© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/08/24

Nahiz eta bidea 2010. urtean ekipatutakoa izan eta nahiz eta Interneten bilaketa sakonak egin, ez dut aurkitu bide honi buruzko sarrerarik, ez blogetan, ez foroetan. Seguruenik bere alboko bideengatik estalia izan da eta oharkabeko pasa da. Ea sarrera honekin  jendea gehiago animatzen eta gehiago errepikatzen den.

Zonalde belartsu zabalez banandutako plaka () segida batez osatutako bide erraza da. Bidea ongi ekipatuta dago eta arroka oso ona da. Bide luzeetan ibiltzen hasteko, eskalatzen ez  duen norbait eramateko edota aterpera igotzeko beste modu ordezko bat bezala erabil daiteke. Gainera uharra zeharkatzeak eta “La escupidera” pasaguneak barietate apur bat ipintzen diote.

Mendiko giroa aurkituko dugu. Ohartu gabe altuera hartzen zoaz eta amaiera aldera Bachimañako zirkoa oso behean ikusten da.Niri Perineotako gailur batzuetan eginiko eskalada errazak, harkaitza eta zonalde belartsuak tartekatzen dituzten horietakoak, gogoratu zizkidan.

Bidearen zailtasuna gehiegi igo gabe, bidea luzatzeko aukera dago “Viaje por el muro” bidearen lehen eta bigarren edo soilik bigarren luzeak eginez.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Hurrengo sarreran eta beste honetan dagoen informazioa irakurri.

 

L1 (15m, 0 aseguru, I).  Beste bideen bilguneak dauden erlaitzetik sartzen bagara soilik zinta horia duen pinura oinez hurbildu beharko dugu. 

L1bis (15m, 4 aseguru, 4a).  “Viaje por el muro” bidearen  bigarren luzetik sartzen bagara, zertxobait etzana dagoen plaka bat igo behar da. Euste lekuak ditu.

L2 (30 m, 4 aseguru, I-II). Belardi handiko basotxora iritsi arte erlaitz belartsua jarraitu. Bilgunea harkaitzaren oinarrian dagoen parabolt batean egin (azkenak diren pinuren batean ere egiteko aukera legoke).

L3 (30 m, 4 aseguru, 3c).  Harmailak hasieran. Azken zatian dagoen plakatxo labur batek bilgunean uzten gaitu.

L4 (40 m, 8 aseguru, 4a).  Emeki igoz R3bis bilgunera hurbildu. Aurreko luzea bilgune honetaraino luza daiteke, baina kontuan izan uretik gertu dagoela eta zipriztinek azkenean busti egiten zaituztela. Eguraldi onarekin (eguzkiak jotzen badu) atsegina izan daiteke, baina egun freskoarekin (guri tokatu zitzaigun modura) desatsegina suerta daiteke. Uharra zeharkatu eta harmailetatik mini-diedrora hurbildu. Hori gaindituta azken plaka leuna gainditzea soilik geratuko zaigu bilgunera iristeko.

Uharra zeharkatzean, bi alboetan, metro eta erdi inguruko altueran, parabolt bi daude eta beraz ura zeharkatzean soka airean geratzen da eta ez da gehiegi bustitzen. Gainera zati hori (nahiko irristakorra) gainditzen laguntzen duen soka finkoa dago ipinita. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

L5 (30 m, 2 aseguru, I).  Oinez igotzen den erlaitzbelartsu handi eta zabala. Bilgunea pinu handian egin (zinta horia).

L6 (20 m, 3 aseguru, II). “La escupidera” pasagunea dugu aurrean. Nahiko airetikoa den zeharkaldi laburra da. Hasieran, goitik ikusita, ematen duena baino errazagoa da. Pare bat metro jaitsi behar dira eta zertxobait lurkara den zati horizontala zeharkatu. Ongi babestua. Jaitsiera egoera onean dagoen soka finko batekin (bi paraboltetan lotuta) babestuta dago. Bilgunea aurkitzeko kanalean aldera igo behar da. Bere hondoan, ezker aldean, 2 paraboltak aurkituko ditugu. Lehen bilgunearekin lotuta zegoen soka finko (zuri-berdea) baten arrastoak aurkituko ditugu (bideak nondik jarraitzen zuen adierazteko zela suposatzen dut).

L7 (30 m, 3 aseguru, 3c). Gora begiratuta, bilgunearen eskuin aldera (horizontalki) irten eta belardi handira igo. Zeharkatu eta bilgunera iristeko plaka zimurtsu bat igo behar da. Bilgunea parabolt batean.

L8 (30 m, 4 aseguru, 3c). Zeharkaldia ezker aldera. Hasiera batean harrizko erlaitz batetik, gero erlaitz belartsu batetik. Kanal-barrankoa zeharkatu eta blokeen artean bilgunera igo. Sabai handiaren azpian aurkituko dugu.

L9 (20 m, 3 aseguru, II). Zeharkaldia ezker aldera. Hasieran harrizko erlaitz zabal batetik, gero erlaitz belartsu batetik. Bilgunea parabolt batean. Luzea luzatzeko aukera dago eta ur-jauzitik gertu aurkituko dugun eta R9bis bilgunean bilera egin, baina zipriztinek busti egiten zaituzte. Kontuan hartu hori. R9bis bilgunera seguruago hurbiltzeko soka finko bat jarrita dago. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

L10 (30 m, 4 aseguru, 3c).  Euste leku onak dituen plaka zimurtsua. Ia amaieran 8 mm-ko bi paraboltez osatutako bilgunean bilera egiteko aukera dago edo metro batzuk gorago arroka-zubi batean. Bi paraboltez osatutako bilgunea eta R9bis bilgunearen artean soka finko bat jarrita dago. Suposatzen dut haizearen norabidearen arabera ur-jauziko zipriztinek plaka busti dezaketela. Seguruenik soka kasu horietarako jarrita dago. Soka nahiko egoera onean dago, baina urarengatik belztuta dago.

 


Jaitsiera: Aterpera oinez igo (10 min) eta GR-11tik jaitsi.

 

Materiala: Bilguneak non egiten ditugun arabera 6-8 zinta (R edo Rbis-etan) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrekoak.

Arroka: Granitoa.

Orientazioa: Hego mendebaldea.

Iraupena: 2h15min.

Nork irekia eta ekipatua: Luis Royo, Carlos Budría, Carlos Roy, Bruno Gaspar eta Julio Benedé,  2010.

 

Cambiar idioma (Castellano)


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario