© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/10/24

Antxon Gorrotxategik ireki eta ekipatutako azken bidea. Oraingo honetan Garoa Unanueren laguntzarekin. Lehenengo luzea izan ezik bidea nahiko homogeneoa da zailtasunean. Edertasunean bidea gutxitik hobera doa. Oraindik ukitu “basatia” duen bidea da. Hautematen da oraindik berria den bidea egiten ari zarela. Hori dela eta lehenengo luzeetan arrokari erreparatu behar zaio, baina hirugarren luzetik aurrera kalitatea asko hobetzen da eta arroka trinko eta itsasgarria aurkituko dugu. Jendeak bidea errepikatu ahala beheko luzeak hobetzen joango dira. L5eko plakak eta L6ko ur-tanten zatia, oso politak. L3 ere oso polita. Azken luze honetan arrokak ez du konfiantza gehiegi ematen, baina ematen duena baino askoz hobeagoa da. Luze bertikala da, baina euste leku ugari, on eta handiekin.
Bidea nahiko ekipatua dago, baina aseguru finko asko arroka-zubietan ipinitako zintak dira. Orain ez, baina denborarekin zinta sorta bat eraman beharko da arroka-zubi horiek sendotzeko edo, agian, bateren bat aldatzeko.
Bilgune gehienak arroka-zubiz sendotutako eraztundun parabolt batez osatuta daude eta besteak altzairuzko kablez hornitutako arroka-zubiak dira. Bilguneak, orokorrean, erosoak dira R6 izan ezik.
Bidea guztiz gomendagarria da. Antxonen aurreko bide asko bezala, hau ere klasiko handi bat bihurtuko dela ziur nago. Hemendik Antxon Gorrotxategi egiten ari den lana goraipatu eta eskertu nahi dut hainbeste bide ireki eta ekipatzeagatik. Eskertzekoa da hartzen duen lana, gero besteok gozatu ahal izateko.
Azken aholkua. Jaitsiera harrobi barrutik egiten denez, bidea hau asteburuan egitekoa da, harrobia itxita dagoenean. Larunbata arratsaldea aproposa izan daiteke, baina hobe igandean egiten bada, harrobia guztiz itxita egoten baita egun horretan.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ziordia herrira hurbildu. Harrobira igotzen den errepidea hartzen badugu, berehala hesi bat aurkituko dugu. Hesi hori ingura daiteke herrira sartu eta bertan dagoen pista bat hartzen badugu (ikus argazkia). Pistatik harrobira igotzen den errepidera irteten da (hesia gainditu ondoren) eta kotxearekin harrobiaren sarreraraino hurbiltzeko aukera izango dugu (hesia eta sarrerako txabola). Horrela hurbilketari 10 min kenduko dizkiogu (errepidetik oinez igo beharrekoak). Kotxea aparkatu.


Harrobiaren sarreran, ezker aldean, hormetara doan bidea adierazten duen kartela dago (“camino del Peñon” seinalatzen du). Bideak harrobia inguratzen du eta pista batean uzten gaitu. Pistatik igo eta ondoren bidezidor batetik bidearen oinarrira iritsi arte igo. Bidearen hasiera erraz identifikatzen da lehenengo arroka-zubiko soka zatiarengatik. Kotxetik, guztira, 25 min inguru dira.
Iñaki Zuzaren "Mendiak eta eskalada" blogean bidera nola hurbildu eta bidetik nola jaitsi oso ongi adierazten duen satelite-argazki bat dago (lotura argazkira).

