© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2022/04/24

Gandorraren izena Joan Manel Remacharen omenez da. Bere oroimenez bidearen hasieran plaka handi bat jarrita dago.

Azken 5 metroak izan ezik bideak arroka ona du eta ongi ekipatuta dago. Azken zati hori 3 paraboltekin babestuta dago, baina estutu behar da. Bigarren luzea da, dudarik gabe, luze bertikalena, zailena eta zailtasunean mantenduena dena. Txapen artean eskalatu egin behar da. Bigarren eta laugarren aseguruen artean tranpa egin daiteke eta, asko luzatuta, A0 moduan egin. Bostgarren eta seigarren aseguruen artean, niretzat  beraien artean nahiko urrun, ezker aldera eginez igo behar den plaka fin bat dago eta bertan ere eskalatu behar da. Gainera erorketa ez da ona, sabai baten goiko ertzetik igo behar delako. Bi aseguru horien artean beste bat faltan bota nuen. Maila derrigorrezkoa.

Hurbilketa “super luzea”, 30 segundokoa. Bai, ez nahiz nahastu, gehienez jota hogeita hamar segundo dira. Itzulia ere oso erosoa.

 

Iristeko: Sant Llorenc de Montgai herrira hurbildu eta gandorraren aurrean aparkatu. Pare bat kotxeentzat lekua dago.

 

Hurbiltzeko: Bertan dauden 3 edo 4 grapa metaliko erabiliz bide ertzean dagoen erresaltea igo. Kate batek irteera egiten laguntzen du. Bidearen hasieran oroimen-plaka handi bat dago.

 

L1 (30m, 7 aseguru, 5a). Plaka fin batekin hasten da. Lehen asegurua nahiko altua. Behin lehenengoa txapatu ondoren lasaiago igotzen da. Euste leku onak dituen kanal-pitzadura batetik jarraituz bloke handi batera iritsiko gara. Bere eskuinetik gainditu eta 2 bloke handien ezkerretik zuzen igo. Bilgunea erlaitz handi eta eroso batean dago.

L2 (25 m, 7 aseguru, 5c). Hirugarren asegururaino plaka oso bertikala. Ondoren 2-3 metro eskuinera egin behar da ertz batetaraino. Ertz horrek pasagune finak dituen plakari sarrera ematen dio.

Azken metroak ezkerrera egiten den zeharkaldia da. Ez da oso zaila, baina esposatua da. Bilgunea erlaitz handi batean. Gure ezkerretara, bi edo hiru metrotara, beste bilgune bat dago. Rapelatutako ekipatua dago, kate batez lotutako bi paraboltez gehi eraztun batez.

Seigarren asegurua baino zertxobait gorago beste bilgune bat aurkitzen da, baina leku deseroso batean dago. Hobe zeharkaldia egin eta erlaitzean bilgunea egin.

L3 (35 m, 9 aseguru, 5b). Bilgunetik zuzen gorantz irten. Euste leku oneko horma laburra. Erreferentzia batzuk diote bidea ezkerrean geratzen den katedun bilgunearen ezkerretik jarraitzen duela, baina guk zuzen egin genuen logikoagoa ikusten baikenuen. Eskuinera egiten duen zeharkaldi xume bat eginez jarraitu behar da iltze batera iritsi arte. Ondoren zuzen gora ezproiaren ertzetik ongi babestutako plaka errezetatik. Azken metroak kanpora botatzen duen horma batetik egiten dira. Bertan azken aldiz estutu beharko dugu. Zati horretan ezkerreko arroka txarra da, baina eskuinekoa sendoa da.

 





Jaitsieera: Beti eskuinera eginez, bidezidorra jarraitu. Lau minutura pista moduko batera iritsiko gara. Eskuinera egin. Metro batzuk aurrerago gorantz jotzen duen bidezidorrean bihurtzen da. Bideari jarraituz, 8 min ingurura, zertxobait jaitsiz, kotxeentzat aproposa den pista batera iritsiko gara. Pistari jarraituz errepidera iritsiko gara eta bertatik kotxea utzi dugun tokira. Guztira 20 min inguru.

 

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Zailtasun mailarekin justu bagabiltza egokia izan daiteke Friends joko bat, gehienbat L2 rako. Hala ere, trastoak jartzeko guk nahiko genituzkeen baino toki gutxiago dago.

Arroka: Kareharria.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 1h45min.

Nork irekia eta ekipatua: Quim Lores eta Andreu Cots, ekaina 1971.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario