Eskaladako bide motza. Lehen luzea oso
polita, itsasgarritasun handia duen kalitatezko harriarekin. Pena da L2 eta
L3an harriaren kalitatea hainbeste jaistea. Luze horietan arroka lamina
modukotan desegiten da eta arreta jartzen igo behar da, baina ongi babestuak
daude. L3ko arroka L2koaren antzekoa da, baina luze honetan zati lurkara
gehiago daude. Bidea Guillem Arias-en ohiko parabolt horiekin ongi ekipatuta
dago eta horregatik ez da estutasunik pasatzen bi luze horietan, baina egia da
hor arroka pixka bat hobea balitz bideak asko irabaziko lukeela. Jendea pasa
ahala, luze horiek hobetzen joango direla imajinatzen dut. Bilerak 3 paraboltez osatuta daude. Bilera bakoitzaren
alboan, rapelean jaisteko instalazioa bat aurkituko dugu (2 parabolt + 2
uztai).
Iristeko:
Bergara
hurbildu eta C-16 errepideari jarraitu Guardiola de Bergueda-rantz. 14 km-ra
Malanyeu-ra igotzen den bidegurutzea aurkituko dugu. Asfaltatutako errepide
estutik igo eta bidegurutzetik 2,1 km ingurura dagoen pista hartu (ezkerrean).
300-400 metrora pista bitan banatzen da. Ezkerreko adarra hartu, beherantz.
Errepidetik 700 bat metrora, ezkerretara dagoen masia baten ondotik igaroko
gara. Toki horretaraino pista ona da, tarteka hormigoizkoa. Masia pasata pista nahiko
egoera oneko mendiko pista batean bihurtzen da. Errepidetik 1.200 metrora
txabola bat aurkituko dugu (eskuinean) eta 100 metro aurrerago masia bat, hau
ere eskuinean. 300 m aurrerago (errepidetik 1.700 m-ra), baso bat zeharkatu
ondoren, autoa basoko soilgune batean utzi.
Hurbiltzeko:
Egoki ikusten dugun
tokitik basoan zeharkatuz igo eta hormetara hurbildu. Hormaren oinarria jarraituz
bidearen hasierara hurbildu. Oinarrian R0 modura erabil daitekeen parabolt hori
bat aurkituko dugu (kotxea utzi dugun tokitik guztira 15 min inguru). Aipamen
originalean ekipatzaileek diote hormetara hurbiltzeko bidezidorra dagoela, baina
guk ez genuen aurkitu.
L1
(30 m, 11 aseguru, 5a). Plaka bertikala. Lehen asegurua zertxobait
altu. Lehen eta bigarren aseguruen artean urrutiratzea dago (bien artean pitzadura
txiki bat dago, bat bakarra, guk eraman ez genuen friend txiki-ertain bat
jartzeko egokia izan daitekeena; horrek seguruenik urrutiratzea zertxobait
arindu dezake). Hortik aurrera aseguruak gertu daude, arrokaren kalitatea ona
da eta gustura eskalatzen da. Zati bertikal bat gainditu ondoren plakatxo
batera irteten da. Hori gainditzean guztiz horizontala den zeharkaldia egin
behar da eskuin aldera bilgunea aurkitzeko.
L2
(25 m, 9 aseguru, 4b). Plaka hasieran. Nahi baldin bada bigarren eta
hirugarren aseguruen artean aurkitzen den zuhaixka batean zinta bat jarri
daiteke. Ondoren zeharkaldi guztiz horizontala eskuin aldera. Azken metroak
gandortxo baten erpinetik egiten dira. Bilgunera igotzeko tartea lurkara
da. Bilgunea eta azken asegurura lotzen
dituen soka finko batekin babestuta dago (imajinatzen dut lurra bustia dagoen
garaietarako prestatu dutela horrela).
L3 (30 m, 10 aseguru, 4c). Arrokaren kalitatearen aldetik bigarren luzearen antzeko luzea da hau. Desberdintasun nabariena hemengo honek zati lurkara gehiago dituela da. Zailtasun gehiena hasierako zati labur batean biltzen da. Ondoren luze guztia 4b/4c inguruko mailakoa da. Bilgunea eta azken asegurura lotzen dituen soka finko batekin babestuta dago.
Jaitsiera: Rapelatuz.
Materiala: 11 zinta +
bilgunerako materiala.
Arrola: Kareharri
grisa.
Orientazioa:
Hego
ekialdea.
Iraupena: 1h30min
Nork irekia eta ekipatua: Esteve Fabra, Martí
Santamaria, Joan Marc Griñan eta Guillem Arias, abuztua/iraila 2017.
0 comentarios:
Publicar un comentario