© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/11/07

 

Sendero Límiteko kideen beste bide bat. Beti bezala jende ugari erakartzen duena. Guk egin genuenean beste 3 sokadekin topo egin genuen.  Paraboltekin eta arroka-zubiekin (nahiko ugariak) babestuta dago.

Askotariko eskalada motak aurkezten dituen bidea da. Oinetaz asko fidatu beharko den plaka etzan ugari aurkituko ditugu (ez baitago ezer eskuentzat), baina baita babaresak, diedroak dituzten zati bertikalak eta bere puntutxoa duten zeharkaldi horizontalak.

Arroka itsasgarritasun oneko, baina ez hasieran ematen duen bezain ona, hareharri marroia da. Arrokak zikintasun geruza fin-fin bat du (beheko zatian goiko zatian baino gehiago) eta hori dela eta batzuetan oinak irrist egin dezake.

L4 luzeko hasiera eta L6 eta L7 luzeetako azken tarteek estutu behar den zati bertikalak aurkezten dituzte. Hala eta guztiz ere, zati zailena eta gehien estutu behar dena L6 hasierako zeharkaldi horizontala iruditu zitzaigun. Hirugarren eta laugarren aseguruen artean dago pasagune gakoa. Aseguruen artean urrutiratzea egoteak alde batetik eta laugarren asegurua goian eta txapatzeko deseroso geratzen dela bestetik, estutu beharreko tokia egiten du.

Plakak gustatzen zaizkizuenentzat L4 luzeko azken 2/3etan eta L5 luze osoan izugarri gozatuko duzue.

 

Iristeko eta hurbiltzeko: Hurrengo informazioa ikusi.

Begi Beltz bidea (B.B. letrekin harkaitzean adierazia) aurkitu arte hormaren oinarria jarraitu. Bidezidorretik jarraitu eta 10 metro eskas aurrerago bidea bitan zatitzen da (kontuz! Ez da oso nabaria bidegurutzea). Behe aldera egin. Berehala iritsiko gara bidearen hasierara.

 

L1 (20m, 6 aseguru, 4c).  Plakatxoa hasieran eta ondoren babaresa motz bat. Jarraian diedro-babaresa bat. Ezkerreko plakatik (zailagoa) edo eskuinekotik igo daiteke (errazagoa). Bilgunea metro batzuk ezkerrera.

L2 (30 m, 10 aseguru, 5b). Itsasgarritasunezko plaka segida batek trantsizio zonalde batean uzten gaitu eta honek erresalte baten oinean. Erresalte horren gainean pitzadura bat duen plaka bat dago. Plaka horrek itsasgarritasunezko pasagune fin batzuk ditu. Plakara igotzea erraza da oinentzat erlaitz on bat dagoelako, baina gero oinez fidatu beharreko itsasgarritasunezko pasagune finak aurkituko ditugu. Plakaren bigarren paraboltaren parean ezpel txiki, baina sendo bat aurkituko dugu, oinak orekatzeko primeran datorrena.

L3 (20 m, 5 aseguru, 4c).   Plakatxoa hasieran. Ondoren pitzadura bat. Azken metroak horizontalak dira. Ezkerrera eginez bilgunea aurkituko dugu.

L4 (30 m, 10 aseguru, 5c). Babaresa modura igotzen pitzadura bertikala hasieran. Estutu behar da, baina ongi babestuta dago (A0 egiteko aukera?). Ondoren pitzadura eta erlaitz horizontalak tartekatuta dituen plaka luze etzana. Gozatzekoa. Bilgunea plaka luzearen amaieraren atzean dagoen lepotxo batean aurkituko dugu.

L5 (30m, 10 aseguru, 5b).  Itsasgarritasunezko plaka etzan erraldoia. Pasagunetxo oso fina hirugarren eta laugarren aseguruen artean. Pitzadura itsu batean oina jarri behar da eta oinean fidatuz igo, ez baitago eskuentzat ezer ez. Hala ere, asegurua gertu dago eta horrek konfiantza ematen du. Ondoren plaka etzanen segida (plakeroak zaretenentzat, oso gozagarria).

