© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/07/22

Bidea alboko Elmer bidearen antzeko da, hasieran nahiko zikina dago eta ez du jarraitzera gehiegi animatzen, baina lasai, bidea txarretik onera doa eta gauza asko hobetzen da gero. Landaretzak hartutako lehenengo luzea kenduta, beste luzeak arroka onekoak eta landare gabekoak dira. Bigarren eta hirugarren luzeak politak dira eta azken hirurak zoragarriak dira, kalitate oneko arroka trinko batetik zehar. Luze gogorrenetan, 5c-koetan, pasagune gogor bakarra dago eta zailtasunak baditugu A0-n egin daitezke.
Bidea egokia da udarako edo bero egiten duen egunetarako, arratsaldeko ordubietatik aurrera itzalak ematen baitio. Klasiko bat bihurtuko den bidea dela uste dut. Eskerrik asko Antxon.
Bidea berria da eta gutxi errepikatua dago. Beraz oraindik bada aska daitekeen blokeren bat. Bidea ongi ekipatuta egon arren ez da eskalada-eskola bateko bidea eta beraz derrigorrezkoa da arreta apur bat jartzea. Kaskoa derrigorrezkoa da.

Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara (ikus argazkia). Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Hormetara iristerakoan eskuin aldera jarraitu lehortutako erreka bat aurkitu arte (euri asko egin duenean, batzuetan, ura eramaten du). Erreka zeharkatu eta ezkerrean geratzen zaigun maldatik igo. Guztira kotxetik 20 min inguru.

L1 (50 m, 6 aseguru, 5b): Lehenengo 15 metroak grada erraz batzuetatik doaz baina asegururik gabe. Plaka baten oinarrira iritsiko gara. Bertan dago luzeko pasagunea. Behin gainditu eta gero bi arroka-zubirekin babestutako grada batzuetatik jarraitzen du. Azken 15 metroak errazak baina zikinak, lurra eta harri txintxarrekin. Kontuz ibili behar da behekoari harriak ez botatzeko. Bilgunea zuhaitz batean.
L2 (25 m, 6 aseguru, 4c): Gure eskuinera, hiru bat metrotara, dagoen fisura-diedrotik igo. Ondoren ur-tanta lodiko plaka etzan bat oinentzako erlaitz onekin,  baina ia ezer eskuentzako.
L3 (35 m, 13 aseguru, 5c): Bilgunetik irten eta ur-tantaz osatutako plaka bat. Gero plaka bertikal handi bat. Pasagunea plakaren hasieran dago eta aseguruak gertu daudenez posible da A0-an egitea.
L4 (40 m, 10 aseguru, 5c): Bilgunetik ezkerrera dagoen malda-kanal batetik irten. Lehenengo asegurua 7 metro ingurura, baina zatiak ez du zailtasunik. Horma baten azpian uzten gaituen ur-tantez osatutako plaka etzan batetara igo. Horman dago luzeko  pasagunea, baina aseguruak gertu daudenez A0-n egin daiteke. Pasagunea gainditu ondoren  eskuineko plakara pasa eta espoloitxo baten oinarriraino igo. Bilguneraino espoloitxotik jarraitu, oso etzana da. Azken 10 metroak asegururik gabe, baina zati oso etzan eta errazetik doanez ez dago arazorik.

Bilgunetik ezkerrera jaitsi. Hamar metroko plakatxo bat igo (II mailako pasagunea) eta goiko sorora irten. Gure eskuinean dagoen haritz handia erreferentzi modura hartuz, bere albotik pasa behar da eta bidezidor baten arrastoak jarraitu behar dira Udaberri bidearen plaka-espoloi deigarrira iritsi arte. Udaberri bidearen ezkerrean, plaka bertikal batean, parabolt lerro bat ikusiko dugu. Hori da hartu beharreko lerroa. Bosgarren luzea "kabi" moduko leku bildu batean hasten da eta bere ezkerrean kobazulo bat dago (ez da ikusten "kabian" egon arte).

L5 (40 m, 12 aseguru, 5c): Ur-tantez osatutako plaka batetik hasten da. Ondoren hormatxo bertikal bat dago, bertan luzeko pasagunea dagoelarik. Aseguruak gertu daude eta A0-n egin daiteke. Ondoren eskuineko ur-tantetara pasa eta bertatik seigarren asegururaino igo. Aseguru hau txapatzeko zertxobait deseroso geratzen da nahiko ezkerrera geratzen baita. Hemendik bideak, plaka batetik, igo eta ezkerrera egiten du trabesi bat egiten. Zati hau buzoi moduko euste-leku ugariz beteta dago. Pasagunetxo bat azken plaka etzanera igotzeko. Plakatxo honek, metro batzuk gorago, bilgunean utziko gaitu.
L6 (30 m, 5 aseguru, 4a): Gure gainean, goian, ikusten den hildako zuhaitza erreferentzi modura harturik, bere azpian dagoen kanal-diedrotik doa bidea. Bilgunetik 10 metro oinez egin diedroaren oinarri arte. Leku aproposa aseguratzeko. Buzoi moduko euste-leku ugariko diedrotik igo. Azken 15 metroak asegururik gabe arroka-zubiren batekin autobabesteko aukera handiak dituen plaka etzan batetik zehar. Azken bilgunea arroka-zubi batean.



R2, R3 eta R4 bilguneak paraboltekin eta bi eraztunekin ekipatuta daude. Beraz edozein arazoren aurrean bidea uzteko aukera egongo litzateke. Bosgarren luzetik aurrera egokiagoa da goitik irtetea.

Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo (mugarri batzuk badira). Goian ezkerraldera jo eta Azor-eko bide arruntetik oinez jaitsi.Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.
Jaitsieraren krokis on bat hemen aurki dezakezue: http://gorobeletikmundura.blogspot.com/2011/08/bajada-egino-jaitsiera.html  

Materiala: 13 zinta + bilgunetarako materiala. Friend ertain pare bat eta zinta batzuk arroka-zubiren batentzat.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h15min
Ekipatzailea: Antxon Gorrotxateg, 2011.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario