© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/10/05

Juan Gutiérrez, David Domínguez eta Miguel Ángel García ezagunak dira Sant Llorenç de Montgai inguruan hainbat bide polit ireki eta ekipatu dituztelako. Garbi dago bere “eremutik” mugitzen direnean filosofia horrekin jarraitzen dutela. Bide hau, bere albokoa den “Gutiérrez García” bidea bezala, aurreko hirukoteko birena, asko gustatu zitzaigun. Ez da zaila, ez du altuera sentsazio handia, oso ongi ekipatuta dago eta arroka, orokorrean, primerakoa da. Guztiz gomendagarria.

Bidea begetazioz garbia dago. Ikusten da egileek saneatze eta garbiketa (bai arrokarena, bai landarediarena) lan bikaina egin dutela.

Bidea luzeetan paraboltekin ekipatuta dago, baina han-hemenka iltzeren bat aurkituko dugu. Bilguneak bi paraboltez eraikiak daude eta toki erosoetan daude jarrita. Arroka kareharria dela dirudi, baina harea eduki handi bat du. Hori dela eta ukimen eta itsasgarritasun bikainak ditu. Hori gutxi balitz euste leku ugariak eta oso onak ditu, gutunontzi motatakoak (esku batetik lasai zintzilikatzeko horietakoak).

Bidea ongi babestua dago, aseguru kopuru egokiarekin (behar direnekin; ez gehiegi, ez gutxiegi). Hala ere, norbait mailan justu ibiliko dela pentsatzen badu fisu batzuk edota friends joko bat eraman dezake. Arrokak pitzadura ugari aurkezten ditu eta erraza da ipintzeko lekuak aurkitzea. Bidea ere egokia izan daiteke inguru seguru batean fisuak edo friendsak ipintzen ikasteko edota entrenatzeko. Luze pare bat krokis originalean adierazten dena baino zailagoak iruditu zitzaizkigun eta beste pare bat errazagoak.

Bide guztia rapelatu ahal izateko prestatuta dago. Beheko zatian R2, R3 eta R4 eta goian R7, R8, R9 eta R10. R5 bilgunetik hormaren goialdean dagoen plataforma handira igotzeko ez dago arazorik. Lehen luzea saihesteko aukera dago etxola zurira igotzen diren eskaileratik erabilita, baina luze polit bat galduko genuke. Bide osoa ez egiteko aukera ere badago (adibidez eguraldia ez bada ziurra) eta soilik luze errazenak egin (L1etik L6ra edo L2tik L6era).

Zorionak egileei. Asko errepikatuko den bidea izango da. Horren adibide bezala esan guk egin genuen egunean lau sokada elkartu ginela. Bidea Loli Sanchezi dedikatuta dago. Ez dut neska hori ezagutzen, baina eskalatzea gustatzen bazaio, izugarrizko oparia egin diotela esan beharra dago.

Azken zehaztapena. Azken luzeko azken metroetan arropa-garbitzaile baten tamaina duen harri handi bat kili-kolo dago eta hobe da ez ukitzea. KONTU HANDIA IZAN!


Iristeko, hurbiltzeko eta jaisteko: Ikus hurrengo informazioa.

 

L1 (30m, 8 aseguru, 5c).  Pasagune finen bat duen, baina uste leku oneko plaka bertikala. Bilgunea zuhaitz batean egin. Atzerago, etxolaren baranda berdean egiteko aukera ere badago, baina zuhaitzetik bikotea hobeto ikusteko aukera izango dugu.

L2 (35 m, 8 aseguru, 4c). Lehen zatian, euste leku eta pitzadura onak aurkezten dituen ezproia. Bosgarren aseguruan eskuinera pasa eta euste leku onak dituen diedro etzan batetik igo.

L3 (30 m, 6 aseguru, 4b).  Kanal moduko ranpa bat hasieran. Azken zatian euste leku onak dituen plaka bat. Aseguruak zertxobait urruti azken zati horretan.

L4 (40 m, 7 aseguru, 5a).  Bilgunetik eskuin aldera irten eta beti plakak bilatuz igo. Ezproi horizontal batera irtengo gara. Oinez zeharkatu eta erresalte txiki bat gainditu ondoren, gure eskuinean, bilgunea aurkituko dugu.

L5 (30 m, 8 aseguru, 5a).  Bi arte gazteen artean pasatzen den plaka hasieran. Lehenengo eta bigarren aseguruen artean urrutiratzea dago, baina arteetan zintaren bat jartzeko aukera dago. Bigarren plakaren sarreran dago fin ibili behar den zatia. Plakaren sarreran dagoen iltzea altu geratzen da eta horrek txapatu baino lehen pasagunea egitera behartzen du.

L6 (30 m, 2 aseguru, 3b). Oinez igotzen den gandor horizontal bat hasieran. Harmaila txiki bat gainditu (urtegiko obretan erabilitako burdinazko iltze handi bat dago lurrean sartuta; aseguru bezala erabil daiteke) eta hormaren goialdean dagoen plataforma handira irtengo gara. Aurrean parabolt bat aurkituko dugu eta, bere alboan, zein aldera joan behar dugun adierazten duen gezi bat margotura horman.  Bilgunea korridore lurkaratik 10-15 m eskuin aldera (oinez) igo ondoren aurkituko dugu.

L7 (35 m, 7 aseguru, 5a).  Bi plaka. Lehena zuzen igotzen da. Bigarrena eskuinetik ezker aldera. Bigarren hau lehenengoa baino finagoa da. Azken metroetan ezker aldera zeharkaldi gorakor bat egin behar da bilgunera hurbiltzeko. Bilgunera iristeko metro pare bat dituen destrepea egin behar da. L8ko lehen asegurua ipintzea aholkatzen dut sokadako bigarrenaren hurbilketa babesteko. Zati honetan erorita bigarrenak pendulu handi bat egingo luke bestela. R7 bilgunea kanal-pitzadura lurkara zabalaren erdian dago, R6tik agerikoa.

L8 (15 m, 4 aseguru, 4c). Bide osoan aurkitu ditugun euste lekuak ez dituen arroka trinkoz osatutako kanal zabal batean dagoen plaka hasieran. Hala ere, itsasgarritasun oso ona du. Ondoren zati etzan eta lurkara bat. Ematen duenez obrak egin zituztenean luze honetan barrenatzen ibili ziren (barrena baten arrastoak ikusten dira). Arrokaren lehen zatia zertxobait zikina aurki dezakegu goitik eroritako lurrarengatik . Hala ere, ez du molestatzen. Bilgunea sabai nabari baten azpian.

L9 (30 m, 8 aseguru, 5a).  Arroka trinkoz osatutako erresaltea hasieran eta ondoren beste bat. Bigarren horretan dago luzeko pasagunea. Bi erresalteen artean urtegiaren obran erabilitako gurpil metaliko baten arrastoak aurkituko ditugu. Bilgunean uzten gaituen eta ezkerretik eskuinera igotzen den azken plakak euste leku onak ditu.

L10 (35 m, 14 aseguru, 5c/6a).  Zati finenak hasieran eta amaieran dituen plaka luzea. Bi zati horien arten plaka, plaka eta plaka gehiago. Euste leku onak aurkezten ditu, baina zertxobait nabigatu behar da dituen presa on horiek harrapatzeko. Bosgarren asegurua iltze bat da eta ezkutuan dago, ez da ikusten bertara iritsi arte. Azken asegurutik ez jo ezkerrean ikusten den bilgunera. Rapelatzeko bilgunea da. Azken bilgunea azken aseguruaren bertikalean kokatzen da.

Azken metroetan, gure eskuinean arropa-garbitzaile baten tamaina duen eta erortzeko kili-kolo dagoen harri handi bat ikusiko dugu. Arreta izan eta ez ukitu.

 







Jaitsiera:  Hiru rapeletan R6 bilgunera jaisten da. Lehen rapela R10etik R9ra (30 m), bigarrena R9tik R8ra (30 m) eta azkena R8tik R6ra (40 m).

 

Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisuak ez dira beharrezkoak, baina aukera ona izan daiteke beraiekin “jolastu” nahi baldin badugu.

Arroka: Harea eduki ugaria duen kareharria. Ukimen eta itsasgarritasun bikaina duen arroka da. Fisuak eta friendsak ipintzeko pitzadura ugari aurkezten ditu.

Orientazioa: Hego mendebaldea. Eguzkia 11:00tik aurrera (gutxi gorabehera). Udaran goiz altxatu. Neguan tarte egokiena eguerdi aldera.

Iraupean: 3h.

Nork irekia eta ekipatua: Juan Gutiérrez, David Domínguez eta Miguel Angel García, 2020.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

2 comentarios:

  1. Muy buena vía Xavier, la escalamos hace un mes y coincidimos contigo en que se va a repetir mucho. Nosotros al final del L10 fuimos a la reunion de la izquierda, fue el paso más duro de todo el día, no sabíamos que había una reunión justo encima del último parabolt.

    Te comento algunas erratas de la piada. En el texto del blog, al L10 le pones 5a y debería poner 6a. En el croquis sobre foto al L1 le das 5b y debe poner 5c.

    Un saludo y gracias por la info tan buena que cuelgas.

    ResponderEliminar
  2. Gracias por las correcciones Circo Marco, lo corrijo en seguida.
    Un saludo y a seguir disfrutando.

    ResponderEliminar