L1 (35 m, 3 aseguru, 3c). Luzeari gradua ematen dion pasagunetxo bat duen plakatxoa hasieran (orain parabolt batekin ongi babestua). Ondoren nahiko erraza den (II) zati luzea, baina zerbait ipini behar da bertan. Trantsiziozko luzea da. Ez desanimatu ondoren baitator onena. Lurrez zertxobait jantzitako luzea, baina hala eta guztiz ere ekipatzaileek eginiko garbiketa lana nabari da. R1 bilgunea altzairuzko kablez hornitutako arroka-zubian.
L2 (40 m, 5 aseguru, 4c). Bloke handiko plaka bertikala. Lehenengo asegurua 8-10 metrotara. Erlaitzetan nahiko harri txiki solte ugari dago. Kontuz bikoteari zerbait botatzearekin. Denborarekin garbitzen joango da. R2 bilgunea arroka-zubiarekin sendotutako eraztundun parabolta.
L3 (40 m, 9 aseguru, 4c). Hasieran, plaka bertikalera iritsi arte, harmailak. Lehenengo asegurua (arroka-zubi bat) 8-10 metrotara dago, baina zatian autobabesteko aukerak daude. Plaka bertikalaren zatiak euste-leku on, ugari eta handiak ditu. Bilgunera iritsi baino lehen, plakatxo batean, ongi babestutako pasagune fina. Luzean paraboltak eta arroka-zubiak tartekatzen dira. Hasiera batean, begi bistaz, zati batzuetan, arrokak ez du konfiantza gehiegi ematen, baina egia esateko ematen duena baino hobeagoa da (ekipatzaileek garbitzen lan ederra hartu dela nabari da). 
L4 (30 m, 0 aseguru, II). Pinturazko puntu gorriak jarraitu. Bilgunea altzairuzko kablez hornitutako arroka-zubian.
L5 (20 m, 3 aseguru, 4b). Arroka trinkoz osatutako bi plakatxo jarraian. Bilgunetik ezker aldera irten aldapa bati jarraituz plaken azpian jarri arte. Lehenengo plaka zertxobait luzatuz eta plakak duen zulotxo baten laguntzaz gainditzen da. R4 bilgunea bi parabotez osatua.
L6 (40 m, 8 aseguru, 5a). Pitzadura batzuen laguntzaz igotzen den plaka hasieran. Ur-tanten azpian ipini arte igo. Zati honetako lehenengo 10 metroak garbiak daude eta zerbait ipini behar da autobabesteko. Ondoren ur-tantez osatutako plaka zoragarri bat. Bertan zailtasuna handitik txikira doa. Ondoren, bilguneraino, plaka bertikala. R6 bilgunea altzairuzko kablez hornitutako arroka-zubian.
L7 (15 m, 2 aseguru, 4b). Goiko partera irteteko balio duen luze laburra. Harmailak hasieran eta ondoren plakatxo bat eta jarraian diedrotxo labur bat. R7 bilgunea arroka-zubiarekin sendotutako eraztundun parabolta.



Jaitsiera: Karst ertzetik eskuin aldera (harrobi aldera) egin bidezidor baten arrastoak jarraituz. Bidea pintura gorriarekin eta mugarriren batekin markatuta dago. Ordu laurdenean harrobiaren goiko aldean egongo gara. Harrobi barruko pistetatik jaistea soilik geratzen zaigu. Guztira itzulerak 45 min. inguru suposa dezake.

Materiala: 10-12 zinta + bilgunerako materiala. Bagak, fisuak eta friendsak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Ekialdea.
Iraupena: 2h45min.
Nork ekipatua: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue, 2015.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

5 comentarios:

  1. Aupa Xabier!!!!

    Kasualitatea!!!! Gaur goizean "Irati" bidea eskalatzeko gelditu eta a zer ezustekoa atzo bertan bidearen deskribapena idatzita zenuela ikusteak. Ederki etorri zaigu (betiko moduan) eta zuk esan bezala bide ederra da, klasiko izatea deitua. Ahal izan dugun guztia garbitzen joan gara baina oraindik harri txiki asko dago garbitzeko.

    Gainera bidea eskalatu ondoren a ze ezusteko atsegina honen eskuinean ziurrenik Antxonek irekitako beste bide baten amaiera ikusi dugunean. Ea noiz frogatzen dugun.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo Xabi
    Eskertzen dut krokisa lagungarri izatea. Egia da eskuinean Antxon (Garoarekin batera) beste bide bat ekipatzen ari dela, baina oraindik ez du amaitu (beheko luzeak garbitzea eta ekipatzea falta omen zaio) eta hori dela eta eskatu zidan ezer ez komentatzea. Eguraldiak uzten badio agian udazken honetan amaituko duela dio, baina seguruenik ez da hurrengo udaberri edo udara arte prest egongo.
    Ongi izan.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Milesker informazioagatik!!!

      Itxarongo dugu orduan, ez dago presarik. Gainera ez zait ongi iruditzen ekipatzaile berak ontzat eman eta bidearen berri eman aurretik besteok bertara joan eta bidearen berri ematea. Nahikoa badugu Antxonek egiten duen lanaz aprobetsatzearekin.

      Ondo izan.

      Eliminar
  3. Oso politxa.....asko disfrutau dou bia hau eskalatzen.....zorionak!!!!!

    ResponderEliminar
  4. Pozten naiz, baina meritua ez da nirea Garoa Unanue eta Antxon Gorrotxategirenak dira, beraiek ireki eta ekipatu baitzuten bidea. Nik bidea egin, ... zuk bezala disfrutau eta ... gero egin dudan gauza bakarra, krokisa egitea da.
    Ongi izan.

    ResponderEliminar