L6 (30 m, 12-13 aseguru, 6a edo A0/5c).  Bilgunetik irteteko, pasagune gogorra. Eskuinetik derrigorrez 6a maila irten daiteke. Bilgunetik zuzen irtenda A0 modura egin daiteke (zinta luze bat jarrita dago arroja-zubi batean). Pasagunea gainditu ondoren babaresa horizontal bati ekin behar zaio. Oinak toki txiki-txikitan ipintzen diren bitartean (eta ez daudenean, arrokari itsasgarritasunez eutsiz) eskuak pitzadura horizontal batea jarri behar dira. Lehen hiru aseguruak gertu daude eta aurpegiaren  parean geratzen direnez, ongi jartzen dira. Laugarren asegurua oso goian geratzen da. Oinak pitzaduraraino igo behar dira, eskuentzat ez dago gauza handirik eta gainera arrokak zertxobait kanpora botatzen zaitu. Hirugarren eta laugarren aseguruen artean urrutiratzea egoteak ez du asko laguntzen eta pasagunea delikatua bihurtzen dute. Estutu behar da.

Ondoren erlaitz horizontaletik jarraitu behar da (errazagoa orain) eta pitzadura-diedro bertikal bati ekin behar zaio. Bloke handira igotzea da luze honen bigarren zailtasun handia. Ez da oso pasagune zaila, baina bai arraroa. Bigarren bloke handiak sortzen duen sabai handian dagoen parabolt batez dago babestua. Zuzen sartzen zara, ipurdia oinarritu behar da bertan eta ondoren biratu egin behar duzu modu erosoan lehen blokera igotzeko. Biratu  gabe ere igo daiteke, baina gorputza bi blokeen artean ahokatuz arrastaka igotzen da.

Azken plaka batek bilgunean uzten gaitu. Azken parabolta ipini ondoren hobe da zertxobait ezkerrera egitea, plakatxo bat igo eta ondoren eskuinera berriro itzultzea. Bilgunera iritsiko gara.

Bilgunea baino lehenago, bat metro ingurura, arroka-zubi bat dago. Ongi dago hor zinta espres bat  ipintzea bigarrenaren hurbilketa babesteko.

Bilgunea 2 paraboltes osatua, baina eraztunik gabe (ez dago rapelatzeko prestatuta).

L7 (25 m, 8 aseguru, 5b).  Zeharkaldi horizontal luzea. Oinentzat dauden erlaitz txiki batzuen gainean oinak jarriz egiten da. Ez da zaila, baina azken aseguruen artean dagoen distantzia handia denez, bere puntutxoa du. Zeharkaldia amaitu ondoren zuzen igo  eta euste leku onak dituen diedro bat gainditu behar da. Bilgunea harri handi batean (2 parabolt eraztunik gabe).

L8 (15 m, 4 aseguru, 6b edo A0/5c). Aukerazko luzea. Eskuentzat gauza gutxi dituen sabel moduko bat hasieran. Hirugarren asegurutik aurrera asko etzaten da eta azken metroak erraz egiten dira. 






 Jaitsiera: R7tik edo R8tik (bidezidor argia) oinez soka finkoa hasten den tokira hurbildu. Soka finkoak lehen rapela egiten den bilgunera eramaten gaitu. Bilgune hori L7an zeharkatu dugun sabai handiaren eskuineko erpinean kokatuta dago. Hirurogei metroko bi sokekin bilgune horretatik R4 bilgunera iristen da eta bertatik beste jaitsiera batean R2ra. Azken bilgune honetatik 15-20 metroko rapel txiki batek erlaitz batean uzten gaitu. Erlaitz horretatik oinez igotzeko erabili dugun bidezidorrera jaisteko ez dago arazorik.

Soka bakar batekin rapel gehiago egin beharko ditugu. R1, R2, R3, R4 eta R5 bilguneak rapelatzeko antolatuta daude (2 parabolt + 2 eraztun).

 

Materiala: 12-13 zinta + bilgunerako materiala. Zailtasun mailan justu bagabiltza egokia izan daiteke friends eta fisurero joko bana eramatea L4 luzeko hasierarako eta L6ko zeharkaldi horizontalerako.

Arroka: Hareharri marroia.

Orientazioa: Hegoa.

Iraupena: 3h.

Nork irekia eta ekipatua: Luis Royo, Carlos Roy eta Julio Benedé, urria 2013.

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario