© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/12/13

Gipuzkoako Foru Aldundiko eskalada araudian agertzen da DEBEKUA.

Aiako Harrian ohikoa den granito zaharrean burutzen den abentura eremuko bidea. Zailtasunak L1, L2 eta L3 luzeko hiru zati bertikaletan zentratzen dira. Beste guztia nahiko erraza da eta zati belartsuetatik eta krestetatik doa. Hori bai, zati batzuetan arrokarekin arreta izan behar da.
Bidea hau berriagoa den “Basurdeen begiratokia” (I eta II) bidearekin elkartzen badugu eskalada egun polit bat lor dezakegu, ongi ekipatutako bide erraz bat (“Basurdeen begiratokia”) eta abenturako bat konbinatuz. “Basurdeen begiratokia” bideko azken bilgunetik Mendebaldeko ertzaren oinarrira igotzeko 20 min eskas behar dira igoera eroso batean.

Iristeko: Oiartzun herrira joan eta bertan Lesaka aldera (edo Arditurrira) doan GI-3420 errepidea hartu. Ergoien auzoa pasa eta Aritxulegi mendatera igo eta tunelaren edota Arritxulo aterpearen inguruetan aparkatu.

Hurbiltzeko: Erroilbidera igotzeko ohiko bideari jarraitu. Bidearen hasierara iristeko 40-45 min inguru beharko ditugu.

L1 (45 m, 0 aseguru, 4b). Plaka etzana hasieran. Pitzadura-diedroa dagoen tokiraino igo. Pitzadura onak daude friendsak ipintzeko, baina komeni da zinta luzeak erabiltzea gero sokak marruskadura gehiegi ez izateko.
Pitzadura-diedroa gainditu eta bere ezkerretik erlaitz belartsu batera irten. Eskuinetik bidea uzteko aukera dagoela ematen du (baieztatu gabe). Zati belartsu batetik bilguneraino igotzen jarraitu (trepada)
Bilgunea osatzeko soka duen iltze bat aurkituko dugu. Pare bat metrotara, bere eskuinean, bilgunea friends txiki/ertainekin osatzeko oso egokia den pitzadura horizontal oker bat dago.
L2 (30 m, 1 aseguru, 4b). Bilgunetik eskuinera irten. Kanal moduko bat aurkituko dugu eta bere ezkerrean arroka nahiko trinkoa duen plaka bat. Kanalaren oinarrian iltze zahar bat dago. Plakatik igo eta, egokia ikusten dugunean, krestara irten (gure ezkerrera). Krestatik igo. Arroka nahiko trinkoa du eta autobabesak ipintzeko aukera gutxi ematen du.
Kresta belartsu batera irtengo gara. Bilgunera iristeko azken 15 metroak oinez egiten dira. Bilgunea zinta batekin harkaitz handi baten mokoan egiten da.
Bidea uzteko aukera dago eskuinean dagoen kanal batetik destrepe txiki baten bitartez.
L3 (35 m, 2 aseguru, 5a).
Arroka trinkoz osatutako plaka bertikala. Ezkerrean geratzen diren pitzadura txikiren batean fisurero txikiren bat jartzeko aukera dago. Pitzaduraraino igo. Bere oinarrian friends txiki/ertaina bat ipini daiteke. Pitzaduran mosketoi bat duen soka zahar bat jarrita dago. Soka zatia pitzaduran eusten da korapilo bat egina duelako. Beraz egokia da pitzaduran, apurtxo bat gorago, friends bat ipintzea bideko pasagune zailena hobeto babesteko.
Pitzaduraren zatiak zertxobait kanpora botatzen du. Ezker aldetik hobeto gainditzen da. Pasagunea emateko estutu behar da.
Pitzadura gainditu eta berehala iltzeko zahar bat aurkituko dugu. Ez dut uste erorketarik eutsiko lukeenik, baina ezer egotea baino hobe, ezta? Ahal dugunean eskuinera pasa eta krestara irten behar da. Bertatik jarraitu. Zati hau nahiko erraza da, baina arrokarekin arreta izan behar da. Kontuz! Harkaitz zati nahiko handi batzuk kolpekatzen zirenean huts soinua entzuten zen nabari.
Bilgunea lurraren parean dagoen txapa beltzeko parabolt batean egiten da. Metro batzuk ezkerrera eta eskuinera beste parabolt para bat ikusiko ditugu. “Chimeneas superpuestas” bidearenak dira.
L4 (20 m, 0 aseguru, 3c). Euste leku onak dituen arroka trinkoz osatutako 4-5 metroko hormatxoa. Ondoren, belarrera irten arte, erraza.
Azken bilgunea belarrera irten baino lehen dagoen harkaitz baten mokoan egiten da



Jaitsiera: Azken bilgunetik gailurrera igo (5 min), Bertatik igoerako ohiko bidetik jaitsi behar da. Bidea hartzeko mendebaldera jaitsi behar da. Zertxobait aereoa den bidezidorra da eta zatitxo batean destrepe txiki bat du, baina erraza da eta ez du konplikaziorik. Kotxera itzultzeko 50 min inguru beharko ditugu.

Materiala: 6-8 zinta (batzuk luzeak) bilgunerako material. Bagak eta fisurero eta friends joko bana.
Arroka: Granito zaharra.
Orientazioa: Mendebaldea.
Iraupena: 2h.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

3 comentarios:

  1. Kaixo Xabier,

    "Eman erori arte" bidea ez da marraztu duzun hori. Marraztu duzuna "Chimeneas superpuestas" bideen barieanteetako bat da da. Eman erori arte puntu berean hasi baina zuzen gora doa, pitzadura eta diedrotxoak hartuaz. Hemen duzu horren inguruko informazioa: http://euskalherriatrad.blogspot.com.es/2014/12/erroilbide-aiako-harria-hego-eta.html

    Mila esker blog honetan egiten duzun lanagatik. Agur bat!

    ResponderEliminar
  2. Arrazoia duzu!!
    Zuen blogan argitaratutako berria irakurrita neukan, baina, jaitsi jaitsita, lehenengo argazkia bakarrik eta besteak ahaztuta neuzkan.
    Bide J.M Rodriguez liburan agertzen den "Chimeneas superpuestas" bidaren barianteetako bat da.
    Emaizkiazue egun pare bat eta zuzentzen dut akatsa.
    Ongi izan eta jarraitu horrela. Eskertzen da akatsen bat sartzerakoan norbaitek hain azkar zuzentzea.

    ResponderEliminar
  3. Gaur goizin egin degu basurdeen behiratokia ta segidan erroibideko mendebal ertza! Bigarren hau bikaina! Ederra da alpinismo piskat egitea etxe ondoan herritik atea gabe!!

    ResponderEliminar