Urtea ongi amaitzeko, abenduak 31ean,
bide polita hau egin genuen. Hasieran aire pixka bat zebilen eta hotz apur bat pasa
genuen, baina gero, eguzkiak berotzen hasi zuenean, asko gozatu genuen. Urtea
amaitzeko modu polita.
Bidea oso ongi ekipatua dago eta arroka
oso ona da. Haitz txikiko bide eskuragarriena dela esan genezake. Lehen bi
luzeak hego ekialdeko orientazioa dute eta azken hirurak hego aldekoa eta
beraz, eguzkitsuenak dira.
Lehen luzea (“Olatuak” bidearekin komuna
dena) “pikante” apur bat duen bost mailako luzea iruditu zitzaigun. Agian
hotzak ginelako (gu eta arroka) izan zen, baina bere “gauzatxoa” duten emeki
konkortutako bi erresalte ditu. Bertan eskuentzat gauza gutxi dago eta
itsasgarritasunezko pasagune finak aurkituko ditugu. Gaitz erdi oso ongi
ekipatuta dagoela. Luze horretan eta hurrengoan harkaitza nahita kolpatua
egongo balitz bezalako zatiak ditu. Goitik, noizbehinka, erortzen diren harriek
eginikoak direla uste dut (horretarako dago harriak geratzeko sarea).
Hirugarren luzeak pasagune arraro bat du; behean erlaitz handi bat duen bi
harri handien artean dagoen diedro labur batean dago. Bi harrien oinarrian
zuloa dago eta gauza da oinak ia gerriraino igo behar direla. Arraroa, baina
tranpatxoa egin eta A0 modura egiteko aukera dago. Laugarren luzearen
zailtasuna bere erdiko zati bertikalean kontzentratzen da.
Bidetik edozein momentuan ihes egin
daiteke. Horrek eguraldi ezegonkorrarekin egitea ahalbidetzen du. Lehen bi
luzeetatik arazorik gabe rapelatzen da (arroka trinkoz osatutako plaka erraldoi
bat da; bilguneak bi parabolt eta bi eraztunez osatuak) eta beste luzeetako
oinarrietatik arazorik gabe ihes egin daiteke oinez.
Iristeko:
Irurtzun
herrira hurbildu (herrian sartu) eta Donosti aldera eginez A-15 autobiaren
irteeraren bila joan. Irteera hartu baino zertxobait lehenago, eskuinean,
Lekunberri eta Irurtzun batzen zituen errepide zaharra ikusiko dugu. Errepide hori hartu eta lehen tunela baino
lehen, eskuinean dagoen tokian, aparkatu. Hainbat kotxe sartzeko lekua dago.
Hurbiltzeko: Errepidea
zeharkatu eta tunel sarreraren ezkerrean nabari den bidezidorra hartu. Bidea
luze bat eta biko kirol-bideak dauden “Plataforma” sektorera igotzen da.
Harriak geratzeko sare batera iritsiko gara eta ondoren soka finko batekin
babestuta dagoen trepada eremu batera. Hormaren oinarria jarraitu. Gure
parabolt lerroa azkena da, eskuin-eskuinean dagoena.
L1
(35 m, 13 aseguru, 5b). Plaka-ezproitxo labur batekin hasten da luzea.
Ondoren arroka trinkoz osatutako plaka luze bat. Emeki konkortuta dauden bi
erresalte labur ditu eta bertan eskuentzat gauza gutxi egonik
itsasgarritasunezko pasagune finak aurkituko ditugu. Erresalteen arteko zatiak
nahiko etzanak dira. Pitzadura baten gainean dagoen sabaitxo txiki batekin
amaitzen da luzea, baina kasu honetan euste leku gehiago daude.
L2
(20 m, 5 aseguru, 3c). Arroka trinkoz osatutako eta oinentzat erlaitz
txiki ugari dituen plaka etzana.
L3
(30 m, 11 aseguru, 5c). Hasieran zertxobait kanpora botatzen duen 6-7
metroko horma bertikala. Zuhaitzaren laguntzarekin hobe irteten da. Ondoren
bigarren luzeko modukoa den plaka etzan bat. Diagonalean eskuinera zeharkaldi
gorakor bat eginez igotzen da. Ondoren
bi harri handien artean dagoen diedro labur bati ekin behar zaio. Pasagune
arraroa oinak ia gerriraino igo behar direlako. Ongi txapatua (2 parabolt
gertu) egonik A0 modura egin daiteke. Azken metroak euste leku ugari dituen
horma batez osatuta daude.
Zertxobait jaitsi eta oinez 30 m inguru
ezkerrera eginez hurrengo plakaren oinarrian jarri behar gara (paraboltak
ikusiko ditugu).
L4
(40 m, 13 aseguru, 6a). Hasieran nahiko etzanak diren plakak. Ondoren
erdian pitzadura-erlaitz bat duen horma bertikala. Zati honetan biltzen dira
luze honetako zailtasunak. Zortzigarren aseguruan ezkerrera egin, pitzadura
aldera, eta babaresa polit batetik igoz azken erresaltearen (pitzadura dagoen
horren) oinarrian utziko gaitu. Pitzadura gainditu ondoren zailtasun maila asko
jaisten da eta, emeki ezkerrera eginez, harmaila eta blokeen artean igotzen da
bilgunera iritsi arte.
Zertxobait igo eta ezkerrera 30 m inguru
eginez hurrengo plakaren oinarrian jarri behar gara (paraboltak ikusiko
ditugu).
L5 (25 m,6 aseguru, 5a). Bloke handiak eta euste leku onak dituen plaka
bertikala. Pasagune zailena lehen metroetan aurkitzen da (lehen bi
aseguruetan). Ondoren arrokak euste leku ugari aurkezten ditu eta ongi igotzen
da. Bilgunea justu gailurreko gandorrean, ertz-ertzean, dago.
Jaitsiera: Azken
bilgunetik ezkerrera eginez gangorrari jarraitu. Bost eskas egin ondoren
materiala modu erosoan kendu ahal izango dugun toki batera, belardi txiki
batera, iritsiko gara. Hortik hego aldera egin behar da eta azken luzeko
oinarrira jaitsi oinez (destrepe txikiren bat badago). Azken luzeko oinarrian
aurkituko dugun bideari, altuera galdu gabe, horizontalki jarraitu modu argi
batean behera egiten duen ageriko bidezidor bat aurkitu arte. Bide hori
jarraitu (mugarriak). Basoan sartuko gara eta, bideari jarraituz, bertan marka
zuri eta berdeak jarraitu behar ditugu. Baso barrutik tarte luze bat egin eta
bidea horizontala bihurtu eta herri aldera egiten duela nabaritzean poste
adierazle batekin adierazitako bidegurutze batera iritsiko gara. Bidegurutzean
eskuinera egin behar da eta margo zuri, hori eta berdez adierazitako bidetik
jaitsi behar da. Hiru minutu eskasean pistan egongo gara eta beste minutu bat
pasa baino lehen kotxean. Guztira 25 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 13 zinta +
bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa:
L1 eta L2 hego mendebaldea; beste luze guztiak
hegoa.
Horario: 2h 30 min
4garren luzea, zailena, 30 metro inguru eskuinerago dagoen plaka batetik ekidin daiteke, ekipatutako luze motzago eta errezagoa batetik (IV)
ResponderEliminar