Toki zoragarria. Baso-ingurune lasaia.
Arrokaren kalitatea apartekoa da (eta agian motz geratzen naiz kalifikazio
horrekin). Leku gutxitan aurkituko duzue hemen aurkituko duzuen kalitatezko
kareharria. Arrakalak dituzten zati oso politak aurkezten ditu hainbat tokitan
eta beste batzuetan izugarrizko euste lekuak, “postontzi” modukoak. Euste leku
horiek harrapatzen dituzuenean badakizu hortik zu eta kamio bat eusteko gai
direla. Benetan gozamena da.
Luxuzko ekipamendua. Gainera, nahi
izanez gero, katxarreatzeko aukera dago.
Bide gutxi egin genituen abuztuan bero
sargoriko egunak suertatu zitzaizkigulako, baina itzuliko garela zin egin dut.
Bideak oso ongi ekipatuta daude eta
begetazioz garbiak. Bilguneak ere oso ongi eraikiak daude (“El forat de las
bruixas” bideko R1an adibidez, egurrezko enbor bat jarrita dago horrela
bilgunea egiteko tokia erosoagoa eta handiagoa egiteko). Hurbiltzeko eta
jaisteko bidezidorrak garbiak eta ongi zainduak daude. Jaitsierako hainbat zati
segurtasun kableekin babestuta daude eta zati motz bertikal batzuk ferratetan
egoten diren grapa metalikoekin. Ekipamendu eta mantenu lan guzti hori Santi
Sanz-ek egiten du. Ez dut ezagutzen, baina nire merezimendu eta aitorpen osoa du hartzen ari den lanagatik.
Iristeko:
Ripoll
herritik, Campdevanol-etik pasata, Gombrén herrira hurbildu. Aurrera jarraitu
eta errepidearen 2 eta 3. puntu kilometrikoen artean Montgrony-ko monastegira
igotzeko bidegurutzea aurkituko dugu. Bergatik bagoaz, Guardiola de Bergueda
herrira igo behar gara eta, La Poble de Lillet pasatuz, Gombrén aldera
hurbildu.
Bide gurutzea hartu eta kilometro
t´erdira eskuinean beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Santa Maria de
Montgrony adierazita dago. Eskuinera egin. Lehen 100-200 metroetan bide
asfaltatua da, gero tarte luze batean zementuzkoa, ondoren berriro asfaltuzkoa
eta azkenean zementuzkoa. Goian, bidegurutzetik 3,4 km-ra, ezker aldera irteten
den pista bat aurkituko dugu. Ez hartu eta aurrera jarraitu. Metro batzuk
aurrerago bidea banandu egiten da. Eskuinera hartuta monastegira joaten da. Guk
ezkerreko adarra hartu behar dugu. Bidegurutzetik 4 km-ra zementuzko zati zabal
bat aurkituko dugu. Bertan hainbat kotxe uzteko tokia dago. Aurrera jarraitu
nahi baldin badugu mendiko pista batetik igo behar da. Lehen 100 eta azken 300 metroak kotxe normal batentzat
nahiko egoera kaxkarrean daude (todoterreno edo kotxe altu batekin ez dago
arazorik), baina kontu pixka batetik pasa daiteke. Pista Coll de Roig izeneko
lepoan amaitzen da. Hainbat kotxerentzat lekua dago. Pistak guztira 1,4 km
ditu.
Hurbiltzeko:
Lepoan
panel adierazle bat dago. Bere eskuinean mugarri dago eta mugarriaren alboan
bidezidor bat jaiotzen da. Bide horri jarraitu behar zaio. Hasieran, harri
handi batera iritsi arte, bideak beheko joera du. Gero biratu eta igotzen
hasten da. Egin nahi dugun bidearen arabera, zertxobait gorago, eskuinera edo
ezkerrera egin beharko dugu. Lepotik hormak nahiko urruti daudela dirudi, baina
10 minututan bideen oinarrietara iristen da.
Oharra: Arrakalaz
beteriko plaka erraldoian (Alicorn eta Ullets d´Esmeralda bideak dauden plakan)
ez ginen egon eskalatzen eta horregatik ez dut marraztu bertara hurbiltzeko
bidezidorra (ez baitakit). Norbait argitzen badit sartuko nuke.
0 comentarios:
Publicar un comentario