Orokorrean
plaka etzanetatik zehar doan bide polita. Arroka itsasgarritasun handiko
luxuzko granito zaharrez osatuta dago. Bere orientazioagatik neguko
arratsaldetarako bide aproposa da eguzkiak bete-betean ematen baitio. Udaran,
eguzkiak jotzen duenean, hobe izango da goizez egitea edo arratsaldean ilundu
baino lehenago. Udaran egitasmo polit bat (aurretik enkargua emanez) iluntzerakoan
eskalatu eta eguna Arritxulo aterpean afari eder batekin eta noski dagozkion
garagardo sortarekin amaitzea izan daiteke.
Bidea
oso ongi ekipatua dago kimikoekin. Justu behar diren tokietan daude. Zailtasuna
eskuragarria da eta bilgune guztiak erosoak dira. Bere 3 minutuko hurbilketa “luzeak”
hurbilketa luzeak gustuko ez dituzten horientzat erakargarri egingo dutelakoan
gaude. Itzulia ere oso erosoa da. Ekipatzaileek itzultzeko bidea garbitzen lan
ederra hartu dutela nabari da.
Bidea
amaitzerakoan, azken bilgunetik, eguraldiak laguntzen badu guri gertatu
zitzaigun bezala, kontrastez beteriko paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Alde
batean itsasoa eta bestean Pirinioak zuri-zuri, elurtuta. Benetan paisai
zoragarria. Horrengatik soilik merezi du bidea egiteak.
Laburbilduz,
gozoki hutsa. Umeak eramateko edo bide luzeetako hastapen ikastaroak egiteko
bide aproposa ere izan daiteke. Sarritan errepikatuko den bide horietako bat
izango dela uste dugu.
Iristeko: Oiartzun herrira joan eta bertan Lesaka aldera (edo Arditurrira) doan
GI-3420 errepidea hartu. Ergoien auzoa pasa eta Aritxulegi mendatea igo. Bidea
Km8 kartela baino 100 metro aurrerago dago. Errepidearen ertzean kotxe
batentzat lekua dago, baina hobe da beste 500 metro aurrera egin eta tunelaren
edota aterpearen inguruetan aparkatzea.
Hurbiltzeko: Oinez errepidetik jaitsi (5 min). Hesira igo eta zeharkatu ondoren bidezidorretik
bidearen hasierara igo (3min).
L1 (35 m, 8 aseguru, 4b). Bi hormatxoz banandutako plaka etzanen segida
diagonalera iritsi arte. Ondoren zati bertikala, baina euste leku onekin.
L2
(25 m, 4 aseguru, 3c). Euste leku oneko
plaka etzana. Hasieran gorantz eta ezkerrera egiten duen zeharkaldi bat eginez
igo behar da eta ondoren dena zuzen.
L2-L3. Hurrengo
hormaren oinarrian ipini arte oinez 15-20 m inguru egin.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Zertxobait kanpora botatzen duen 5-7 metroko horma bertikala, baina euste
leku onekin (4c-ko zati laburra). Hasierako horma gainditzerakoan bidea
zertxobait etzan egiten da eta erosoago igotzen da. Zertxobait eskuinera eginez
zuzen igo.
L3-L4. Oinez 25 m inguru egin.
L4 (55 m, 9 aseguru, 4a). Zeta handi bat egiten duen luzea. Hasieran harmaila
etzanak ur-arrasto baten ezkerrean dagoen erresalte txiki batera iritsi arte.
Erresaltea igo (ongi babestua gertu dauden bi aseguruekin) eta ur-arrastoa
horizontalki zeharkatu. Lurrez zertxobait jantzita dagoen zati batetik zehar eskuin
aldera egiten duen zeharkaldi horizontal batek (oso erraza) bilgunera eramango
gaituen azken plaka etzanean uzten gaitu. Sokaren marruskadura nahiko nabaria
da. Eraman zinta luzeak luze honetarako.
L4-L5. Oinez 25 m inguru egin.
L5 (20 m, 4 aseguru, 3a). Arroka trinkoz osatutako plaka oso etzana.
Bidearen bigarren zatia hemen: "Basurdeen begiratorkia 2. zatia"
Jaitsiera: Azken bilgunetik irten eta aurkituko dugun bidezidorretik Aiako Harriko Erroilbide gailurrera igotzen den bidea aurkitu arte igo. Otez osatutako zatia da, baina ekipatzaileek ongi garbitu dute eta ote adarretan ipinitako plastiko zatiz adierazita dago (nabari da lan handia egin dutela). Ez du galerarik. Erroilbidera igotzen den bidera iristerakoan, eskuinera egin eta Arritxulora jaitsi. Guztira 20 min inguru.
Behar
izatekotan, bideko bilgune guztietatik arazorik gabe rapela daiteke.
Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak soberan daude,
ez dira behar.
Arroka:
Granito zaharra.
Orientazioa:
Hego mendebaldea.
Iraupena:
1h30min.
Nork
ekipatua: Juanillo eta Cesar Atorrasagasti (laguntzaileak
Alberto Fernandez eta Stig Larrañaga), urria/azaroa 2015.
Lehenik, mila esker zure blogarengaitik. Blog honetako bide dexente egin ditugu eta oso oso erabilgarria egin zaigu. Zalantza bat dut L4 luzeak 55 metro dituela jartzen du, Oinezko 25m-ak kendu behar zaizkio? edo denetara 80 metro dira?
ResponderEliminarKaixo,
ResponderEliminarGuk larunbatean eskalatu genuen eta bide ederra da, nire ustez (eta ni ez naiz bere burua eskalatzailetzat duena) bideaten zailtasuna zertxobait goitik graduatua dago eta orokorrean III graduaren baitan dagoela esango nuke.
L4 luzeak 55 metro ditu sokarekin egiten direnak, hurbilketarako 25 metroak kenduta. Dena den, soka motzagoak eramaten badituzue, ensanblean erraz egin daiteken luzea da.
Milesker Xabier egiten duzun lanarengatik eta eman eurreeeee.
Smithy
Zer kasualitate. Gu ere hortik ibili ginen larunbat goizean.
ResponderEliminarBidea asko errepikatuko denaren adibidea bertan ikusi genuen. Gu hamaikak inguru iritsi ginen eta bidera sartu zen bostgarren kordada izan ginen.
Errepidean, bidera igotzeko hasieran, harategietan jartzen diren horietako txanda hartzeko makinatxo bat jarri beharko da (je, je).
Bidea egin eta gero Erroilbideko mendebaldeko ertza egin genuen, hor bai gu bakarrik. Egun polita suertatu zitzaigun eta gozada bat izan zen bi bideak elkartuz Erroilbidera igotzea.