© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/11/18

2015ko abenduak 20ean eguneratua.
Gomendagarria den semiekipatutako bidea. Orain ia guztiz ekipatua dago, lehenengo bilgunea izan ezik, beste guztietan eraztundun parabolt bat gutxienez aurkituko dugu eta gehienetan arroka-zubi batez sendotuta. Bidea gutxi definituta dagoen espoloi batetik doa. Espoloi hori Egino eta Ziordia herrien artean kokatuta dago. Bidea erraza da, baina izaera alpinoa du eta Antxonek Eginon ekipatu dituen beste bideen estilokoa da. Ohiko lekuetatik apur bat urrun dagoenez egun lasai baterako bide aproposa da, estutasunik eta presik gabeko eskalada baterako oso egokia. Aurreko horri hurbilketa eta itzulera luzeak gehitzen badizkiogu (itzulia ongi markatutako bidetik egiten da), egun osorako irteera polit bat izango dugu. 
Lehenengo luzearen hasierako metroek uzten duten inpresioak ez du jarraitzera animatzen. Arroka, gehien bat hasierako zatian, ez da oso ona eta gainera luzea begetazioz nahiko jantzia dago. Burutik pasatzen zaizun lehenengo gauza "dena horrela bada, ni jaitsi egiten naiz" da. Ez utzi engainatzen, inpresio okerra da. Lehenengo luzetik aurrera arroka ona da. Arrokaren kalitateaz gain, bidearen zailtasun baxuak berehala ahaztarazten du lehenengo inpresio txar hori eta zereginean sartuta asko disfrutatzen da. Bidearen zailtasun baxuak autobabesak ipintzen ikasten hasteko bide aproposa bihurtzen du. Antxon eta adiskidearen beste opari polit bat.

Iristeko: Egino herrira hurbildu.

Hurbiltzeko: (Ikus eskema). Hormetara doan bidea hartu eta,berehala, granja batera doan lurrezko pista hartu. Bigarren ataka metalikoan, pasagune kanadarra duen horretan, pista bitan banatzen da. Behera egiten duena, eskuinekoa, hartu behar da. Pistatik jarraitu eta, basoaren soilgune batean dagoen zelai bat pasa ondoren, kolore gorrixka berezi bat duen hartxingadi baten aurrean amaitzen da pista. Gure eskuinean orratz txiki bat ikusiko dugu. Inguratu egin behar da. Bere oinarrian, horman margotuta, pintura gorriz eginiko puntu bat ikusiko dugu. Gorantz emeki eginez, hartxingadia zeharkatu behar dugu. Hartxingadiaren erdian gaudenean gorantz begiratzen badugu, aurrez aurre Iturrimurriko espoloia ikusiko dugu. Ez da oso definituta ikusten, baina justu aurrean, goian, geratzen dena da. Hartxingadiaren amaieran, bideak beste hartxingadi batetik igotzen jarraitzen duela ikusten dugunean eta gure helburutik aldentzen ari garela nabaritzen dugunean, mugarri bat aurkituko dugu. Ezkerrean, apur bat gorago, puntu gorri bat ikusiko dugu. Leku horretan bidea utzi, espoloi aldera biratu eta ipinita dauden puntu gorriak eta mugarriak jarraituz igotzen hasi behar gara. Bideak zig-zag eginez gora egiten du. Hasieran apur bat eskuinera jotzen du, baina gero, ia amaieran, ezkerrera biratuz hormaren oinarrira hurbiltzen gaitu. 25-30 minutuko igoera batean bidearen hasieran gara. Horman bidearen izena adierazten duen plakatxo gorri bat aurkituko dugu. Kotxetik, guztira, 35-40 minutu inguru. 



L1 (45 m, 7 aseguru, 4c). Arrokari arreta ipini behar zaion gutxi definituriko espoloia. Bilgunea zuhaixka baten enbor moztu batean egiten da. Lehenengo luze honek uzten duen inpresioak ez du jarraitzera animatzen, baina lasai, hemendik aurrera gauza guztiz aldatzen da eta bigarren luzetik aurrera arrokarekin disfrutatzen da. Urrutiraketaren bat autobabesekin babestu beharra dago.
L2 (35 m, 8 aseguru, 4b). Bideak arroka txarrarekin nabari den espoloia utzi eta bere ezkerrean geratzen den plaka bertikal labur batean sartzen da. Euste-leku oso onak eta oso ongi babesturiko luzea (aseguruak oso gertu). Bilgunetik irten eta eskuinetik ezkerrera gorantz zeharkaldi labur bat (8 metro ingurukoa) egin plaka bertikalaren oinarrian ipintzeko. Plakatxo bat hasieran, euste-lekuz beteriko beste zati bat eta, azkenik, beste plakatxo bat gainditu ondoren bilgunea baino metro batzuk beherago dagoen erlaitz handi batera irtengo gara. Azken metroak errazak.
L3 (35 m 3 aseguru, 3c). Arroka trinkoz osatutako plaka etzana hasieran. Ondoren euste-leku eta pitzadura ugari dituen arroka trinkoz osatutako espoloi etzana. 
L4 (35 m, 2 aseguru, 3b). Euste-leku eta pitzadurez beteta dagoen arroko trinkoz osatutako espoloi etzana. 
L5 (35 m, 4 aseguru, 4a). Belarrezko kanal etzan baten eskuinean dagoen espoloitxo batek (margotutako puntu gorriz adierazita dago) arroka trinkoz osatuta dagoen eta organo tutu zabalak dituen plaka batera (ezkerrean dago) hurbiltzen gaitu. Plaka oso polita eta oso ongi babestua. Luzea motza egiten da. 





Jaitsiera: Azken bilgunetik pinturazko puntu gorriak jarraituz gora igo. Trepada labur batek katuak modu eroso batean kentzeko aukera emango digun leku batean uzten gaitu. Aldatu ondoren, puntu gorriak jarraitu behar dira. Pintura arrastoak jarraituz, baso karstikotik barrena, oso bistakoa den lepo zabal bateraino jarraitu behar da. Bertan Egino aldera jaitsiera adierazten duen plakatxoa dago horman itsatsita dago.Modu argi batean behera egiten duen bidezidor bat aurkituko dugu. Bidezidor hori hartu eta puntu eta gezi gorriak jarraitzea soilik geratzen zaigu. Bideari jarraituz berrogei minututan, gutxi gorabehera, orratzaren oinarrira iritsiko gara. Igoeran erabili dugun pistatik jaistea soilik geratzen zaigu. Guztira 1h inguru beharko ditugu kotxera itzultzeko.

Materiala: 9-10 zinta + bilgunerako materiala. Bagak, friends ertainak eta fisurero joko bat. 
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h15min.
Ekipatzaileak: Gontzal Avila eta Antxon Gorrotxategi, 2012.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

1 comentario:

  1. Aurreko asteburuan egon ginen eta berrikuntzak zeudela ikusita (adibidez, orain bilgune guztiak ongi definituta daude) goiko sarrera eta krokisak eguneratu ditut.

    ResponderEliminar