© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/05/06


Eguraldiak ona jarraitzen zuela aprobetxatuz eta jakinik hurrengo egunak ez zirela hain onak izango, eskalatzen jarraitzea erabaki genuen eta Magdalena Superior delakoan dagoen “Doc Anton” bidea egitea. Miranda de Santa Magdalenako gailurretik  Magdalena Superior orratzaren oinarrira hurbildu ginen eta ezkerrean geratzen kanaletik jaitsi ginen.
Oso bide polita da, arroka onarekin eta oso ongi ekipatua. Zati gogorrenetan aseguruak gertu egoteak gauza lasaitasun handiagoarekin hartzen laguntzen du. Neretzat zati bixiena lehenengo sabaiaren gainetik egiten den 2-3 metroko zeharkaldi airetikoa izan zen (gehien bat oinen azpian amildegia sumatzen duzulako).

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikusi hurrengo sarrerako informazioa (Montserrat 2).
Funikularretik hurbiltzen bagara, Sant Jeroni-ra doan bidea hartu eta Jacob eskailerak erabilita kartel adierazle batzuk dituen lepotxora hurbildu (20 min). Igotzen jarraitu Magdalena Superior delakoaren atzeko lepora iritsi arte eta ezkerrean geratzen den kanaletik jaitsi. Plakaren oinarria jarraitu txapa horiak aurkitu arte (beste 15 min; funikularretik guztira 25-30 min inguru).

L1 (45 m, 6 aseguru, 3c). Zertxobait gehiago pentsatu beharra dagoen pasagunetxoren bat duen plaka etzana. Hasi eta 15 m ingurura bilgune bat topatuko dugu (2 parabolt). Bilgunea iritsi baino lehen pasagunetxo bat.
L2 (30 m, 11 aseguru, 5b). Plaka. Ondoren estugune bat dagoen sabaia bere eskuinetik gainditzeko. Sabaiaren gainetik 2-3 m dituen zeharkaldi airetiko bat egin behar da (zertxobait ziragarria) bilgunera eramango gaituen azken plakari ekin baino lehen.
L3 (30 m, 12 aseguru, 5c). Gure buruaren gainean ikusten den kanal nabarira hurbiltzeko plaka labur bat hasieran. Kanala ezkerrean duen plakatik gainditzen da. Zati errazago bat azken plaka bertikalari ekin baino lehen. Azken plaka honetan estutu behar da.
L4 (25 m, 5 aseguru, 4b). Bilgunetik irteterakoan plaka bat eta ondoren zati etzan bat. Azken plaka bertikalean aseguruak oso gertu. Bilgunea lurrean (3 parabolt).



Jaitsiera: Rapelatuz eskuinean geratzen zaigun lepo aldera. Rapel batean jaitsi daiteke 60 m-ko bi sokekin (50-55 m inguruko rapela). Hala eta guztiz ere rapela zatitu daiteke (eta 25-30 m-ko bi egin) tartean beste rapel instalazio bat dago eta.

Materiala: 12 zinta + bilgunerako material. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria (konglomeratua)
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 2 h.
Nork ekipatua: Guillem Arias eta Xavier Amill, 2008.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario