Udazkenarekin ongi amaitzeko eta negua gorria iritsi
baino lehen, eremu eder honetara itzultzen gara Sendero Limiteko kideek
ekipatutako azken bide batzuk egiteko asmoz. Egun eguzkitsua suertatu zaigu eta
Bainuetxe aldera dauden bistak, zuhaitzen hostoen kolore hori-gorriekin,
benetan zoragarriak. Horrelako une txiki hauek egiten dute bizitza atsegina.
Hemen agertzen diren bi bideetan, bideen oinarrian,
parabolt bat aurkituko dugu zinta laranja eta bidearen izenarekin.
Iristeko: Panticosako Bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra aterpearen aurrean
dagoen aparkalekuan kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Casa de Piedra aterpearen atzetik eski pistak inguratu eta 2 min-ko
hurbilketa “nekagarri” batek bidearen oinean utziko gaitu.
3ª vía del Nano (6a, 100 m, derrigorrez 5c/A0)
Sendero Limiteko kideen beste bide bat. Beti bezala ongi
ekipatutakoa eta kalitate oneko arroka.
Luzeek zailtasunak bertan mugatzen diren zati bertikal motzak dituzte.
Beste guztia nahiko etzana eta gozatzekoa.
Egileek markatzen dutena baino gogorragoa iruditu
zitzaigun hirugarren luzea. Ongi estutu behar den tarte bat dauka. Bilguneak
erosoak dira eta erlaitz handietan daude.
Bidea goian dauden beste hiru bideetako batekin (“Escalera
de color”, “Espolón del Rebollón” edo “Boletus”) konbina daiteke.
L1 (30 m, 8 aseguru,
5c). Horma bertikal bat hasieran. Hormaren goiko zatian
kanpora botatzen apur bat. Zati hau arroka hotza eta hezearekin aurkitu genuen.
Lehorra dagoenean hobeto irteten dela uste dugu. Ondoren plaka etzanak.
Seigarren aseguruaren parean itsasgarritasunezko pasagunetxo bat dago, baina txapa
goian geratzen da eta segurtasunez egiten da.
L2 (25 m, 7 aseguru, 5b). Horma
bertikal motz bat hasieran. Ondoren aldapa etzanak. Azken zatian, eskuin
aldera, erlaitz batetik, kanal beltz baten oinarrian jarri arte zeharkaldia
egin behar da.
L3 (25 m, 9 aseguru, 6a edo 5c/A0). Euste-leku
onak dituen plaka bertikala hasieran, baina ondoren orduan eta txikiagoan
egiten joaten dira. Zati gogorra 4 eta 6 aseguruen artean, eskuentzat gauza
gutxirekin eta kanpora botatzen duelarik. Seigarren aseguruak sokatxo bat
jarrita dauka eta pasagunea A0 modura egiteko primeran dator. Seigarren
asegurutik eskuin aldera irten. Bilgunera iristen garen heinean plaka etzaten
doa.
L4 (20 m, 3 aseguru, 3c). Harmaila etzanak. Azken zatian gutxi zehaztutako
ezproi batetik igo behar da. Azken bilgunea pinu handian egiten da.
Jaitsiera: Oinez. Goiko bideren bat egiteko asmorik ez badugu, ezker aldera
eta behera egiten duen bidezidorra hartu
beharko dugu aparkalekura jaisteko. Guztira 10 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 9 zinta + bilgunerako
material. Fisuak eta friendsak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa
Orientazioa: Hego mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Lucus Morale, Julio Benedé y Luis Royo,
2019.
Escalera de color (5c, 110 m, derrigorrez 5b)
Bide polita. Ustekabe atsegina
eraman genuen. Egileen krokisean eskaloi (plataforma) handi batzuk agertzen
dira eta pentsatzen genuen eskala ez zela oso jarraitua izango. Oker ginen.
Bidea nahiko jarraitua da eta bide polit eta gozagarri bat eskalatu duzunaren
sentsazioarekin geratzen zara. Luze politenak L2, L3 eta L4. Niretzat politena
L2a. Bide guztiz gomendagarria.
Beheko edozein bideren
amaieratik hurbilketak 8-10 min suposatuko digu. Mugarriak jarraitu behar dira.
Igoeraren bide erdian gezien bidez adierazitako bidegurutzea aurkituko dugu.
Ezkerretik “Escalera de Color” bidera hurbiltzen da; eskuinetik “Espolón del
Rebollón” eta “Boletus” bideetara.
L1 (25 m, 4 aseguru,
4c). Euste-lekuak dituen plaka bertikala. Azken aldera etzan
egiten da. Zuhaixkak zertxobait ezkutatzen duen deskuelgea dago (katez
elkartutako 2 parabolt eta jaisteko mosketoia bat).
L2 (30 m, 9 aseguru, 5b). Plaka fin
luze bat non oinak ongi kokatu behar diren. Pasaguneen zailtasuna 5a mailaren
inguruak ibiliko da, baina plaka luzea delako eta zailtasun maila mantendua
delako 5b mailako luzea irteten da. Ongi babestutako luze oso polita.
L3 (35 m, 12 aseguru, 5c). Euste-lekuak dituen plaka hasieran. Ondoren euste-lekuak
dituen zeharkaldi horizontal bat eskuin aldera, baina zertxobait kanpo aldera
botatzen duenez garrantzitsua da oinak ongi jartzea. Tarte bertikal batetik
jarraitzen du, baina eskuentzat postontzi moduko eta oinentzat erretilu moduko euste-leku
oso onekin. Bikoteen arteko komunikazio arazoak ematen dira (bailarako uharrek
sortzen duten zaratagatik). Azken 6-7 metroak oso oso etzanak (asegururik
gabe).
L4 (20 m, 4 aseguru, 5b). Euste-lekuak dituen plaka bertikala, baina
zertxobait kanpora botatzen du. Ezkerretik eskuinera igotzen da. Azken 5-7
metroak oso oso etzanak (asegururik gabe).
Jaitsiera: Oinez. Mugarriak eskuin aldera jarraitu. Casa de Piedra aterpetik
Bachimaña aterpera doan GR11 bidean utziko gaituzte. Aparkalekura iritsteko 30
min inguru beharko ditugu.
Materiala: 12 zinta + bilgunerako
material. Fisuak eta friendsak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa
Orientazioa: Hego mendebaldea.
Iraupena: 1h45min.
Nork ekipatua: Luis Royo, Carlos Budría eta Julio
Benedé, 2017.
0 comentarios:
Publicar un comentario