© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2021/04/06

Alboko bideen antzekoa. Maila eskuragarria, zailtasuna nahiko jarraitua eta, orokorrean, arroka ona. Lehenengo luzeak jarraitzeko gogoak kentzen ditu, baina bigarren luzetik aurrera asko hobetzen da gauza. Eskalada bertikalagoa bihurtzen da eta begetazioa luzeetatik desagertzen da. Bide osoa ekipatuta dago parabolta eta arroka-zubiekin.

Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara (ikus argazkia). Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Hormetara iristerakoan eskuin aldera jarraitu lehortutako erreka bat aurkitu arte (euri asko egin duenean, batzuetan, ura eramaten du). Erreka zeharkatu eta 50 m  inguru oinez jarraitu. Soilik ezkerrean geratzen zaigun maldatik igotzea faltako zaigu. Guztira kotxetik 20 min inguru.
Susi, Lore festa eta Txomin bideak dauden zirkotik kanpo (eskuinean) dago Elmer bidea. Erreka zeharkatu eta berehala igotzen hasten bagara bide horiek dauden zirkoan amaituko dugu.

L1 (35m, 9 aseguru, 4c). Lurrez jantzitako kanala. Ondoren hormatxo bat. Gero plaka etzanagoetatik jarraitzen du luzeak bilguneraino. Hasierako kanalaren amaieran eskuineko parabol lerroa jarraitu behar da. Ezkerrean ikusten direnak beste bide batenak dira.
L2 (40m, 9 aseguru, 5b). Bilgunetik irten eta arroka-zubi batekin babestutako plaka oso etzan batetatik (zati erraza) 15 metro inguru igo behar dira plaka bertikalaren oinarrian ipintzeko. Lehenengo zatia ur-tantez osatutakoa. Jarraian beste plaka bat aurrekoa baino bertikalagoa. Ongi babestutako pasabide fin bat bilgunera iritsi baino lehen. Aseguruak gertu daude eta A0-n egiteko aukera dago.
L3 (40m, 11 aseguru, 5a). Plaka etzan batetik 4-5 egin behar dira lehengo asegururaino iristeko. Ondoren luzeko pasagune gogorrena duen hormatxo bat. Euste-leku ugariak dituen plaka bertikal batetik jarraitzen du. Bederatzi eta hamargarren aseguruen arteko distantzia apur bat luzea. Zatia erraza da, baina ongi etor lezake friend ertain edo zintaren bat.
L4 (30m, 8 aseguru, 4c). Bilgunetik irten eta oinez 15 metro inguru egin hurrengo plakaren oinarrira iristeko. Bilgunea parabolt batez osatua. Luzea plaka etzan batzuekin hasten da. Gero horma bertikal bat, baina euste-leku ugariekin. 
Bilgunetik ezker aldera 80-100 metro oinez egin bi enbor dituen haritz batetaraino. Bere oinarritik bi parabolt lerro ikusten dira. Gurea eskuinekoa da.
L5 (45m, 12 aseguru, 4c). Lehenengo metroak nahiko etzanak. Arroka zubi bat aurkituko dugu lehen metro hauetan, baina ia hobe ez txapatzea, gero soka marruskadura handia hartzen du eta. Lehenengo parabolta urruti. Parabolt hori txapatu ondoren, euste-leku ugari eta oneko plaka bertikal batetik jarraitzen du luzeak. Luze honetako arroka luxu bat da. Bilgunea gandorrrra irtetean aurkituko dugu.L6 (20m, 2 aseguru, 3b). Kresta erraza, amaieran ongi babestutako hormatxo batekin. 

Eskalatzen jarraitzeko gogoarekin amaitu badugu, Antxonen krokisak dio 200 metro gora eta eskuin aldera ibilita 5c maila duen azken luze txiki bat dagoela (20 metro). Luzeak goi goian uzten digu.





Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo (mugarri batzuk badira). Goian ezkerraldera jo eta Azor-eko bide arruntetik oinez jaitsi.Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.
Jaitsieraren krokisa hemen uzten dizuet: 

  
R4-raino bidetik erraza da jaistea (bilguneak bi parabolt eta bi eraztunekin osatuak daude). R5-etik aurrera hobeto da goitik irtetea.

Materiala: 12 zinta + bilgunetarako materiala. Bi edo hiru friend ertain eta zinta luze pare bat zerbait ipini nahiko bagenu.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h15min
Ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi




Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

2 comentarios:

  1. Aupa Xavier! Noizko zure krokis guzti hauek liburu batean? :) Pirineo Norteko liburua mundiala da, ta ildo berean Euskal Herriko eskalada luze eta errezen bilduma bat faltan somatzen da. Milesker zure lanagatik eta animatzen zaitut EHko eskalada luzeen bilduma egitea. Esker mila benetan! Iker

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Kaixo
      Eskerrik asko gorespen horiengatik, baina oraingoz ez dut asmo hori,
      Egia esatekotan, noizbait burutik pasa zait, baina liburua ongi osatzeko bide pilo bat faltan botatzen ditut. Agian aurrerago.
      Ongi izan.

      Eliminar