hurbildu eta Formiguerako aparkalekuan kotxea utzi.

 

Hurbiltzeko: Erreka alboan doan bidezidorra jarraitu. Lehen bidegurutzean (ferrata adierazten duen horretan) eskuinera hartu eta zuzen igotzen jarraitu. Kotxetik 5 min ingurura bidearen hasieran egongo gara. Metro batzuk aurrerago “Bob Esponja” bidetik jaisteko edo Formiguerako hego hormara igotzeko bidezidorra ikusiko dugu.

 

Bob Esponja (4c, 95 m, derrigorrez 4a)

L1 (20m, 7 aseguru, 3c). Itsasgarritasunezko pasagunetxoren bat duen plaka etzana. Eskalada motan homogeneo den luzea da.

L2 (20 m, 5 aseguru, 3c). Harmailez osatutako gandorra. Maila ematen dion pasagunetxoa laugarren aseguruaren parean. Lehen bi luzeak elkartzeko aukera dago.

L3 (25 m, 7 aseguru, 5b). Erdian zati bertikal bat duen gandor horizontala. Eskalada polita arroka onean. Maila ematen dion pasagunetxoa laugarren aseguruaren parean. Zati bertikala gainditu ondoren bilguneraino azken metroak oinez egiten dira.

 







El niño los peines (5c, 60 m, derrigorrez 5b)

L1 (30m, 10 aseguru, 5c). Gandor moduko bat hasieran, zertxobait zikina eta non oinekin eskalatzen den (lehenengo asegurua begetazioak ezkutatzen du). Ondoren zeharkaldia eskuin aldera ageriko arrasto zurira iristeko. Arroka ongi garbitu dutela nabari da, baina euste leku batzuk ongi aztertu behar dira oraindik. Aurrean arrasto zuri bertikala dugu, arroka on eta trinkoarekin. Arrastoa eskalatzen uzten da, baina pasagune gogortxoren bat badu. Azken metroak plaka etzanago batetik egiten dira.

L2 (30 m, 7 aseguru, 4b). Plaka etzana hasiran. Azken metroetan plaka tentetzen joaten da, baina ez gehiegi.

 


 



Jaitsiera: Mugarriak jarraitu eta ageriko bidezidorretik jaitsi.

Orain ezin da trenbidea gurutzatu. Hesi metaliko bat dago eta ateek kandadua jarrita dute. Metro batzuk jaitsi behar dira eta azpitik zeharkatu. Errekarentzat eginiko tunel handia erabili behar da trenbidea azpitik gurutzatzeko. Erosoa eta trenbidea gurutzatzea baino arrisku gutxiagokoa. Kotxera itzultzeko, guztira, 20 min inguru beharko ditugu.

 

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Fisureros eta Friendsak ez dira beharrezkoak.

Arroka: Karaharria.

Orientazioa: Hego ekialdea. Goiz-goizetik eguzkiak ematen dio.

Iraupena: 30min “Bob Esponja” biderako eta 1 h “El niño los peines” biderako.

Nork irekiak eta ekipatuak: “Bob EsponjaJuan Gutierrez,  azaroa 2011 eta “El niño los peines” Juan Gutierrez, abuztua 2019.

 

Cambiar idioma (Castellano)


Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario